HAIZEA LIZARBE

"Euskalzaletasunari garrantzia eman nahiko nioke, hori baita handitzen ari dena"

Eneida Carreño Mundiñano 2024ko mai. 24a, 12:15

Tafallan maiatzaren 25ean Nafarroako erdialdeko Euskal festa ospatuko dute lehen aldiz eta irratiko solasaldian Unai Zabaleta, Haizea Lizarbe (Agerraldia) eta Eneida Carreño aritu dira festa honen nondik norakoez. Agerraldia Elkarteak eta Altafallak antolatu dute jai eguna.

Erdialdeko Euskal Jaia larunbatean ospatuko da, hilaren 25ean. Egitaraua 11.00tan hasiko da, irekiera ekitaldiarekin, plazan. Jarraian Tafalla zeharkatuko duen "kalejira erraldoia" prestatu dute Nafarroa osotik etorritako zanpantzarrekin, dantzariekin, erraldoiekin, gaitariekin, kiliki eta zaldikoekin, nafar laiariekin, landa inauteriekin, txistulariekin eta bandekin. 13.30ean erakustaldien txanda izango da. Plazan herri kirolak eta dantzak eskainiko dira, Pasadizon Faltzeseko txalapartariek tailerra eskainiko dute eta Las Pulgas plazatxoan erraldoien dantzak eta Tafalla kantuz izango dira. Bazkaria 15.00etan izango da, plazan bertan, eta dagoeneko ez dago txartel gehiago salgaia, 1500 lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan.

Bazkaria amaitu bitartean, 16.30etatik aurrera, haurrentzako Dindaia Fundazioak antolatutako Dindaikale jolasak egongo dira plazan. 18.00etan, bi aukera egongo dira. Batetik, Patxi eta Konpainiak eskainitako kulturen arteko ekitaldia, plazan bertan eta, bestetik, Garratz Arrasateko punk-rock taldearen kontzertua, Pasadizon. Jarauta 69 txaranga 20.00etan eta zezensuzkoa 21.30ean izanen dira plazan. 21.00etan hasiko dira Rotten XIII-ren, Zea Maysen eta Trikidantzen kontzertuak.

Hurbilduko den jendeari trenez joateko eskaera egiten diote eta kotxearen hautua hartuz gero Tafalla inguruetan utz dezatela, herrigunea itxita egongo baita.