Saretzen

Ibarrean 4.641 txakur daude

Guaixe 2024ko eka. 18a, 08:33

Sakandarren %22,59k txakurra du. EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen bateraguneak sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen. Eta elkarlan horren laugarren emaitza da maskotei, bereziki txakurrei erreparatu dien honako datu bilketa

Sakanan dauden txakur gehienak konpainiako animaliak dira, %57,9. Ehiza txakurrak daude ondoren, %28,7 eta, azkenik, zaintzarako edo aziendaren zaintza eta maneiurako dauden txakurrak %12,7 dira. Bestelako erabilerak ematen zaizkien txakurrak sakandarrek dituztenen %0,8 da. 

Europan katuak dira ohiko maskotak. Hego Euskal Herrian, ordea, txakurrak dira maskota gisa gehien erabiltzen diren animaliak.

 

Biztanleria eta txakur kopuruak ez doaz eskutik 

Populazioari erreparatuta Sakanako hiru herririk handienak Altsasu, Etxarri Aranatz eta Irurtzun dira, hurrenez hurren. Aurreneko bi udalerriak dira populazioaz aparte, txakur gehien dituzten udalerriak. Baina ez da horrela gertatzen Irurtzunen, seigarrena baita. Aurretik ditu berak baino biztanleria txikiagoa duten Olatzagutia eta Lakuntza. 

Beste muturrean, populazioari dagokionez, Sakanako herririk txikiena Arruazu da. Aurretik ditu Irañeta eta Bakaiku. Sakanan txakur gutxien duen herria da Arruazu. Baina Irañeta atzetik laugarrena, Bakaikun eta Iturmendin baino txakur gehiago baitaude han. 

 

 

Sakanan 272 katu daude 

Europan maskota gisa ohikoen den animalia katua da. Ibarrean, ordea, sakandarren %1,33k besterik ez du katurik. Hala azaldu dute Etxeko Animalien Identifikazio Erregistrotik. Iturri horren arabera katu gehien, 94, Altsasun daude. Irañetan, ordea, ez dago katu bat bera erregistratuta.

Txakur eta katu kopuruez

Datuei erreparatuta Irañeta nabarmentzen da, kasik pertsona adina txakur daudelako. Horretan zerikusia izanen du han dagoen txakur haztegiak. Maskota kopuru handiari dagokionez, atzetik ditu Arruazu, Arakil eta Ergoiena. Jasotako datuen arabera, maskota gutxien dagoen herria Irurtzun da, eta atzetik Altsasu du. 

Txakur gehiago umeak baino?

Gure gizartea zahartzen ari da eta gero eta ume gutxiago jaiotzen dira gurean. Maskotak presentzia handia duen jendarte bat ere bada gurea. Bi parametro horiek gurutzatuta, zenbait herritan 15 urtera arteko haur eta nerabeak baino txakur gehiago dago: Ergoiena, Arruazu, Ziordia eta Arakilen esaterako. Irurtzunen kontrakoa pasatzen da, txakurrak baino haur gehiago daudela. 

 

Arraza ohikoenak herrika

Txakur mestizoak dira Sakanan ugarien direnak, baita ibarreko dozena bat udalerritan ugarienak direnak ere. Salbuespena Irañeta, Arruazu eta Etxarri Aranatz dira. Irintar txakur jabeen hirugarren aukera da animalia mestizo bat izatea. Arbazuarren eta etxarriarren kasuan, berriz, bigarren aukera. da. Aipatu azken hiru herri horietan txakur arraza ugariena Ingalaterrako setterra da. Txakur arraza hori ugaria da Sakanako gainontzeko udalerrietan ere, baina ez dago Uharte Arakil, Bakaiku eta Urdiaingo hiru txakar arraza ugarien artean.

Untxariak ibarreko zortzi udalerrietako herritarren gogokoen artean daude: Arakil, Irurtzun, Lakuntza, Ergoiena, Bakaiku, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia. Gainontzeko zazpi herrietan ez da gogo arrazen podiumean sartzen. Borde collie txakurrak bost herritan estimatzen dituzte: Uharte Arakil, Arbizu, Etxarri Aranatz, Urdiain eta Altsasu. Gainontzeko udalerrien gogoko hiru aukeren artean ez dago. Bestetik, gogoko arrazen podium horretan euskal artzain txakurra Arruazun, Bakaikun eta Iturmendin sartu da. Bukatzeko, irintarrek eta uhartearrek gogokoen dituzten hiru arrazen zerrenda ere nabarmentzekoa da. Gainontzeko herrietako podiumean sartu ez diren bi arraza nabarmentzen dira bietan. Irañetan Schnauzer arraza bigarren aukera da. Uharte Arakilen, berriz, norwich terrierra.

 

Nafarroan 104.140 txakur daude

Nafarroan txakurra duten biztanleak %15,68 dira. Gutxienez txakur bat duten familia nafarrak %20,2 dira. Foru erkidegoan dauden txakurretatik %61 konpainiakoak dira. Ehiza txakurra, berriz, %31,2 dira. Zaindari lanak egin edo abereen zainketan aritzen direnak txakurren %7 da Nafarroan. Azkenik, bestelako erabileretarako baliatzen dituzte txakurren %0,7.