EKAINAK 6

Guaixe Irratia 2024ko eka. 6a, 10:43

Agendan,

  • Irurtzungo liburutegian "Recreación guiada de la historia o libre imaginación de quien lee la novela" hitzaldia, 19:00etan.

Sakanerrian,

  • Lakuntzako Udalak jakinarazi duenez, denboraldi guztian igerilekura sartzeko abonamendu txartelak dagoeneko eskuragai daude. Horiek eskuratzeko udaletxera joan eta han txartelarekin ordainketa egin behar da. Bestela, udaletxera joan aurretik banku bidezko diru transferentzia egin udalari eta ordainketa frogagiriarekin udal bulegora joan beharko du interesa duenak. Familia ugariek eta langabeek %20ko deskontua izanen dute txartelaren prezioan. 
  • Otsailean aurrematrikula epea zabaldu ondoren, Ergoienako Udalak Udan Euskaraz aisialdi kanpalekurako izen ematea zabaldu du. Horretarako, ergoiena.com webgunean dagoen izen emate orria bete eta udaletxean aurkeztu beharko da. Guztia behar bezala antolatzeko, eskabide orrian familiek zehaztu beharko dute haur bakoitza zenbat aste joanen den Udan Euskarazera. Onartuak izateko garaian lehentasuna izanen dute aurrematrikula egin zutenek eta Ergoienan erroldatutakoak. Abisu bat jasoko dute onartuak izan direnak. Ergoienan erroldatutakoek matrikulagatik 50 euro ordaindu beharko dituzte familia bakoitzeko. Ergoienan erroldatuta ez daudenen kasuan matrikula 75 eurokoa izanen da.
  • Dorraoko Kontzejuak beheko basoko Askudi, Berroeta eta Kantera dermioetan dagoen baso aprobetxamendu ezohikoa saldu nahi du. Harengatik 144.638,91 euro (BEZ kanpo) eskatzen ditu. Eskaintzak Ergoienako udaletxean aurkezteko epea garagarrilaren 27ko 14:00etan despedituko da. Haritzez osatuta dago baso aprobetxamendua, guztira 3.725,3 metro kubiko egiten duena. 
  • Altsasuko Udalak Zelandi eskola publikoan behe-tentsioko instalazio elektrikoa eraberritzeko lanak eman nahi ditu. Lanek 73.527,52 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra hori egiten interesa duen enpresak eskaintza garagarrilaren 12ko 23:59ra arte aurkez dezake. Lana bere gain hartzen duen enpresak egin beharrekoak 28 egunetan despedituta izan behar ditu, irailaren 15erako hain zuzen ere. 

Kiroletan,

  • Aizkoran, Urrestillako Txikuri pilotalekuak XXVII. Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako finalak hartuko ditu ekainaren 9an, igandea, 17:45ean. Urrezko mailan Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Hodei Ezpeleta lehiatuko dira, eta kategoria txikiagoetan sakandarrek txapela janzteko aukera izango dute. 23 urtez azpiko finala Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu etxarriarrek jokatuko dute. Senideen arteko borroka estua espero da, eta gauza bakarra da argi dagoena: txapela Etxarri Aranatzera helduko dela. 18 urtez azpiko finala Oier Mitxelena altsasuarrak eta Unai Etxeberria “Osinalde”-k jokatuko dute. Aipatutakoez gain, 16 urtez azpikoen finala jokatuko da, eta Juan Iguaran Oroimenezko Harri Jasotze desafioa, 103 jasoaldi 125 kiloko harriarekin.