Matxismo digitalarekin kezkatuta daude udalak

Guaixe 2024ko mar. 7a, 11:00

Altsasuarrak kalean. ARTXIBOA

Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpenean manosfera delakoa salatu dute. Izan ere, Internet eta sare sozialen bidez, besteak beste, genero-rolak betetzen jarraitzea, gizonezko eta emakumezkoen arteko desberdinkeriak zalantzan edo genero indarkeria zalantzan jarri edo ukatzen direlako.

Ibarreko udalen batzarren gai ordenan Emakumearen Nazioarteko Eguneko erakunde adierazpena onartzeko puntua dago. Dagoeneko Altsasuko Udalak otsailaren 28an onartu zuen adierazpen hori, Isilarazi matxismoa izeneko kanpainaren parte dena. Hartan udalek manosferaren kontra, hau da, matxismo digitalaren kontra egiten dute. Toki erakundeek aitortu dutenez, "feminismoak ibilbide luzea egin du mugimendu sozial eta politiko gisa. Feminismoa ezagutza zientifikoa ere bada, sistema patriarkalari eusten dioten elementuak teorizatu eta kontzeptualizatzeko azterketa eta analisi ibilbide luze batekin". 

Hala ere, udalek azaldu dutenez, "mugimendu feministaren lorpen bakoitzak beti izan du erreakzio matxista bat, kontrako erantzun bat, ezarritako ordena sozialari eustea defendatzeko eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desberdintasun harremanak ezabatuko dituen benetako eraldaketa soziala saihesteko". Udala adierazpenak nabarmendu duenez, "erreakzio hori bereziki nabarmena izan da azken urteotan, batez ere aldarrikapen feministak agenda politikoan sartu direnetik". 

Manosfera 
Informazioaren teknologiek eta ingurune digitalek sortutako esparru batzuetan "erreferente edota programa feministen eta berdintasun arloko edozein aurrerapen edo lorpenen kontrako eraso antolatuak eta deskalifikazioak sustatzen" direla gaztigatu dute udalek. "Feminismoaren eta emakumezkoen kontrako gorroto diskurtsoa Interneten espazioak hartzen ari da". Udalek gaineratu dutenez, "inguru horretan antolatzen da matxismoa eta bertatik hedatzen dira mezu anti-feminista eta misoginoak. Gurean, Manosferako talde edo azpikultura bereizgarrienak dira: gizonezkoen eskubideen aldeko elkarte edo taldeak, sedukzioaren guruak, influencer eta eduki sortzaile antifeministak, foroak, incelak..."

Udal adierazpenean jaso denez, "matxismo digitala batez ere gazteengan eragina duen komunikazio eta harreman modu berria da. Ideiak eta interpretazioak azkar eta berehala hedatzen dira, eta mezuak etengabe sortzen dira, zehaztasunik eta inolako analisi edo eztabaida kritikorik gabe, horiek indartzen dituzten daturik edo ebidentziarik gabe". Udalen iritziz, "maskulinitate tradizionalaren eredua betikotzea xede duten gezurren eta fake news delakoen garaian bizi gara". Adierazpenean jasotakoaren arabera, maskulinitate eredu horren ezaugarriak lirateke: gizonezkoek eta emakumezkoek ezarritako genero rolak betetzen jarraitzea sustatzea; desberdinkeriak zalantzan jartzea; emakumezkoek gizonezkoak menderatu nahi dituztela iradokitzea; sexu indarkeria hutsaldu edo emakumezkoen kontrako indarkeria existitzen dela ukatzea; emakumezkoen askatasuna behin eta berriz zalantzan jartzea... Udalek kezka azaldu dute, mezu horiek pantailetatik erakundeetara ere salto egin dutelako: "aurrerapen berrien lorpena zailtzen dute, dagoeneko adostasun soziala zuten eztabaidak berriz ere zalantzan jarriz". 


Jendea Altsasun aterkiarekin euritik babesten. ARTXIBOA

Deserosoa 
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira onartutako adierazpenean, udalek nabarmendu dutenez, "berdintasuna deserosoa da bizi dugun gizartea birpentsatzera eta modu kritikoan aztertzera behartzen gaituelako. Ikasitakoa etengabe zalantzan jartzen du pertsonek askatasunez eta baldintzatzailerik gabe erabaki dezaketen eredu berriak eraikitzeko". Aldi berean, gogorarazi dutenez, "feminismoa, historian zehar emakumezkoen ahalduntzea bultzatu eta gizarte aldaketa handiak lortu ditu, oso kritikoa da ere maskulinitate hegemonikoarekin (tradizionala), eta hainbat hamarkada daramatza gizonezkoak interpelatzen". Udalen iritziz, "zuzeneko interpelazio horrek beldurra eta aldaketarekiko erresistentziak eragiten ditu gelditasunean erosoago dauden gizarteko sektore batzuetan". Horregatik udalek diote manosferak "bere burua zalantzan jartzeko eta aldatzeko beharrik ez duten espazio bat eskaintzen" diela hainbati, "arrakalatutako maskulinitatea leheneratzeko aukera ematen diena". 

Aldi berean, udalek nabarmendu dutenez, "Internet eztabaida publikoa polarizatu eta zigorgabetasuna errazten duen etsaitasunezko toki bihurtzen duen diskurtso horren aurrean, beharrezkoa da emakumezkoek lortutako eskubideak finkatzea bermatzen duten berdintasun politikak sustatzen jarraitzea, eztabaida publikoa errespetutik egitea sustatzea, agenda politikoan desberdinkeriak agerian utziz, aurrera egiten jarraitzeko". 


Altsasuarrak kalean. ARTXIBOA

Konpromisoak 
Martxoaren 8a dela eta, udalek "agerian utzi nahi dugu berdintasun politika publikoek eta feminismoak duten balioa, gizarte mugimendu eta mugimendu teoriko eta politiko gisa, emakumeek eta gizonek eskubide berak dituzten berdintasunezko gizarte libre baterantz aurrera egiteko". Toki erakundeek "benetako berdintasunerantz aurrera egiteko" beharra aldarrikatzearekin batera, konpromisoak hartu dituzte. 

Batetik, toki erakundeek "emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzen" jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Beti ere, "gure esku hartze eremuan politika publikoen bitartez eta udal arau, plan eta proiektu guztietan genero ikuspegia txertatuta". Horrekin batera, udalek "gure testuinguruan azterketa eta ikerketa feminista bultzatzen jarraitzeko" konpromisoa hartu dute, "pertsonen bizitzako esparru eta etapa guztietan dauden desberdinkeriak ikus arazteko". Horrekin batera, “mugimendu feministaren ekarpenak eta lana" aitortu dute, "bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko, erakundeekin hitz egiteko guneak sortuz". Azkenik, "adin guztietako gizonezkoekin esku hartzea bulkatzeko" konpromisoa hartu dute, "berdintasunezko maskulinitate ereduen eraikuntza sustatzeko".