Agendan,
- Pentsiodunen elkarretaratzea 12:00etan Altsasuko zumalakarregi plazan
- Mutuas, ¿Nos llevan hacia un doble sistema sanitario?, Nafarroako Osasun Plataformak antolatuta 18:00etan Iortian.
Sakanerrian,
- Arbizuko Udalak aurten dermioko bi bide konponduko ditu: Itsuspe eta Arisoota. Lanak Lakita enpresak hartu ditu bere gain eta haiek egitearen truke udalak 43.800 euro (BEZ barne) ordainduko dizkio.
- Iturmendin denda eta kafetegiaren jarduera ezarri nahi du Casa Amondarain SMk. Elizalde kaleko 1 zenbakidun etxeko beheko solairuak hartuko ditu denda eta kafetegia. Eraikina frontoiaren parean dago, plazan bertan. Iturmendiko Udalak jarduera lizentzia eskaerari bide eman dio eta jendaurrean egonen da garagarrilaren 24ra arte. Epe horretan bidezko alegazioak aurkez ditzakete jarduerak ukitutakoek.
- Gurutze Gorriak boluntarioak behar ditu. Nafarroako Gobernuak errefuxiatuei Altsasuko Otadia Kristo Deuna aterpetxean ematen die ostatu. Haren kudeaketa Gurutze Gorriaren esku utzi zuen. Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, boluntarioak behar ditu garilerako eta agorrilerako. Alde batetik, boluntarioak behar dira gaztelaniazko klaseak emateko talde txikiei astean behin eta bitan. Bestetik, Gurutze Gorriak boluntarioak behar ditu hainbat adinetako haurrekin jolas jarduerak egiteko. Astean bitan litzateke hori. Gurutze Gorriarekin boluntario izan nahi duenak 617 351 603 telefono zenbakira hots egin dezake. Bestela, aterpetik pasa daiteke 11:00etatik 14:00etara edo 16:00etatik 18:00etara.
- Irutzunen, gidaria atxilotuta autoarekin tabernako terrazan zeuden bi emakumezko harrapatu ondoren. Atxilotutakoa 21 urteko gizonezkoa da. Harrapatutako bi emakumezkoak, 29 eta 51 urtekoak, anbulantzian eraman behar izan dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera.
Kiroletan,
- Ekainaren 2an hasi eta ekainaren 9an despedituko da Dauphiné Liberé Criteriuma, txirrindulari askok Tourra prestatzeko erabiltzen duten proba. Igor Arrieta (UAE Emirates) eta Gorka Izagirre (Cofidis) bertan lehiatzen ari dira, euren liderrak laguntzen. Lehen etapa Mads Pedersen (Lidl-Trek) daniarrak irabazi zuen, eta bera da lehen liderra. Igor Arrieta 88. sailkatu zen, eta Gorka Izagirre 96., biak denbora berean. Aurretik etapa ikusgarriak dituzte txirrindulariek.
- Espainiako 23 urtez azpiko txirrindularitza selekzioak 23 urtez azpiko Nazioen Koparako baliagarria den Carrera de la Pazen parte hartu du egunotan, lau eguneko proba gogorrean. Azkeneko etapa ekainaren 2ean jokatu zen. Espainiako selekzioko Enekoitz Azparren eguneko ihesaldian sartu zen, birtualki sailkapen orokorrean bigarren kokatuz. Baina azkeneko kilometroetan behera egin zuen Azparrenek, eta ezin izan zuen bere iheskide Mourisen erritmoa jarraitu. Mourisek etapa eta sailkapen orokorra irabazi zituen, eta sailkapen orokorrean Iker Mintegi altsasuarra hemezortzigarren sailkatu zen, selekzioko denborarik onena.
- Txirrindulari sakandarrek sekulako maila eman zuten ekainaren 2an Vianan jokatutako Nafarroako Erlojupeko Txapelketan. Lehiatzen lehenak 23 urtez azpiko eta elite mailako afizionatuak izan ziren. 20,5 km zituzten aurretik. Ibai Azanza (Finisher) izan zen azkarrena eta Nafarroako txapelduna (26:56). 37 segundo gehiago behar izan zituen Adrian Martinez lakuntzarrak (Laboral Kutxa). Emakumekoetan Carlota Perurena (Vipeq Team) gailendu zen, eta Nahia Imaz altsasuarrak (Team Zatika Bike) ezin izan zuen proba bukatu. Junior mailakoek 15,7 km-ko distantzia osatu zuten. Gizonezkoetan, Iker Gomez altsasuarraren (Quesos Albeniz) eta Iker Villarren (Robert Innova) artean erabaki zen txapelketa, eta altsasuarrak beste garaipen bat bildu zuen bere zakura, azkarrena izan baitzen (20:21), Villarri 4 segundo aterata. Ekain Imaz (GT Tolosa) hirugarren sailkatu zen, 52 segundora. Emakumezkoetan Paula Ostizek (Baque Team) ez zuen areriorik izan (22:41). 2:46 minutu atera zizkion Marta Pelayori (Ecologicos Navarra-Beratxa). Lehen sakandarra Ane Beltran de Heredia altsasuarra izan zen (Timac Agro-Lacturale). Podiumera igotzear egon zen, laugarrena izan baitzen, 3:18ra. Azkenik, kadeteetan ordezkaritza zabala izan genuen. 8,7 km-ko gizonezkoen erlojupekoa estu-estua izan zen, baina azkenean Joanes Olaizola (Zu eta Biok) gailendu zen (12:37) Luca Martinez lakuntzarraren aurretik (Sakana Group-Alea), biak denbora berean. Hirugarren Erik Laiglesia sailkatu zen (Sakana Group-Alea, 25 segundora. Emakumezkoetan, Sofia Azanza (Izozmendi Team) izan zen txapelduna (15:19).
- Nafarroako Erlojupeko Txapelketako bezperan, Galarrek XIX. Miguel Uriz Oroimenezkoa hartu zuen, aldi berean Nafarroako Iraupenezko Txirrindularitza Txapelketa izan zena.
- Yala Nafarroak “Mugitu Palestinaren alde” lelopean pilota jaialdi berezia antolatu zuen ekainaren 2an Labrit pilotalekuan. Besteak beste, gizonezkoen paleta goma partidak, emakumezkoen bertso-pilota profesional partidak eta gizonezkoen pilota profesional ohien partidak izan ziren. Azken honetan, Adur Lasa pilotari ohi etxarriarrak eta Peio Martinez de Eulatek hartu zuten parte. Ekitaldian jasotakoa Al Awda ospitalearen alde bideratuko da.