Agendan,
- Elkarretaratzea Altsasun 12:00etan, pentsio duinen aldekoa eta Etxarri Aranatzen zirku tailerreko erakustaldia.
Sakanerrian,
- Etxarri Aranatzen, igandean, garagarrilaren 16an ospatuko dute etxarriarrek San Adrian eguna. Egun horretan parte hartu nahi eta norekin bazkaldu ez duenak, udalaren mahaian bazkaltzeko aukera izanen du. Horretarako, bazkarirako txartela ordaindu beharko du, 30 euro hain zuzen ere. Aukera baliatu nahi duenak garagarrilaren 12ko 12:00ak arte eskuratu dezake bazkarirako txartela udaletxean. Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi duenez, San Adrian eguneko bere bazkarian ez da zerbitzaririk egonen eta mahaikideen artean zerbitzatu eta jasoko da mahaia. Gaineratu duenez gehienez ere hamabost pertsonendako lekua egongo da.
- Nasuvinsak, Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak, Altsasun babes ofizialeko 21 etxebizitza, garajea eta trastelekuak eraikitzeko deialdia egin du. Gizarte alokairuko etxebizitzak izanen dira eraikin horretan egonen direnak. Nasuvinsak zehaztu duenez, lanak Galtzada kaleko 6. zenbakian eginen dira, hilerrira daraman kalearen eskuin aldean dagoen orubean. Lanak 3.600.252,71 euroko aurrekontua du (BEZik gabe) eta Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (Next Generation EU) funtsen kontura finantzatuko da. Kontratua bere egiten duen enpresak lana despeditzeko 608 egun izango ditu.
Kiroletan,
- Futbolean, Etxarri Aranatz erregional taldeko plantillak arrazakeria kasu batean Nafarroako Futbol Federazioaren “bidegabekeria” irmoki salatu du. Nafarroako Futbol Federazioak Etxarri Aranatzek eta Beriainek maiatzaren 25ean jokatutako igoera faseko itzulera partida Etxarriri galdutzat ematea eta hurrengo kanporaketa lehiatzeko aukerarik gabe uztea erabaki du.Horren guztiaren aurrean plantillak euren “frustrazio, etsipen eta erabateko desadostasuna” adierazi du,“gure jokalariak Beriainen aurkako partidan jaso zituen iraun arrazisten ebazpenari buruz Nafarroako Futbol Federazioak hartu berri duen erabakiaren aurrean”. Halaber, “integrazioaren, errespetuaren, kiroltasunaren eta joko garbiaren alde egiten duen federazio batean, erabaki horrek guztiz kontrakoa” adierazten duela salatu dute. “Beriainen irain xenofoboak jasotzeaz gain, futbol zelaian irabazi duguna ere kendu digute, bigarren kanporaketa jokatzeko aukera”. Bukatzeko, “bidegabekeria horren aurrean ez garela besoak gurutzatuta geratuko” argi eta garbi utzi nahi izan dute, eta “behar diren baliabide guztiak” erabiliko dituztela “justizia egin arte”. “Ez dugu onartuko hori bezalako jokabide eta erabakiak erantzunik gabe gelditzea”.
- Aizkoran, Etxarriarra Aritz Oiarbide lehengusuari gailendu zitzaion XXVII. Urrezko Aizkolarien 23 urtez azpiko Banakako Txapelketako finalean. 18 urtez azpiko finalean Oier Mitxelena aizkorakada gutxi batzuen aldearengatik ez zen txapeldun izan.
- Mendi Lasterketetan, Aitor Blancok eta Ainara Alcuazek irabazi zuten XIX. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa luzea. Lasterketa motzean Owen Davies eta Maite Etxezarreta gailendu ziren. Nafarroako Kluben arteko txapelketan, A4xKM eta Hiru Herri izan ziren txapeldunak. 33. postuan helmugaratutako Ander Unzurrunzaga etxarriarra izan zen lehen sakandarra (2:36:46), eta 67. sailkatutako Asier Gartziandia lehen lakuntzarra (3:06:04). Lasterketa luzean ez zen sakandar emakumerik aritu. Lehen sakandarra Ivan Sobredo “Triki” altsasuarra izan zen, helmugan seigarren (1:07:44). Lakuntzarren artean Koldo Razkin izan zen azkarrena. 100. postuan sailkatu zen (1:37:24). Txalo gehienak, ordea, ibilbidea elkarrekin egin zuten hiru nerabe lakuntzarrek jaso zituzten: Ramon Romerok (1:43:01), Eneko Razkinek (1:43:02) eta Xabat Arraizak (1:43:03). Lehen sakandarra Erkuden San Martin etxarriarra izan zen (1:33:05).
- Txirrindularitzan, Roglicen Dauphinén sakandarrak ederki. Txirrindulari esloveniarrak bere bigarren Criterium du Dauphine irabazi zuen. Col des Glieresen despeditutako azken etapan Igor Arrieta Top 20an sailkatu zen.