Ana Ollo Hualde bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria buru dela, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzek eragindako lehen 12 biktimak aitortzeko eta erreparatzeko ekitaldia egin zen Iruñeko Baluarte biltzar jauregian maiatzaren 30ean. Horrela, Nafarroako Gobernuak "ikuspegi integral batetik, parekatzerik eta diluziorik gabe aurrera egiten du biktima guztien errekonozimenduan eta erreparazioan, beren testuinguru biktimologiko desberdinak kontuan hartuta eta bizikidetzaren eta memoria demokratikoaren aldeko eta bakean oinarritutako gizartearen eraikuntzaren aldeko apustu global eta koherentearen barruan".
Ekitaldian biktimak eta haien familiak parte hartu zuten, baita arlo horretako erakundeen eta elkarteen ordezkariek ere. Gainera, Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko kideak ere bertan izan ziren. Aipatutako legearen arabera, batzorde horrek eman ditu ebazpen horien aldeko txostenak, eta, aldi berean, espediente berrietan lan egiten ari da.
Aitortza jaso dutenen artean dago Mikel Arregi Marin lakuntzarra. Lagunekin herrira bueltan joaten zela haien autoa tirokatu zuten guardia civilek Etxarri Aranatzen eta hil egin zuten 1979ko azaroaren 11n. Josu Imaz Primek ere jaso du aitortza 1981eko abenduaren 17an bonba paketea jaso zuen etxean eta 1983ko maiatzaren 13an autoan bonba jarri zioten. Bi kasuetan artezilariek zartarazi zituzten lehergailuak. Andia mendian jasotako obus bat zartatu eta bost etxarriar hil zituen 1976ko garagarrilaren 18an. Eskaera atzera bota du foru administrazioak.
Azpimarra
Nafarroako Torturatuen Sarea eta Egiari Zor fundazioa Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat ekimenaren izenean, "ekitaldi horri ematen diogun garrantzia azpimarratu nahi dugu". Ekimeneko kideek adierazi dutenez, "horrelako ekitaldi instituzional batek indarkeria politikoaren biktimen eremuan dauden desberdintasunak gainditzen laguntzen duela uste dugu, eta, era berean, garrantzi sinboliko handiko ekintza da ekitaldi hori zuzentzen zaien pertsonendako, haiekiko besarkada, hurbiltasuna eta konpromiso instituzionala sentituko dutelakoan gaude".
Ekimeko kideen iritziz, atzokoa bezalako ekitaldiek "agerian uzten dute 16/2019 Legearen bidez motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketen biktimei aitortza ofiziala eta erreparazioa emateko prozesua ezinbestekoa dela eta, espero genuen bezala, emaitzak ematen ari dira". Gaineratu duenez, "hasierako mesfidantza gainditzen ere lagunduko duela uste baitugu".
Gogorarazi dutenez, "Estatuaren Biktimok ez dugu oroitzapen egunik, eta egokia bezain beharrezkoa dela urraketa berberen aurrean, biktima guztientzat eskubide berberak bermatzea. Beraz, ekitaldi hau, urteroko hitzordua bihurtu behar dela uste osoa dugu".