Sakanako esperientziaz Udalbiltzaren topaketan

Guaixe 2024ko eka. 21a, 10:30

EHUko irakasle Aitor Urrestik aurkeztu zuen Enerkide proiektua. SGA

Energia komunitateei buruzko topaketan Enerkide proiektuaren berri eman zen.

Legorretako Herri Antzokian Euskal Herriko txoko ezberdinetako 60tik gora hautetsi, eragile eta energia komunitateetako kide elkartu ziren garagartzaroaren 15ean. Udalbiltzak antolatutako Energia komunitateak: harreman-sareak ehuntzen topaketak erakarrita elkartu ziren. Topaketan hizpide izan zituzten, besteak beste: energia komunitatea, Udalbiltzak egindako lanketa, saretzearen garrantzia, Ipar Euskal Herriko egoera, Nafarroako Energia komunitateak, Kataluniako sarea eta beste. 

Topaketa Enerkide proiektuaren aurkezpenarekin bukatu zen. Egitasmo horren parte dira Sakanako Garapen Agentzia, I-ENER, ESTIA eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU). Egitasmoak Euroeskualdearen babesa du. EHUko irakasle Aitor Urrestik aurkeztu zuen egitasmoa. Bere helburua da mugaz gaindiko energia-komunitateak bultzatzea, komunitate horiek gainditu behar dituzten oztopo nagusiak aintzat hartuko dituen metodologiatik eta tresna-kaxetatik abiatuta.