XXI. mendeko txistu emanaldia

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko mar. 13a, 12:58

Burundar Txistulariak taldea 'Lau urte eta gero hau!' kontzertuerako entseatzen. UTZITAKOA

'Lau urte eta gero hau!' kontzertua emanen du Burundar Txistulariak taldeak martxoaren 16an, larunbata, Iortia kultur gunean. Duela lau urte bertan behera utzitako kontzertutik abiatu dira, zerbait "berritzailea eta desberdina" egiteko.

2020ko martxoaren 13an, COVID19 gaitzaren ondorioz alarma egoera eta konfinamendua ezarri zuten. 2020ko martxoaren 14an, Burundar Txistulariak taldeak Han eta hemendik. Egungo txistua kontzertua eman behar zuen Iortia kultur gunean. "Esfortzu handia egin genuen, entseatzeko jende guztia bildu genuen, lagunak laguntzera etorri ziren, sarrerak salduta zeuden... Mundua gainean erori zitzaigun", azaldu du Juan Pablo Urizar Burundar Txistulariak taldeko kideak.

Lau urteren ondoren, aurten "berriz" Iortiako oholtzara igotzea erabaki dute, eta martxoaren 16an, larunbata, 19:30ean, Lau urte eta gero hau! kontzertua aurkeztuko dute. Sarrerak Iortia kultur gunearen webgunean eta txarteldegian eros daitezke 6 eurotan. Jo ezin izan zuten kontzertu horretatik zenbait abesti berreskuratu eta "hobetu" dituzten, tartean gitarra jole flamenko batekin eginen dituzten bi pieza. "Pandemiaren urte horretan etorri behar zen gitarra jolea ezin izan da aurten etorri, eta beste profesional bat etorriko da haren ordez".

Itzulera
Oholtzaren gainean kontzerturik eman gabe egon arren, Burundar txistulariak taldea urte hauetan ez da geldirik egon eta erritmoa mantentzea "zaila" izan den arren, hainbat emanaldi eskaini dituzte, hala nola Olaztiko festetan, Ziordiko festetan eta zortzikoaren aurkezpenean, Altsasuko festetan, Bakaikuko Ondarraren omenaldian eta inguruko herrietan kalejirak eta dianak. "entseatzen jarraitzeko eta erritmoa ez galtzeko" adierazi dute. Baina kontzertua antolatzea "lan eta esfortzu handia" dela esan du Urizarrek, beraz, denbora pasatzen joan da eta antolatzea kostatzen zitzaien: "Musikari handiek esaten duten bezala, estudioan sartzea kostatzen zitzaigun".

Besteak beste, gitarra jole flamenko batek parte hartuko du kontzertuan

Antzokira itzultzea erabaki dute aurten, eta Lau urte eta gero hau! kontzertuarekin eginen dute. Bertan behera gelditutako kontzertu horretatik zenbait pieza hartu dituzte, eta "handiagoak" egin dituzte. Bi obra gitarra joleak flamenko batekin eginen dituzte, esaterako. "Errepertorioa berritzea gustatzen zaigu. Guk esaten dugu txistuaren XXI. mendera garapena egiten dugula". Orain arte jo izan dituzte obrei eta oso zaharrak direnei buelta bat eman diete Burundar Txistulariak taldekoek, "eta harmonizatu egin ditugu". Gitarra joleak ez ezik, metalezko instrumentuek ere parte hartuko dute kontzertuan. "Oso polita gelditzen da".

Aurtengo nobedadea Ziordiko Zortzikoa izanen dela esan du Urizarrek. "Ez da berez nobedadea, baina gauza bat da plaza batean entzutea eta ikustea eta beste gauza bat da antzoki batean, toki itxi batean entzutea. Askoz gehiago apreziatzen da: ñabardurak, melodiak...". Ziordiko Zortzikoa 2022an berreskuratu zuten. Karlos Sanchez txistulariak eta Burunda Txistulariak taldeko kideak moldatu zuten, herriko hainbat doinu eta melodia berreskuratuz. "Melodia asko berreskuratu dira, Delfradek jotzen zituenak; gauza oso politak daude zortziko horretan". Suite bat dirudiela esan du txistulariak, "zerbait sinfonikoa geldituko da". Dantzariek ere parte hartuko dute abestian.

Burundar Txistulariak taldearen kontzertu bakoitza bat eta bakarra da

Kontzertu dinamikoa eta entretenigarria emanen du Burundar Txistulariak taldeak datorren larunbatean. Erregistro aldaketa asko daude: "Nahasketa egiten dugu: melodia indartsuak eta lasaiagoak. Itziar eta Erkuden Flores abeslariek bi abesti oso politak eta erritmikoak ere abestuko dituzte. Uztartzen joan gara. Bat melosoagoa bada, hurrengoa indartsuagoa izanen da". Erritmo aldetik gorabeheratsua irudikatzen du Urizarrek kontzertua: "Gauzak egiten ditudanean ikusentzule bezala jartzen naiz, eta zer gustatuko litzaidake ikustea galdetzen diot neure buruari. Orduan hasten naiz gora eta behera, zerbait potentea, zerbait lasaia". Burundar Txistulariak taldearen kontzertu bat eta bakarra da, eta kalean ikustea edo "toki itxian eta akonpainamenduarekin" ikustea guztiz desberdina da. "Jendea harritzen da etortzen denean, ez du espero eta oso pozik ateratzen da".

Altsasuko festen ondoren, urri aldera, hasi ziren kontzertua prestatzen. "Aurretik zerbait egina geneukan, baina orduan hasi ginen programa begiratzen eta prestatzen. Hamabost bat partitura hartu genituen eta aukeratzen joan gara". Kontzertuak ordubete inguru iraungo du eta hamar bat abesti joko dituzte. Oholtzaren gainean hogei musikari baino gehiago egonen dira, eta zenbait abestitan piano jolea eta perkusionistak ere arituko dira.

Etorkizuna
Altsasuko egoera ezagututa, txistularien taldearekin "larrituta" dagoela esan du Urizarrek. "Jotzen ari garenak 60 urte inguru ditugu eta atzetik ez dator jendea bultzatzen, eta etortzen direnak ikasketak direlaeta taldea uzten dute. Musika eta Dantza Eskolan bilera bat egin zuen txistu ikasleekin proiektu bat proposatzeko, "eta ez dut erantzunik jaso; ikasturte hasieran izan zen".

Urizarrek 50 bat urte daramatza jotzen. "Asko gustatzen zait, odolean daramat. 11 urterekin hasi nintzen, eta 12 urterekin esaten zidatenean, nahi duzu gurekin etorri jotzera? nik baietz esaten nuen, beti. Orain gazteei esaten diezu eta ez dira animatzen". "Larritzen" duen beste gauza bat da Dantzari txiki Eguna ospatzen denean, esaterako, berak deitzen dituela. "Eta egia da dantzak jotzea ez dela batere erraza eta esperientzia behar dela, baina ikasleak nirekin etortzen badira ikasten joanen dira, eta ni erretiratzen naizenean ordezkoak egonen dira; oinarri bat egonen da". Egoerak berdin jarraituz gero, hamar urtetan Altsasun txistularirik gabe geldituko direla aipatu du. "Nik esaten diet etortzeko, eta haiekin joanen gara, entseatuko dugu, partiturak joko... Konfiantza sortu behar da, taldea egin".

Txistua jotzen kalean ikasten dela esan du Urizarrek: "Ordu bat kalean klase hilabete bat da. Kalera atera behar gara, ez delako bakarrik jotzea: bitartean ibiltzen joan behar zara, bestea entzun behar duzu, zein partetan goazen jakin?.. Eta aldi berean senideek eta lagunek agurtzen zaituzte".