Sakanarrian,
- Irurtzungo Udalak jakinarazi du igerilekuko tabernako uda sasoiko kudeaketa emateko deialdia egin duela. Kontratua emateko baldintzak udaletxean eska daitezke. Deialdian interesa duenak bere eskabidea garagartzaroaren 2ra arte aurkez dezake.
- Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, 2024ko lehen sei hilabeteetako ur tasa kobratu eginen du. Udala erreziboak helbideratuta dituztenei beraien kontu korrontean garagartzaroaren 21ean kargatuko die. Ordainagiriak helbideratuta ez dituztenek jakinarazpena jasoko dute eta han agertzen diren bankuetako bulegoetan egin beharko dute ordainketa, dagokien erreziboa aurkeztuta. Ordainketa egiteko garagartzaroaren 21era arte dute.
- Altsasuko Udalak ofizial administrari lanpostua betetzeko izangaien zerrenda bat osatu nahi du hautaketa-proben bidez, hau da, oposizio-lehiaketaren bidez. Deialdi horrekin Altsasuko Udalak nahi du sor daitezkeen beharrei aldi baterako erantzuna ematea. Udalak C mailako kontratua eskainiko du, eta premiaren arabera lanaldi osoa edo partziala izan daiteke. Bestetik, euskararen C-1 mailako ezagutza eskatzen die hautagaiei. Deialdian interesa duenak bere eskabidea eta gainerako dokumentazioa garagarrilaren 4ko 14:00etarako aurkeztu beharko du. Deialdiari buruzko informazio guztia altsasu.eus webgunean dago.
Kiroletan,
- Pilotan, Irurtzungo Trinitateko festetan pilota jaialdi profesionala antolatu zen maiatzaren 24an. Irurtzun Pilota klubak aukera hori probestu nahi izan zuen bere klubean trebatutako pilotaria, Jose Javier Zabaleta, omentzeko. Azkenean, omenaldia Julen Martijari ere zabaldu zitzaion eta bi arakildarrek frontoia betetzen zuten irurtzundarren eta arakildarren txaloak jaso zituzten. Irurtzun klubeko pilotariek pasilloa egin zieten, eta aurreskuaren ondoren, zapiak eta oroigarriak jaso zituzten.
Pilota partidari dagokienez, Peio Etxeberriak eta Martijak 17 et a22 hartu zituzten mendean Elezkano eta Zabaleta. -
Futbolean, Etxarri Aranatzek Beriainen kontrako partidan bere jokalari batek jasandako irain arrazistak salatu eta, arbitroari hala jakinarazita, bigarren zatian ez zen zelaira atera, bere jokalariarekiko elkartasunez eta irain arrazistak salatuta. Beriain futbol taldeak komunikatua zabaldu du Etxarrik egindako salaketa ukatuz. Lehen zatia bukatuta, eta Beriain 2-0 aurretik zela, aldageletara bidean izandako istilua ekarri du gogora Beriainek komunikatuan. “aldageletako tunelean zalaparta sortu zen, Etxarriko jokalari batek sortutakoa, gerora arbitroak kaleratu zuena. Hala jaso zuen arbitroak ondorengo aktan, jokalari hori kaleratu zuela Beriaingo hainbat jokalariei aurre egiteagatik, hiru arbitroak bertan zeudela. Etxarriko hainbat jokalarik eta teknikarik bigarren zatian ez zutela jokatuko azaldu zuten. Baina irain arrazistak, ezer” dio komunikatuak.
Komunikatuan gaineratzen dute partida bertan behera zegoenean aipatu zietela jokalari bati irain arrazistak egin zizkiotela lehen zatian, “hiru arbitroek eta Beriaingo jokalariek ez zituzten entzun”. Aldageletako ateko kalteak salatzeaz gain, “Berian beti edozein joera edo adierazpen arrazistaren kontra dagoela eta egongo dela” jasotzen du komunikatuak.
-
- Futbolean, Emakumezkoen Preferente mailako Kopan, Altsasuk itzulerako partida jokatu zuen maiatzaren 26an Tuteran, Lourdes taldearen kontra. Joaneko partidan bina berdindu zuten bi taldeek, eta, hortaz, itzulerako partidan dena zegoen jokoan. Lourdesek aginte makila atera zuen hasieratik, eta Altsasuk eraso gupidagabea jasan zuen. Azkenean, 6-0 galduta, Preferenteko Kopatik kanpo geratu dira altsasuarrak eta 2023/2024 denboraldiari akabera eman diote.
- Txirrindularitzan, Kadeteen mailako tropelak XXXVII. L.M. Meoqui Oroimenezkoa izan zuen jokoan Murietan (61,1 km). Lasterketa oso mugitua izan zen eta, azkenean bederatzi txirrindulari elkarrekin iritsi ziren helmugara. Esprint estuan, Ion Egia (Luyando-Ganzedo) oso gutxigatik gailendu zitzaion Luca Martinez lakuntzarrari (Sakana Group-Alea). Tropel nagusia 20 segundora sartu zen.