EKAINAK 20

Guaixe Irratia 2024ko eka. 20a, 11:03

Agendan,

  • Lakuntzan, batzarra, udaletxeko batzar gelan, 18:00etan. Hatortxu Rock 30 inguruko batzar informatiboa.

Oharrak,

  • Mank-i urarengatik ordaintzeko garaia. Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutiko herritarrek Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuaren jakinarazpena jasoko dute. Izan ere, aurtengo bigarren hiruhilekoari dagozkion ordainagiriak pagatzeko garaia iritsia. Ordainagiriak kontu korronteetan garilaren 4an kargatuko ditu. Aldi berean, ibarreko erakundeak jakinarazi du garagartzaroaren 16tik aurrera jasotako aldaketak (kontu zenbakiak, katastroko aldaketak eta beste) hurrengo hiru hilean hartuko dituzte kontuan. 
  • Irurtzungo Udalak igeriketa ikastaro eskaintza egin du. Itxesia igerilekuan izanen diren ikastaro horiek lau urtetik gorako haurrei zuzenduta daude. Hasierako maila eta hobekuntza maila daude. Taldeak eta ordutegiak zehazteko mailaketa probak igerilekuan bertan eginen dira garilaren 1eko 12:00etan. Ikastaroak goizez izanen dira, astelehenetik ostegunera, garilaren 18an eta 25ean salbu. Igeriketa ikastaroetan parte hartu nahi dutenek garagartzaroaren 26ra arte eman dezakete izena Irurtzungo udaletxean edo irurtzun.eus webgunean. 
  • La Burundesa enpresak jakinarazi duenez, garagartzaroaren 22tik aurrera bi autobus zerbitzu bertan behera geldituko dira. Batetik, Olatzagutiatik Iruñera astegunetan 06:30ean abiatzen dena eta herriz herri pasatzen dena. Bertan behera geldituko den beste autobus zerbitzua Iruñea eta Olatzagutia astegunetan lotzen duena eta hiriburutik 11:45ean abiatzen dena, herri koxkorrenetatik pasatuz. 

Kiroletan,

  • Pilotan, Herrien Arteko Pilota Txapelketa Txikian asteburuan final laurdenak jokatu ziren. Arbizu zen txapelketan geratzen zen Sakanako herri bakarra, Irurtzun final zortzirenetan erori baitzen. Arbizuko Aldabide klubeko pilotariek Baztango klubekoak izan zituzten aurkari ekainaren 15ean Elizondon, eta gauzak ez ziren ongi atera Arbizuko taldearendako. njaminen mailan, Agerraldek eta Jaurenak (Baztan) Loidi eta Mauduit (Arbizu) 18-11 hartu zituzten mendean. Kimuen mailan, Agesta eta Otxandorena (Baztan) 18-8 gailendu ziren Loidiren eta Lopetegiren (Arbizu), eta, haurren mailan, Agestak eta Brañak (Baztan) 18-6 irabazi zieten Mendinuetari eta Urtasuni (Arbizu). 
  • Pilotan, Herrien Arteko Txapelketa Absolutua ere azken txanpan dago. Finalerdiak asteburuan jokatuko dira, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Ekainaren 22an, larunbata, 10:30ean, Doneztebe eta Zizur taldeen arteko finalerdia jokatuko da, kadeteen, jubenilen eta seniorren mailan.