EKAINAK 19

Guaixe Irratia 2024ko eka. 19a, 10:38

Agendan,

  • Auzozaintza edo zaintza komunitarioaz eta harreman sozial osasuntsuen garrantziaz hitz egiteko hitzaldiak eginen dituzte ekainean. 19an, asteazkena, Altsasuko jubilatuen elkartean. 18:00etan.

Sakanerrian,

  • Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko beste hemeretzi biktima aitortu ditu, Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi duenez. Hala, jada 31 dira egindako aitortzak; apirilean egin zituzten lehen hamabiak. Biktimen artean,zenbait torturatu daude; gutxienez, bost. Iker Moreno Ekineko eta Askatasunako kideen aurkako operazio batean atxilotu zuten,2011n, eta inkomunikazio aldian jasandako torturak salatu zituen Fernando Grande-Marlaskaren aurrean; orduan, Auzitegi Nazionaleko epailea zen. Operazio berean atxilotu eta torturatu zuten Patxi Arratibel ere.  Mikeldi Diezek, berriz, tratu txarrak, mehatxuak eta presioak salatu zituen. Hura 2005ean atxilotu zuten, Altsasun (Nafarroa), ETAko kide izatea leporatuta.
  • Irurtzungo udal musika eskolan bi irakasle lanpostu aldi baterako bete beharra dute: akordeoi eta musika hezkuntzako irakaslea. Bi lanpostu horiek betetzeko izangaien zerrenda oposizio lehiaketa bidez osatuko du udalak, plantilla organikoan jasotako lanpostu hutsa betetzeko. Gainera, ordezkapen poltsa bana sortuko du lanpostu bakoitzerako. Hautaketa prozesua gainditu arren, ordezkatu beharreko plaza lortu ez duten izangaiek osatuko dute poltsa hori, lanpostu horretan egon daitezkeen beharrak aldi baterako betetzeko. Deialdian interesa duenak eskabidea hilaren 20ra arte aurkez dezake. 
  • Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du dagoeneko udal musika eskolan matrikula egin daitekeela. Garagarrilaren 28ra arte dago epea zabalik. Udalak jakinarazi duenez, musika eskolan matrikulatzeko aparteko izen emateko epe bat zabalduko dutela agorrilaren 19tik irailaren 2ra arte. Baina epe horretan izena ematen dutenei udalak ez die musika ikasketak egiteko plaza bermatzen. 
  • Altsasuko Udalak Ondarria industrialdean hobekuntzak lanak emateko deialdia egin du. Lanen 3. fasea da orain esleitu nahi duena. B kalean, ibaiaren ertzeko magalean gerrietua edo korritua izan zen eta industrialdeko espaloi bati eragin zion lur mugimenduak. Horrelakoak eragozteko udalak harri lubeta eginen du. Horretaz aparte, B kaleko ibai aldeko espaloia konponduko du. Espaloia berritzeko lanak erabiliko dira sareetarako kanalizazioak sartzeko, etorkizunean erabili ahal izateko.  Aipatu kaleko zorua ere berrituko da. Egiteko horiengatik udalak 100.257,51 euro (BEZik gabe) ordainduko du. Eskaintza aurkeztu nahi duen enpresak garagarrilaren 26ko 23:59ra arteko epea du. Kalitate eta prezio erlazio onena duen eskaintzari emanen dio lana. 

Kiroletan,

  • Pilotan, CaixaBank Mastersa, indartuta. Bi bikote gehiagok jokatuko dute udako binakako torneoa. Ezkurdiak Albisurekin osatuko du bikoa, Zabaletak Peña II.arekin eta Martijak Jakarekin. Uztailaren 19an hasi, eta urriaren 6an despedituko da, Nafarroa Arenan.
  • Txirrindularitzan, Ane Berastegik Espainiako Kopako hirugarren postuari eusten dio, asteburu zoragarriaren ondoren. Ekainaren 15ean Murtzian jokatutako lasterketan hirugarren izan zen, eta ekainaren 16an, Valentzian, hirugarren.
  • Txirrindularitzan, Ondarra eta Martinez, Mungian. Bi afizionatu sakandarrek Agustin Sagastiren Oroimenezkoan lehiatu ziren.