MAIATZAK 29

Guaixe Irratia 2024ko mai. 29a, 10:32

Agendan,

  • Altsasun gaur, EH Bilduren Europako hauteskundeen kanpainako ekitaldia plazan 19:00etan. 18:30etan gune irekiera.

Sakanerrian,

  • Arbizuko Udalak haurrendako aisialdi eskaintza prestatu du garilerako. Hartan bere seme-alabak joatea nahi duten familiek dagoeneko izena emateko aukera dute. Bestetik, Arbizuko Udala festak prestatzeko lanak despeditzen ari da. Jakinarazi duenez, aurreko urteetan bezala, festetako egitarauan festetako argazki zaharrak argitaratu nahi lituzke. Egitarauan bere argazkia argitaratu nahi duenak udaletxean edo liburutegian utzi beharko du. Azkenik, Arbizuko Udalak jakinarazi du pilota eskolan izena emateko epea garagarrilaren 7ra arte zabali izanen dela. Pilota ezagutzera eta bultzatzera animatu dute udaletik. 
  • Etxarri Aranazko Udalak hiltegian  ganadua garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzeko gunea egin nahi du. Lanek 79.110,11 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra finantzatzeko Europako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik dirulaguntza jaso du Etxarri Aranazko Udalak, 62.216,88 euro (BEZik gabe) zehazki. Egitekoa bere gain hartzen duen enpresak 90 egun izanen ditu lanak despeditzeko.
  • Altsasuko Udalak deialdia egin du herriko Bake Epaitegiko bake epaile ordezkoaren kargu hutsa betetzeko. Bake epaile izendatua izateko baldintzak betetzen dituenak garagarrilaren 17ra arte aurkez dezake eskabidea Altsasuko udaletxean edo egoitza elektronikoaren bitartez. Eskaerei norberaren espedientea gehitu beharko zaio, titulazio akademikoa, esperientzia eta merezimenduak azalduz.

Kiroletan,

  • Aizkoran, Maiatzaren 26an Okondon jokatutako herri kirol jaialdiaren barruan Banakako Aizkolarien 23 urtez azpiko txapelketako finalerdiak jokatu ziren. Sei aizkolari lehiatu ziren, tartean Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu etxarriarrak. Haiekin batera, Igoin Pikabea, Jokin Larrieta, Miguel Martin eta Isidro Velasco aritu ziren. 54 ontzako bi enbor erdibitu behar izan zituzten. Bi lehengusu etxarriarrek lehia estua izan zuten, eta, azkenean Jon Erdozia izan zen azkarrena (2:39), Aritz Oiarbideren aurretik (2:53). Haien atzetik Miguel Martin (3:05), Igoin Pikabea (3:11), Jokin Larrieta (3:21) eta Isidro Velasco (3:46) sailkatu ziren. Bi onenak, Erdozia eta Oiarbide, final handirako sailkatu ziren. 
  • Pilotan, Emakumezkoen Master Cup-ek antolatzen duen Nafarroako Foru Komunitateko emakumezkoen esku-huskako IV. Torneoan azken txartelak banatu ziren. Altsasun maiatzaren 25ean jokatu ziren finalerdien barruan, lehenik eta behin promesen mailako pilota mistoko finalerdietan June Urrutikoetxeak eta Amaia Zarrabeitiak finalerako txartela lortu zuten, Olatz Insaustiri eta Irati Betegiri 11 eta 18 irabazita. Horrela, ekainaren 9an 11:30etik aurrera  Labriten jokatuko diren final handietan, gazteen mailan Onintza Galdosek eta Naia Zelaiak Alize Sagardui eta Uxue Gomez izango dituzte arerio; promesetan June Urrutikoetxea eta Amaia Zarrabeitia Lide Muruaren eta Amaia Arrastiaren kontra lehiatuko dira; eta, azkenik, eliteetan, Garaik eta Erasunek Arraiza eta Gaminde izango dituzte aurkari.  Jaialdia zuzenean eskainiko du Navarra Television kateak.
  • Surfean, Uda ate joka dugun honetan Sakanako Mankomunitateak surf ikastaroa eskaini die sakandarrei. Ekainaren 15ean eta 16an izango da, Zarautzen, eta egunero ordu eta erdiko ikastaroa izango dute izena ematen dutenek, hastapen ikastaroa. Autobus zerbitzua izango da. Izena ematea zabalik dago Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866).