Agendan,
- Altsasuko Gaztetxean, 20:3Oetan, Claimed Choice Frantziako taldearen kontzertua. Elkar Mugi Nafarroako esklerosi Anizkoitza elkartearen aldeko elkartasun jaialdiaren harira.
Sakanerrian,
- Arakilen, Aitor Aranak eta Koldo Colomok Nafarroako Euskalkiak. Hegoaldeko Goi-Nafarrarera. Arakilgo aldaera liburua Irurtzunen aurkeztu zuten apirilaren 14an. Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, liburuaren ale batzuk ditu eta interesa duenari doan emanen dio. Liburuaren ale bat gordetzea nahi duenak 634 584 226 telefono zenbakira hots egin edo Whatsapp mezua bidali behar du.
- Uharte Arakilgo Udalak Udan Euskaraz udako ludoteka antolatu du. Haurrendako aisialdi eskaintza hori garilaren 1etik 24ra arteko astegunetan eginen da, 09:00etatik 13:00etara. Izena ematen dutenek 200 euro ordaindu beharko dituzte. Udalak jakinarazi duenez, ordutegia eta ordaindu beharrekoa izena emandakoen araberakoa izanen da. Uharte Arakilgo udaletxetik pasa eta 948 464 036 telefono zenbakira hots egin daiteke izena emateko.
- Ergoienako Udalak jakinarazi duenez, ibarrean gizarte eta kultura animazio lanak egiteko pertsona bat kontratatu nahi du. Garagarrila eta lastaila bitartean lan eginen du animatzaileak. Lanaldi erdiko kontratua eta C mailari dagokion soldata izanen du. Deialdian interesa duenak Nafar Lansarek Altsasun duen enplegu bulegoan izena eman beharko du, enpleguaren eskatzaile gisa edo enplegua hobetzeko programan. Curriculumak Nafarroako Enplegu Zerbitzura bidali behar dira, ealsasua@navarra posta elektronikoko helbidera.
- Ana Ollo Hualde bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria buru dela, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzek eragindako lehen 12 biktimak aitortzeko eta erreparatzeko ekitaldia eginen da gaur, 19:00etan. Iruñeko Baluarte biltzar jauregiko Harresi aretoan izanen da. Tartean bi sakandar daude, Mikel Arregi Marin eta Jose Miguel Imaz Prim.
Kiroletan,
-
Txirrindularitzan, ekainaren 2an Nafarroako Erlojupeko txapeldunak nortzuk diren erabakiko da Vianan jokatuko den Nafarroako Erlojupeko Txapelketan.
Hiru mailatan jokatuko da txapelketa. 10:00etan 23 urtez azpiko eta elite mailako afizionatuen txanda izango da; 11:00etan junior mailakoen txanda; eta, 12:00etan, kadeteen txanda. Distantziari dagokionez, afizionatuek 20,5 km izango dituzte aurretik, juniorrek 15,7 km, eta kadeteek 8,7 km.
Eskoletakoak, Etxarri Aranatzen
Bestalde, Etxarri Aranatzek eskola mailako lasterketa hartuko du ekainaren 1ean, larunbata, 16:00etatik aurrera. Aralar Txirrindulari Taldeak antolatutako proban, ginkana probak eta lineako lasterketak jokatuko dira. Hasiberriak, promesak, kimuak eta infantilak lehiatuko dira.Lasterketak Etxarri Aranazko sarrerako errotondatik Ufesa zen fabrikara bitartean prestatutako zirkuituan jokatuko dira. Itzuli bakoitzak 1.600 metro dituenez, promesek itzuli bat emango diote; hasiberriek bi itzuli; kimuen lehen urtekoek lau itzuli eta bigarren urtekoek sei itzuli; emakumezkoen infantilek zortzi itzuli, gizonezkoen infantilen lehen urtekoek hamar itzuli, eta gizonezkoen infantilen bigarren urtekoek hamabi itzuli.