Lau herrik suteen kontrako udal plan homologatuak dituzte

Guaixe 2024ko mar. 20a, 10:07

Nafarroako Babes Zibilaren Batzordearen bilera. NAFARROAKO GOBERNUA

Beste plan bat idazte fasean du plana. Udako kanpaina aurretik Nafarroako Babes Batzordearen beste bilera bat eginen da eta han idazten ari diren planak homologatuko dituzte.

Jadanik Nafarroako 36 herrik badituzte jada Basoetako Suteen arriskuaren aurreko Udal Jarduera Planak. Horietatik lau ibarrekoak dira: Arakil, Uharte Arakil, Lakuntza eta Altsasu. Lau udalen planak Nafarroako Babes Zibilaren Batzordeak homologatu zituen. Suteen kontrako planak egiteaz bukatzen edo idazte fasean beste 45 udal daude. Suteen kontrako larrialdi planak idazten hasita dauden udalen artean Iturmendi dago. Planak egin dituzten udalei Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak aholkularitza eman zien 2023an.
 
Homologazioa eman beharreko pausoa da ondoren plan horiek ezartzeko. Ezarpen fase hori heldu den astetik aurrera jarriko da martxan planak jada homologatu dituzten udalerritan. Ezarpen fase horretan, lau neurri mota daude, baso suteek edo interfaze suteek eragindako larrialdi egoeretan herritarrei, azpiegiturei eta ondasunei eragindako kalteak murrizteko. 

Aurreneko neurria da suteen kontrako tokiko egitura bat ezartzea, udalerriaren baliabide propioekin, eta, eratuz gero, Berehalako Laguntzaren taldeena. Talde horiek, batetik, udal langileek eta boluntarioek osatzen dituzte, baso suteen arloan prestakuntza espezifikoa dutenek, eta, bestetik, Basoen Defentsarako Elkarteek, suebakiak, prebentziozko garbiketak eta nekazaritza munduarekin lotutako beste jarduera batzuk koordinatzeaz arduratzen direnek. 

Bigarren neurri multzoa interfaze eremuetan erregai kopurua murriztera bideratzen da; horrela, hiri-basoko interfazea lehenesten da (eraikinak mendiarekin kontaktuan daude eremu horietan), eta hiri-nekazaritzako interfazeetan arriskua murrizteko neurriak gomendatzen dira (eremu horietan, eraikinak nekazaritzako laborantzarekin kontaktuan daude). 

Hirugarren neurri multzoan materialak erostea eta herrietan sua itzaltzeko azpiegiturak hobetzea aurreikusten da. Horien artean nabarmentzekoa da zuzkidurak hobetzea; esaterako ur harguneak, bideetako seinaleak, eta abar. Azkenik, laugarren neurri multzoa herritarrei baso suteen arriskuari buruzko informazioa eta prestakuntza ematean oinarritzen da, baita baso sutearen ondorioz larrialdia gertatzen denean, herritarrek autobabeserako hartu beharreko neurriei buruzko informazioa ere. 

Arrisku mapa
Nafarroako Gobernuak egindako azterketaren arabera ibarreko sei udalerritan suteak izateko arrisku handia dago: Uharte Arakilen eta Lakuntzan bai neguan bai udan; Arakilen, Irurtzunen eta Iturmendin udan eta Altsasun neguan. Bestalde, Arruazu sutea izateko zaurgarritasun handiko udalerria da. Sortutako arrisku maparen emaitzen arabera udal batzuk plan horiek egitera behartuta daude, eta besteei gomendatu egiten zaie. 

Amparo Lopez Antelo Barne, Funtzio Publiko eta Justiziako kontseilariak nabarmendu duenez, "kopuru horiek oso garrantzitsuak dira, eta toki-erakundeek suteak prebenitzearen eta autobabesaren inguruan duten konpromisoa erakusten dute". Halaber, Departamentuak udalerriekin lanean jarraitzearen aldeko apustua egin duela adierazi du, prebentzio-arlo osoan. Ildo horretan, Lopezek gogoratu du Departamentuaren ildo estrategikoetako bat dela larrialdien arreta indartzea nahiz horren aurrean baliabideak izatea.