"Txakurrari maitasun handia hartzen diozu, merezi du"
Zuriñe Ormaechea Padilla
Henry txakurraren jabe zuhatzuarra
Zuhatzuarrak txakurra izateak merezi duela nabarmendu du. “Haurren moduan, behar dituzten txertoak eta zaintzak. Bestela, ilea moztea behar badu... arrazoizko prezioak dira. Gutxieneko zerbitzuak dira”. Lana bai, baina ongi hezitako txakur batek bueltan ematen duena askoz ere gehiago dela nabarmendu du Zuriñe Ormaechea Padillak.
Zergatik duzu txakurra?
Animaliak izugarri gustatzen zaizkidalako.
Noiztik?
Henry duela urtebete dugu. Aurretik arratoi-txakur eme bat izan genuen.
Nondik heldu zaizu txakurrekiko zaletasuna?
Gurasoen familietatik jaso dut zaletasuna. Baserrikoak dira eta mota guztietako animaliak izan ditugu. Animalia zale handiak gara, liluratzen gaituzte.
Zein arrazatako txakurra duzu?
Border collie artzain txakurra da.
Zergatik?
Senarrak aukeratu zuen, mendian ibiltzeko konpainiako txakurra nahi zuelako. Bera gustura, eta ni ere bai. Nigatik balitz, txikiago bat aukeratuko nuke, baina kitto. Arraza horretako txakurrak oso mugituak, urduriak dira, eta mendi bueltetarako oso egokiak dira. Hala ere, etxean gurekin bizi da. Nire ustez, pertsonekin zenbat eta harreman handiagoa izan, orduan eta maitekorragoak dira. Primerako elkarbizitza dugu. Gainera, herri batean bizi gara. Kalera atera eta etxe ondoan ibiltzeko lur zabala du, eta oso aske egoten da.
Nolako harrera egiten dizu ikusten zaituenean?
Etxera sartzean zoratu egiten da. Izugarria da. Hasieran, txikia zenean, kosta egiten zitzaion. Asko markatzen duen txakurra da, pertsonalitate handia zuela iruditzen zitzaidan, oso serioa. Pitteka egin da, eta orain iristen garen bakoitzean goraino igotzen zaigu eta berrogei musutxo ematen dizkigu. Gogaikarria da, baina liluragarri da.
Zer ematen dizu?
Energia positiboa. Triste zaudenean musutxoak ematen dizkizu. Errieta egiten badiozu, pozik egoten jarraitzen dute. Berdin dio zer egiten diozun, sekula ez dira zurekin haserretzen. Oso lagunartekoak, maitekorrak dira. Egiten diezun guztia eskertzen dizute. Txakur bat ongi tratatu eta maitasuna emanez gero, erabat saritzen zaituzte. Gainera, konpainia izugarri handia egiten dute.
Txakurraren osasuna nola zaintzen duzu?
Ibarrean lan egiten duen albaitari zoragarri bat dugu. Hots egin eta herrira agertzen da. Oso prezio onak ditu. Albaitaritzakoak ere hor daude. Botika eske joan eta galdetegi pila bete behar dituzu, edozer gauza ez dutelako ematen. Txakurrak asko kontrolatzen dituzte. Altsasuko albaitariarengana ere joan gara. Banatu egiten dugu, guztiek lana izan dezaten. Guztia oso kontrolatuta dago. Guztien aldetik oso ongi. Gainera, Arakilgo Udalak txakur guztiak txertatuta eta araudiaren arabera egoteaz asko arduratu zen.
Txakurra hartu behar duenari zer aholku emanen zenizkioke?
Lehenik eta behin argi izan dezala txakurtxo horrek konpainia handia beharko duela. Izugarri eskertuko dio. Lana ere bada, hau ez da erraza, txakurrak higienea, txertoak eta beste izan behar ditu. Luzera ez da garestia. Hasieran kostatzen da, baina txakurrari maitasun handia hartzen diozu, merezi du. Ondoren oso esker onekoak dira. Konpainia handia egiten dute. Hori bai, diziplina pixka bat izan behar da: eguraldia edozein dela ere, egunero kalera atera behar da, bainatu behar da, lehortu behar da... Baina ez da lan handia, gainera ondoren oso esker onekoak dira. Ongi erakutsiz gero, haiek berdin sarituko zaituzte.
"Aurretik ez dut beste txakurrik izan"
Sergio Espuelas Ruiz
Kas txakurraren jabe unanuarra
Unanuarrak mustu berri du txakur jabe titulua eta oso pozik dago txakurrarekin. Animalia zalea izanik, aukera suertatu zenean bat hartzea erabaki zuen. Txakurra ez da etxean bizi, kanpoan baizik. Harekin mendira joatea gogoko du unanuarrak.
Zergatik duzu txakurra?
Animalia polita da, eta konpainia handia egiten dit. Niri gustatzen zait.
Noiztik?
Duela bost hilabete dut txakurra. Aurretik ez dut beste txakurrik izan. Txikia nintzenean aitak txakur bat zuen, baina ez etxean, beti kanpoan zegoen.
Nondik heldu zaizu txakurrekiko zaletasuna?
Betidanik gustatzen zaizkit txakurrak, beno, animalia guztiak. Pentsatu nuen txakurra izateko garaia zela.
Zein arrazatako txakurra duzu?
Mestizoa da. Ama euskal artzain txakurra da eta aita ez dakit, agian, artzakurra. Opari bat izan zen. Hemengo neska batek bost txakur kume zituen pertsona bat ezagutzen zuen, eta bat niretako izan zen.
Zergatik?
Hau etorri zen, ongi etorria.
Nolako harrera egiten dizu ikusten zaituenean?
Ni itzultzen naizenean beti pozik dago txakurra. Saltoka egoten da, eta buelta pila bat ematen ditu.
Zer ematen dizu?
Konpainia handia egiten dit. Niri asko gustatzen zait mendira joatea eta berarekin joatea, niretako hoberena da.
Txakurraren osasuna nola zaintzen duzu?
Janaria oso garrantzitsua da. Eta gero aktibitatea: kirola, mugitzea. Txertoak-eta, guztia behar bezala jarri behar dira.
Txakurra hartu behar duenari zer aholku emanen zenizkioke?
Gogoa izan behar duzu. Niretako hori da garrantzitsuena. Eta denbora pixka bat ere. Baina pozik bukatuko du.
"Ikusten nauenean asko hunkitzen da"
Ricardo Calvo De la Fuente
Kai txakurraren jabe ziordiarra.
Ziordiko udaletxe pareko berdegunean izan da hitzordua. Kai lurrean etzanda egon da elkarrizketak iraun bitartean, ez du zaunka bakar bat egin. Baina inguruan gertatzen ari zen guztiari begira egon da.
Zergatik duzu txakurra?
Konpainia egiteko, berarekin paseatzeko. Kalera ateratzera behartzen nau. Entretenimendu bat da. Baina batez ere, konpainia egiteko dut txakurra.
Noiztik?
Duela hamahiru urte. Txakurren bizitza kontuan hartuta, nirea agure bat da.
Nondik heldu zaizu txakurrekiko zaletasuna?
Etxean gurasoek betidanik izan dituzte txakurrak, beti izan dugu txakur bat etxean.
Zein arrazatako txakurra duzu?
Mestizoa da.
Zergatik?
Lasaiagoa delako, besterik gabe. Nik, gainera, txikia izatea nahiago nuen.
Nolako harrera egiten dizu ikusten zaituenean?
Bartzelonako musika jaialdi batera joanen naiz garilean eta Raulek, anaiak, zainduko du. Etxera bueltatzen naizen bakoitzean oso pozik eta alai dago, jostari, eta ikusten nauenean asko hunkitzen da.
Zer ematen dizu?
Kaik niri konpainia handia egiten dit. Norbait etxera etorri eta txirrina jotzen badu, ziztu bizian etxea defendatzera ateratzen da. Badakizu: txakur zaunkalariak hozkarik ez. Ez du ezer egiten, baina txirrina jotzean ziztuan ateratzen da.
Txakurraren osasuna nola zaintzen duzu?
Ihabar edo Irañeta, orain ez dut gogoan herria, albaitari bati hots egiten diot eta etxera etortzen da. Dagozkion txertoak eta bestelakoak jartzen dizkio. Eta gero garbiketa eta halakoak.
Txakurra hartu behar duenari zer aholku emanen zenizkioke?
Ardura handia da txakur bat hartzea. Txakurrari adi egon behar du, zu ez bazaude bakarrik gelditu eta ea zeinek kasu egiten dion. Bidaiatzera bazoaz, jatekoa, ura eta gainerako guztia, ardura handia da.