EKAINAK 4

Guaixe Irratia 2024ko eka. 4a, 10:35

Agendan,

  • Koldo Arnanz arte tailerreko ikasleek egindako lanak ikusgai Iortia Kultur Guneko erakusketa aretoan.

Sakanerrian,

  • Lakuntzan, Nafarroako Gobernuaren ikerketaren arabera Lakuntzan udan eta neguan suteak izateko arrisku handia dago. Horregatik Lakuntzako Udalak Basoetako Suteen arriskuaren aurreko Udal Jarduera Plana egin zuen. Plan hori indarrean jartzeko aurreneko bilera izan zuten atzo. Lakuntzako Udaleko ordezkariak Babes Zibileko teknikariekin, basozainekin, Ingurumen Departamentuko teknikariekin eta Baso kudeaketa eta Kudeaketa Zinegetikoko ordezkariekin bildu ziren. 
  • Altsasuko Udalak bere jabetzakoa den biltegi bat enkante publikoan eta prozedura ireki bidez salduko du. Eraikina San Pedro Bidea kaleko 2A zenbakiduna da. Udalak jakinarazi duenez, beheko solairua eta altura bat duen etxea eraiki daiteke bertan. Biltegi horrengatik Altsasuko Udalak 28.809,41 euro eskatzen ditu. Enkantean eskaintza egin nahi dutenek udaletxeko bulegoetan aurkeztu beharko dute. Parte hartzeko jarri beharreko bermea 576,19 eurokoa da. Eraikinak 52 metro karratuko azalera du, beraz, guztira 102 metro karratu lukeen etxe bat eraikitzeko aukera ematen du. 
  • Olatzagutiko Udalak igerilekuko taberna udan errentan emateko deialdia egin du. Prozedura irekiko enkantea deitu du. Enkanteko hasierako prezioa 121 eurokoa (BEZ barne) da. Taberna errentan hartu nahi duenak bere eskaintza udaletxean aurkeztu beharko du. Horretarako epean garagarrilaren 6ko 14:00etan despedituko da. 
  • Jakiundek (Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia) antolatzen duen Jakin-mina programa aurten Nafarroako 14 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako 4. mailako 67 ikaslek (62 neska eta 15 mutil) parte hartu dute. Horien artean zeuden Andra Mari ikastolako bost ikasle eta Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuko beste bi. Hego Euskal Herriko ikasleei zuzenduta dagoen programa horrek ikasleen garapen intelektuala eta pertsonala bulkatzea du helburu, adituek emandako hitzaldi eta erakustaldien diziplina anitzeko programa baten bidez. Ikasturte honetan Jakin-mina programa hainbat diziplinatako bost hitzaldik osatutako ziklo bat izan da; ikasleek hitzordu bat izan dute hilean behin, azarotik martxora. 

Kiroletan,

  • Areto Futbolean, Kopak ihes egin zion Aralar Mendiri. Cintruenigon jokatutako Hirugarren mailako Areto Futboleko Kopako Final Fourreko final handian 2-1 galdu zuen Uharte Arakilgo taldeak Cintruenigoren kontra. Uhartearrek kopa horren gertu izan eta gero, bigarren urtea jarraian da lauko finalean ihes egiten diela. 
  • Futbolean, Altsasu kadeteak A, lehen mailara. Bigarren kadeteen mailako igoera fasean Asdefor eta Itaroa Huarte mendean hartu eta gero, mailaz igo eta datorren denboraldian lehen kadete mailan jokatuko du talde altsasuarrak.
  • Areto Futbolean, Ikuskizuna eta emozioa Korazonisten Futsal Txapelketan. Guztira hamalau taldek parte hartu zuten areto futbol torneoan. Kategoria batean LH5 eta LH6 mailako zortzi talde lehiatu ziren, eta bestean DBH1 eta DBH2 mailako sei talde. Txapelketa oso borrokatua izan zen.