Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki du administrazioarekiko auzibidean errekurtso judizial bat jartzea Estatuko Administrazio Orokorraren zenbait administrazio-ebazpenen kontra. Ebazpen horien bidez, ingurumen inpaktuari buruzko adierazpenak egiten dira eta aldez aurreko administrazio baimenak ematen dira Forestalia talde pribatuak goi tentsioko lau linea zabal ditzan, bakoitza 400 kiloboltekoa, Aragoitik heldu den energia atera eta Euskal Autonomia Erkidegora eramateko Nafarroa, Sakana barne, zeharkatuz.
Zehazki, Foru Gobernuak errekurritu egiten ditu Forestaliari "Mistral-Esfinge Proiektua" izenekoari lotutako energia elektrikoa ekoizteko instalazio eta ebakuazio azpiegitura batzuk egiteko aldez aurretik emandako administrazio baimenak.
Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak txosten bat eman zuen 2024ko otsailaren 22an. Hartan Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITERD) aldeko ebazpen horien inguruan zituen desadostasunak azaldu zituen. Izan ere, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak bere txostenak kontuan hartu ez zituztela uste zuen; txosten horiek proiektuaren kontrakoak ziren, pasatzen ziren Nafarroako lurraldetako ingurumen, paisaia, gizarte eta kultura balioekin bateraezina zelako.
Nafarroako Gobernuak Ingurumenaren Kalitate eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiaren zenbait ebazpenen kontrako errekurtsoa aurkeztu du. Ebazpen horien bidez, parke eolikoen eta eguzki parke fotovoltaikoen ingurumen inpaktuaren adierazpenak egiten dira. Horietako gehienak Zaragozako probintzian proiektatutakoak dira. Aldi berean, Nafarroa zeharkatuko luketen elektrizitate ebakuazio azpiegituren kontrako errekurtsoak ere aurkeztu du. Horretarako ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen xedapenari segi dio.
Halaber, errekurtsoa aurkeztu du Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenen aurrean. Ebazpen horien bidez, sustatzaileei aldez aurreko administrazio-baimenak ematen zaizkie, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoaren arabera.
Forma eta funts desadostasunak
Desadostasunak, lehenik eta behin, forma gaietan oinarritzen dira, Estatuko Administrazio Orokorrak jarraitutako prozedurari dagokionez. Zatiketaren ondorioz, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ezin izan du behar bezala ulertu eta baloratu proiektuaren benetako eta behin betiko garrantzia eta ingurumenean duen eragina.
Bigarrenik, sakoneko gaietan oinarritzen dira; izan ere, aztertutako proiektuek ondorio kaltegarri nabarmenak izango dituzte ingurumenean, zehazki katalogatutako espezieetan, Natura 2000 Sareko gune babestuen kontserbazio helburuetan eta Natura 2000 Sarearen konektibitate eta koherentzia ekologikoan.
Nafarroako Gobernuak, 2024ko otsailaren 20an egindako bilkuran, erabaki zuen administrazioarekiko auzien jurisdikzio-bidea baino lehen errekerimendu bat aurkeztea. Errekerimendu hori otsailaren 29an aurkeztu zitzaion MITERDko Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aldez aurreko errekerimendu hori ebazteko hilabeteko epea igaro eta erantzunik jaso ez bada, ezetsitzat joko da isiltasunagatik, eta, horren aurrean, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak administrazioarekiko auzibidera jotzea eskatu du. Neurri hori gaur onartu da, Foru Gobernuak astero egiten duen bilkuran.
Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuak hartuko du bere gain errekurtsoaren ordezkaritza eta defentsa, hargatik eragotzi gabe ordezkaritza auzitegietako prokuradoreari esleitzea.