Arrakala digitalari erreparatu diote, eta, oro har, enpresen eta erabiltzaileen hartu-emanak nola digitalizatu diren aztertzeko. Besteak beste, EHUko irakasleek kontatu diote herritar digitalen estatus berria osatu dela, eta gaur-gaurkoz guri buruzko informazioa eskuratzea dela digitalizazioaren gakoetako bat.
Enpresen eta pertsonen arteko harremanak aldatzen ari dira, gero eta gehiago Internet bidez ematen dira, nola eragiten die horrek erabiltzaileei?
Manuel. Arazoa da harreman horiek ez direla modu orekatu batean ematen, merkatu-sistema batez ari garelako eta horrek hainbat desoreka sortzen dituelako. Puntu honetan sortzen den arrakala digitalean bi alderdi bereiz daitezkeela uste dut: batetik, kudeaketa horiek egiteko beharrezkoak diren gailuak eta baliabideak edukitzearen kontua dago, denek ez dutelako Internet edo behar bezalako gailurik etxean, eta bestetik, horiek erabiltzeko gaitasuna dago. Adineko pertsonak dira puntu honetan zaurgarrienak, askok trebetasun kognitiboa galdu dutelako edo ez dakitelako tresna digital horiek erabiltzen. Horrenbestez, sistema horretatik kanpo geratzen dira, egoera zaurgarrian sartuz.
Adela. Herritar digitalen estatus berria sortu dugu, baina mundu guztia ez da hor sartzen, batzuk erabat digitalizatuta daudelako, baina beste batzuk ez, ez dakitelako edo baliabiderik ez dutelako. Kontu horrek guztiak eztanda egin zuen Carlos San Juanekin. Berak zera esaten zuen: "Ni nagusia naiz, baina ez naiz ergela". Gizon horrek parkinsona dauka eta ezin ditu gailu edo kutxazainak bere kabuz erabili, eta bere borrokak mugarri bat ezarri zuen 2022an adinekoen eta banku-zerbitzuen digitalizazioaren auzian. Bera hainbat komunikabidetan atera zen, eta 600.000 sinadura eskuratu zituen aipatutako bankuen funtzionamendua aldarazteko. Horri esker, Gobernuak behartu zituen bankuak protokolo bat ezartzera pertsona nagusiei beren beregi zuzendutako arreta emateko. Horrek ezartzen zuen lehentasunezko arreta eman behar zietela horiei: izapideak egiteko erraztasunak emanez, ordutegia luzatuz, telefono-arreta eskainiz… Ni harrituta geratu nintzen, betebehar horien artean zegoelako leihatilatik eskudirua ateratzeagatik komisiorik ezin zietela kobratu. Hala ere, urtebete beranduago, San Juanek berak esan zuen neurriak ez zirela izaten ari hain eraginkorrak, hein handi batean, boluntarioak direlako, beraz, berak eskatu zuen horiek legez betearaztea.
Nola eragiten digu honek guztiak gainontzeko erabiltzaileoi?
M. Herritarrok gure gaurkotasunean erabili behar ditugun zerbitzuen eta prozesuen automatizazioak eta digitalizazioak estrategia bati erantzuten diola esango nuke. Susana Zuboff idazleak Zainketaren kapitalismoa izeneko liburuan digitalizaziorantz jotzen duten enpresen jokabidea kritikatzen du. Bere ustez, hein handi batean, joera horren helburua da erabiltzaileak monitorizatzea: gure ekintza eta portaera guztiak datuak bilakatzen dira haien eskuetan, eta horren helburu nagusia da gure portaera iragartzea, horren araberako produktuak eskaintzeko eta mozkin gehiago atera ahal izateko. Zuboffen arabera, giza portaera erabat kapitalizatuta dago, eta pribatutasunari uko egiten diogu erosotasunagatik, baina horri esker gure portaera indibidual eta kolektiboa moldatzeari ateak irekitzen dizkiogu. Banketxeek nondik ateratzen dute mozkin gehiago digitalizazioaren eraginez? Pentsa dezakegu langile eta egiturari lotutako gastu gutxiago izango dituztelako egiten dutela, baina benetako gakoa da guk ematen diegun informazioa, hala nola geolokalizazioa, zer erosten dugun, non, nola eta gure kontaktuen inguruko informazio guztia. Horri prosumitzaile deitzen zaio, kontsumitzaileak eta informazioaren produktoreak garelako aldi berean.
Uste duzue jokabide hau pandemiaren eraginez areagotu egin zela?
A. Honen inguruan irakurketa positiboa eta negatiboa egingo nuke. Alde positiboan, esango nuke pandemiaren eraginez murgiltze teknologiko bat izan genuela gizartearen alor guztietan. Hori onuragarria izan da, adibidez, komunikatzerako orduan gauzak asko erraztu zaizkigulako. Aitzitik, alde negatiboari dagokionez, hainbat zerbitzutan aldez aurreko hitzordua eskatu beharra edo izapide ia guztiak modu elektronikoan egin behar izatea aipatuko nuke. Kontu horietan legeak agintzen du kanal-aniztasuna bermatuta egon beharko litzatekeela, hau da, eskubidea daukagula izapideak telefonoz edo bulegoan zuzenean egitera, baina bultzatzen eta ia inposatzen ari zaigu izapide guztiak formatu elektronikoan egitera.
M. Pandemiaren eraginez, biztanleriaren hainbat sektore konturatu ziren teknologiek bestelako erabilera bat zeukatela, aisialdiaz harago. Horrek biztanleriaren parte garrantzitsu bati kalte ere egin zion, adibidez, ijitoen ordezkaritzak ohartarazi zuenez, etnia horretako eskolatutako umeekin arazoak izan zituzten, ez baitzeukaten hezkuntza-zerbitzuetara sartu ahal izateko gailu edo baliabiderik. Arrakala hori gizartearen beste hainbat sektore eta esparrura ere estrapolatu daiteke, bankuenera ere.
Uste duzue gehiago arautu beharko litzatekeen gai bat dela?
M. Nik hau eskubideen arazo bat bezala ikusten dut. Benetako ongizatearen gizarte batean biziko bagina, eskubide eta betebehar guztiak orekatuago egongo balira, honek eskubideen galera suposatuko luke. Adibidez, lehen, bulegoan egiten zen transferentzia bat; orain, zuk egin behar duzu zure mugikorretik, eta hori txarto egiten baduzu, ardura guztia zurea da; zerbait txarto egiten baduzu, bankuak zuri botako dizu errua. Ni ez naiz bankuko langilea, baina horrelako aplikazioen bitartez denok bilakatzen gara bankari, benetan zertan ari garen jakin gabe.
Uste duzue gobernuek eta erakunde publikoek gehiago egin beharko luketela herritarren eskubideak babesteko?
A. Administrazio publikoek beraien digitalizaziorako enpresa pribatuetara jotzen du, horrenbestez, enpresa horiek inposatzen dituzte beraien irizpideak. Horrekin batera, guk beti kritikatu izan dugu erakunde publikoak ez direla gehiago inplikatzen herritarren digitalizazioan; beti utzi izan dute arlo hori hirugarren sektoreko erakundeen eskuetan. Egin dituzte ekimenak eta hartu dituzte neurri batzuk, baina ez diote guztiz zezenari adarretatik heldu, eta denboraren menpe utzi duten kontu bat da, datozen belaunaldiak erabat digitalizatuta datozelako. Horrez gain, teknologian ere jartzen dute itxaropena, pentsatzen dutelako etorkizunean adimen artifizialak eta aurreratutako gailuek eragingo dutela gu hain digitalizatuta egon behar ez izatea, baizik eta teknologiek konponduko dituztela ditugun arazoak.