Mendi lasterketak

Etiketa Berdearen aldeko apustua, lehengo lasterketen izpiritua berreskuratzeko

Maider Betelu Ganboa 2024ko eka. 6a, 14:00

Triku Traileko Igor Artieda eta Uharte ARakil Beriain Km Bertikaleko Juanjo Goikoetxea.

Uharte Arakil Beriain Km Bertikalak, Lakuntza-Aralar mendi lasterketak eta Triku Trailek Etiketa Berdea lasterketa etikoaren aldeko manifestuarekin bat egin dute. Mendi lasterketen inguruko hausnarketa eginda, garai bateko lasterketen izpiritura itzuli nahi dute, ingurumena eta balio etikoak ardatz hartuta

Ekainaren 9an XIX. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa jokatuko da. Ekainaren 30ean X. Triku Trailek hartuko dio lekukoa Etxarri Aranatzen, eta irailaren 22an Uharte Arakil Beriain Km Bertikala egongo da jokoan. Hiru lasterketa hauek aurten elementu garrantzitsu bat dute amankomunean: Etiketa Berdea lasterketa etikoaren aldeko manifestuarekin bat egin dute. Triku Trail taldeko Igor Artiedak eta Uharte Arakil Beriain Km Bertikaleko Juanjo Goikoetxeak lasterketa etikoaren alde egindako apustuaren garrantzia nabarmendu dute, Lakuntza-Aralar mendi lasterketako Iraitz Berastegik bere egin dituen hitzak. 

Zer da Etiketa Berdea?
Etiketa Berdea "hausnarketa kolektibo bat da, mendi lasterketen munduaren barruan antolatzaileen eta korrikalarien artean egin dena. Dekalogo bat da, manifestu bat, mendi lasterketak antolatu edo ulertzeko modu ezberdin bat, modu jasangarriagoan, guztion berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako dekalogo bat" dio Artiedak. 

Etiketa Berdearen dekalogoarekin bat egin duten mendi lasterketek, Euskal Herriko 50 lasterketa inguruk, eurek antolatzen dituzten probak etikoak izango direla, hori da hartu duten konpromisoa, bai ingurumenarekiko, eta baita mendizale gisa dituzten balioekiko. Mendi lasterketek sekulako booma izan dute, eta bere onetik atera direla, hori da korrikalari eta antolatzaile askoren sentimendua. Hortik sortu da hausnarketa.

Aurrekariak 
"Jokin Lizeagari gertatu zitzaiona inflexio puntu bat izan zen. Asturiaseko lasterketa batean lehenengo postuan zihoan. Mendia elurtuta zegoen. Gaizki seinaleztatutako sima batean erori, eta ezin atera geratu zen. Bere atzetik zetorrenak, agurtu, eta aurrera segi zuen. Jokinek laguntza eskatu zion, baina korrikalariak ezetz erantzun zion, taldeak ez ziola utziko podiumari uko egiten. Aurrera segi, eta lasterketa irabazi zuen. Hirugarren postutik atzera zetozen guztiak gelditu, eta Jokin lagundu zuten" azaldu du Artiedak. 

Hein handi batean mendizaletasunaren balioak galdu direla uste du Juanjo Goikoetxeak. "Lasterketetan mendizaleen arteko errespetu eta elkartasun hori galdu da. Ez dut esango lasterketak profesionalizatu direla, baina jendeak oso-oso serio hartzen ditu; hala daramatzagu urte batzuk. Lehen ez zen horrela; norbaiti edozer gauza gerta, gelditu eta laguntzen zenuen. Baina gaur egun jendeak dortsala janzten du eta badirudi ez duela ezer gehiago ikusten. Hain zuzen ere, Etiketa Berdearekin garai bateko lasterketen izpiritu hori berreskuratu nahi dugu. Korrikalariek mendian daudela sentitzea, ingurumena zaindu beharra dutela, eta elkarri lagundu beharra dutela. Egun, jendea korrika doa, gel bat edaten du eta plastikoa lurrera botatzen du. Hori ez da mendi lasterketa bat". 

Asfaltoko lasterketetatik iritsi da jende asko mendi lasterketetara, eta hainbat ohitura ekarri dituzte, edalontziak lurrera botatzearena, esaterako. "Asfaltoan erraza da edalontziak garbitzea, baina mendian ez. Askok ez dakite mendia zer den ere".

Juanjo Goikoetxea: "Korrikalarien arteko errespetu eta elkartasun hori galdu da"

Lasterketen alde iluna
Maiatzaren 16an Triku Trailek hitzaldia antolatu zuen. "Mendi lasterketak, bizitza propioa hartu duen munstroa. Nora goaz?" gaia jarrita, Uxoa Irigoien eta Jokin Lizeaga mendi korrikalariak eta Gotzon Idirin Etiketa Berdea ekimenaren ordezkariak aritu ziren solasean, Aritz Ganboa mendi korrikalariak gidatutako saioan. "Oso interesgarria izan zen. Jokinek eta Uxoak egungo lasterketen lehiakortasun basati horren eraginak aipatu zituzten, bere esperientzia. Eurek modu negatiboan bizi izan dute. Uxoa Irigoienek lehenengo Trikutraila irabazi zuen. Urte horietan oso sasoiko egon zen, eta lasterketa pila bat irabazi zituen, baina horrek depresio larrian eta elikadura arazoetan bukatu zuen. Lasterketak obsesio bilakatu ziren berarendako, kirolari askok duten gaitza, eta gaixotu zen. Hala kontatu zuen hitzaldian. Arreta psikologikoa behar izan zuen, eta gaixorik egon zen denbora luze batean". Lizeagak bere kasua aipatu zuen, Asturiasen gertatutakoa. Bestalde, mendi lasterketen zirimolan zenbait korrikalarik duten kontsumismoa izan zuten ere hizpide. "Entrenatzailea, medikua, nutrizionista, fisioterapia, gela, arropa... nora goaz?" Mokofinak ere badira. "Arroparekin ere tontakeria asko dugu". Korrikalariak langileak dira, eta familia kontziliazioa "beste meloi handi bat" da. Gotzon Idirinek lehengo lehiakortasun sano hori berreskuratzeko Etiketa Berdeak zer planteatzen duen azaldu zuen.

Ingurumena zorrotz babestu
Mendi lasterketak antolatzen dituzte Igor Artiedak eta Juanjo Goikoetxeak, eta, aldi berean, mendi korrikalariak dira. "Lehiatzen gara, lehiaketak antolatzen ditugu eta maite ditugu. Baina lasterketek gaur egun balio asko galdu dituzte, eta guk gure lasterketak modu desberdinean antolatu nahi ditugu; hasierako lehiaketa horiek berreskuratu nahian gabiltza. Horretarako Etiketa Berdeko dekalogoak irizpide asko markatzen ditu". 

Etiketa Berdea webgunera sartuta dekalogoa eta lasterketa etikoen aldeko manifestua daude irakurgai. Baita konpromisoa azaldu duten lasterketen zerrenda. "Azkenean jendeak ikusi du zer dagoen, eta ondo dago hausnarketa egin dugunok bide berdina jarraitzea". 

Batetik, naturarekiko errespetuari jarraiki, probak modu jasangarrian antolatzeko konpromisoa hartu dute. Markaketa nola egin, hori da kezka nagusia, orain arte ibilbidea plastikozko zintekin markatzen zutelako, eta sarritan animaliek zinta horiek jaten zituztelako, sortzen dien kaltearekin. Zinta berrerabilgarriak dira aukera bat. "Etiketa Berdea egitasmoan banderin berrerabilgarriak erosi dituzte, makil fin bati zigilatutako telazko seinale batzuk, gure lasterketa guztietan erabili ahal izango ditugunak". Dekalogoan jasotzen da ere markaketa lanak bezperan egingo direla, eta garbiketa eta bilketa lanak lasterketaren egunean bertan edo, beranduenez, hurrengo egunean.   

Igor Artieda: "Korrikalari eliteak eta herrikoiak, guztiak berdin tratatzea ezinbestekoa da"

Edalontziak, hori izaten da beste kezka bat. Triku Trailen konpostagarriak edo berrerabilgarriak izan daitezela erabaki dute, baina Lakuntza-Aralarren korrikalariei norberak bere botila edo basoa ekartzea eskatu diete. Beriain Km Bertikala proba laburra denez, hornidura nagusia herrian dago eta ez dute arazo hori, Beriainen soilik ur botilak eskaintzen dituztelako. 

Kontuan hartu beharreko beste faktoreak ikusleak non kokatu behar diren erabakitzea da, ingurumena ahalik eta gutxien kaltetzeko, eta baita korrikalarien kopurua zehaztea ere. "Natur Parkeetan jokatzen diren lasterketetan gehienez 500, eta gainontzekoetan 1.000". 

Alde etikoa: berdintasuna
Korrikalarien arteko errespetua, elkartasuna eta mendizaletasunari lotutako balioak berreskuratzeko, "lehenik eta behin korrikalari guztiak berdin-berdin tratatuko ditugu. Ez dugu diskriminaziorik egingo eliteen edo 300. postuan sailkatu den korrikalarien artean. Ez ditugu bi lasterketa egingo, bat eliteendako eta bestea herrikoiendako. Eta korrikalari famatu edo ezagun bati ez diogu dirua edo egonaldia ordainduko gurera etortzeko. Agian dortsala oparituko diogu, bestelako konpromisoekin egiten dugun bezala, baina gehiago ez" argi dute. Nolanahi ere, argi dute elite mailako korrikalariekin lehiatzea eta puntako korrikalariak euren proban egotea gustuko dutela. "Jendea gehiago animatzen da eliteak daudenean". 

Lizeagari gertatu zitzaiona euren lasterketetan gertatuko balitz, argi dute. "Laguntza ematen ez duena deskalifikatuko genuke". Horretaz gain, dekalogoan sarietarako diru kopurua mugatua da. "Gehienez 3.000 euro banatuko ditugu Etiketa Berdeko lasterketan" azaldu du Artiedak. "Zegama-Aizkorrin agian lehenak soilik eramango du guk osora gastatu behar duguna" dio, irribarrez, Goikoetxeak. 

Zegama-Aizkorri
Zegama-Aizkorri maratoia Euskal Herriko lasterketa ezagunena eta garrantzitsuena dela ezin da uka. Mundu Mailako Koparako puntuagarria, izar handiak biltzen dira urtero, eta ikuslez lepo egoten da ibilbidea. Korrikalari gehienen ametsa da bertan lehiatzea. Antolakuntzak urtero egiten duen zozketan kopuru zehatz bat da soilik zorteduna. Juanjo Goikoetxeak bertan parte hartu izan du, eta Artieda ere gustura ariko litzateke. "Guk ez dugu Zegama-Aizkorri ez bestelako lasterketarik kritikatuko; ez dugu inoren kontra ezer. Guk soilik gure modeloa defendatzen dugu, eta guztiak gara bateragarriak. Zegama eskaparate bat da, erakusleiho ona. Auzolanean antolatzen da, baina baditu bere zerak" diote. 

Igor Artieda: "Mundu honetan debatea sortu izana, hori bakarrik Etiketa Berdearendako garaipen bat da"

"Sancti Spirituko jende uholdea ikusgarria da, baina agian jasangarritasunari kalte egiten dio, gauzak diren bezala. Eta zenbait babesleri edo marka handiei dagokienez, etikaren marra fin horretan geundeke. Kirol etxeak modu basatian sartzen ari dira mendi lasterketetan, interes ekonomikoak tarteko; gizon eta emakume kirolari lirainak, guapoak.. irudia saltzeko; marketing hutsa da. Eta non ekoitzi dira arropa horiek? Kontraesanak sortzen dira, guk geuk ere baditugunak, erabiltzaileak garelako eta gai korapilatsua delako". 

Gaia, "bolo-bolo"
Etikari begira, beste erabaki batzuk hartu dituzte. Esaterako, Triku Trailen sexu aukeren artean ez-bitarrena sartzea erabaki dute, korrikalari guztien berdintasuna bermatzeko. "Transgeneroen gaia araututa dago, legedi bat dago, esperientzia eta urteetako borroka, baina ez bitarretan legalki ez dago ezer arautua. Hor mundu bat dago deskubritzeke, eta noizbait hasi beharko dugu" dio Artiedak. "Etiketa Berdearekin gai berri asko lantzen hasiko gara" berretsi du Goikoetxeak. 

Etiketa Berdearen gaia "bolo-bolo" omen dago korrikalarien artean. "Jendeari hausnarrarazi izatea, debatea sortu izana, hori bakarrik Etiketa Berdearendako garaipen bat da". Sakandarrak gustura daude Etiketa Berdean sartzeko hartutako erabakiarekin. "Gu ez gara katedra bat ematen ari, ez ditugu lasterketak auditatuko. Konpromiso bat hartu dugu, zintzoak gara, eta lasterketa konprometituak antolatu nahi ditugu. Hau ez da moda bat". 

Igor Artieda: "Gu ez gara katedra bat ematen ari; lasterketa konprometituak antolatu nahi ditugu. Hau ez da moda bat"