MAIATZAK 27

Guaixe Irratia 2024ko mai. 27a, 10:37

Maiatzaren 27ko agenda, albisteak eta kirolak.

Sakanerrian,

  • Lakuntzan begiraleak behar dira. Haurren udako aisialdi kanpainarako izanen da. Begirale izan nahi dutenek garagarrilaren 11ra arteko epea dute udaletxean eskabidea aurkezteko. Horrekin batera, curriculuma eta jolasguneraren antolaketa eta ekintza proposamena ere aurkeztu beharko ditu. Aukeratuak diren begiraleak garagarrilaren 24tik garilaren 26ra lan eginen dute, 09:30etik 13:30era.  

  • Olatzagutiko Udala udan igerilekua zabalduko du eta han lan egiteko hiru pertsona kontratatu nahi ditu. Haien egitekoa atezaintza eta garbiketa lanak egitea izanen da. Deialdian interesa duenak euskara jakin beharko du (B2 maila, ahozkoa) eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribaturik egon beharko da. Hiru hilabete inguruko kontratua eginen die udalak, lanaldi osokoa. Deialdiari buruzko informazio guztia olazti.com webgunean dago. 

Kiroletan,

  • Maiatzaren 25ean XXXII. Irurtzungo Pilota Txapelketako final handiak jokatu ziren Biaizpe pilotalekuan. Tamalez, eta gutxigatik, txapelak ez diren etxean geratu. 

    Finalak:
    Bigarren maila: Bustince-Salcedo (Irurtzun) 6 / Otxoa-Erle (Lapke) 22

    Lehen maila: Murua-Aizpuru (Soraluze-Aurrera Tolosa) 22  / Olaetxea-Cuairan (Irurtzun) 21

  • Etxarri Aranatzek irain arrazistak salatu, eta partida utzi zuen. Erregional mailako igoera faseko itzuliko partida jokatzen ari zen Beriainen kontra, eta bigarren zatian ez zen zelaira atera, taldekide baten defentsan. Etxarri Aranatzek neurriak hartzea eskatu dio Federazioari. Taldekidearenganako elkartasuna ororen gainean jarri zuen Etxarrik. “Jokoan zegoen guztiarekin, taldekidearenganako elkartasunagatik erabaki genuen ez jokatzea”, eta eskari zuzena egin dio Nafarroako Futbol Federazioari, “neurri egokiak har ditzala. Gure partetik, eta gure jokalariaren aldetik ere, beharrezko neurriak hartu genituen. Futbol garbi baten alde, ARRAZISTEI EZ”.
  • Altsasu Preferente mailatik jaitsi da. Talde altsasuarrak garaipen garratzarekin despeditu du denboraldia, arerio zuzenek ere irabazi dutelako. Salbaziotik 2 puntura geratu da. Burlades B ligako txapelduna mailaz igoko da, Ilunberri bigarrenak eta Gazte Berriak hirugarrenak igoera fasea jokatuko dute, eta Altsasu, Lezkairu, Infanzones, Iruntxiki eta Aurrera erregional mailara jaitsiko dira.  
  • Aimar Tadeo, lehen nafarra Nafarroako Itzulian. Finisher taldeko lakuntzarrak maillot urdinari eutsi zion eta bere taldekide Nil Gimeno hirugarren sailkatu zen. Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarrak (Finisher) nafarren sailkapenari eustea lortu zuen, eta Nafarroako Itzuliko lehen txirrindulari nafarra izan da, (sailkapen orokorrean hemeretzigarren, 8:07ra), itzuli ikusgarria egin eta gero. Tadeok aitortu zuen ez zuela espero lehen nafarra izatea. “Ez ginen espektatiba horrekin etorri, baina maillotari eusteko ongi ikusten nuen nire burua eta maillot urdina lortzera joan gara. Oso pozik nago, eta Nil Gimeno taldekidearen hirugarren postuarengatik baita ere”.Mikel Uncillak (Rural Kutxa-Alea) ezin izan zuen Nafarroako Itzulia despeditu.