Jaiotza indizeak behera egiten ari dira azken urtetan, eta maskotenak, berriz, gora. 15 urte arteko haur eta nerabeen eta txakurren kopuruak lotzeak gure jendartearen beste irudi bat ematen du. Datu absolutuei erreparatuta, populazio eta Nafarroako Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorreko datuak aintzat hartuta, Sakanan 15 urtetik beherako 3.035 haur eta nerabe daude, txakurra, berriz, 4.641. Hau da, haur eta nerabeak baino 1.606 txakur gehiago daude Sakanan. Bestela esanda, ibarrean hamar biztanleko 2,28 txakur daude, eta hamar ume eta nerabeko 15,3 txakur. Hego Euskal Herriari dagokionez, haur eta txakurren ratioa Euskal Autonomia Erkidegoan 11,4koa da eta Nafarroan 10,6koa. Datu absolutuei dagokienez, Nafarroan ere haur eta nerabeak baino 5.304 txakur gehiago daude (103.792 eta 98.488).
Sakanako udalerri batetik bestera aldeak dauden haur eta txakur arteko ratioak. Sakanako herri bakar batean besterik ez daude haur eta nerabe gehiago txakurrak baino: Irurtzunen, 8,2 txakur daude hamar umeko. Ibarreko 15,3ko ratioaren azpitik lau udalerri daude: Altsasu (11,7), Etxarri Aranatz (13,2), Arbizu (13,9) eta Lakuntza (14,6). Aipatutako bost udalerriak Sakanako sei populatuenen artean daude.
Ume eta nerabeak baino txakur gehiago duen udalerria Ergoiena da, 55,5 txakur daude hamar haurreko. Gauza bera gertatzen da Arruazun (53,3), Irañetan (43,9), Ziordian (35), Arakil (29,9), Bakaiku (26) eta Urdiain (24,2). Aipatutako herrietatik Irañeta eta Arakil kenduta, gainontzeko guztiak despopulazio arrisku mailaren bat dute Nafarroako Gobernuaren arabera. Zerrenda horretan dauden Uharte Arakilen haur bakoitzeko 19 txakur daude eta Olatzagutian 18,9.