Saretzen

Sakanan familien %28,5 txakurra du

Guaixe 2024ko eka. 24a, 13:29

Emakumezkoa txakurrarekin paseatzen Arbizun. ARTXIBOA

Ibarrean 4.641 txakur daude erregistratuta Hamar biztanleko 2,28 txakur daude, Hego Euskal Herriko ratioa gainditzen du ibarreko txakur kopuruak. Sakanak Nafarroako populazioaren %3,06 du, eta foru erkidegoko txakurren %4,45. 

Saretzen EITBek eta Tokikomek, euskarazko hedabideen bateraguneak, duten datu kazetaritzari buruzko egitasmoa da. Haren barruan, laugarren azterketan maskotei erreparatu diegu. Nafarroako Etxeko Animalien Identifikazio Erregistroaren arabera Sakanan 4.641 txakur eta 272 katu daude. Baita bestelako 30 animalia ere badaude. Azken horiek honako animalietako bat izan daiteke: txoriak, narrastiak, iguanak edota txerri vietnamdarrak. Pentsatzekoa da erregistratu gabe, txipik gabe, maskotaren bat gehiago izanen dela ibarrean. Bestetik, ez dago argi maskoten errolda sistematikoki eguneratzen den eta bajak ere jasotzen diren, litekeena baita datuen artean hildako maskotak egotea ere. 

Horiek guztiak kontuan izanda, jasotako datuen arabera Sakanan guztira 4.943 maskota daude erregistratuta. Hau da, sakandarren ia laurdena, %24,26k, etxeko animalia bat du. Kopuruek argi adierazten dutenez, ibarreko maskota ohikoena txakurra da, %93,89 Sakanan. Katuak %5,50 dira eta gainerako maskotak, berriz, %06,60. 

Kopurua
Azterketa honetan txakurrei erreparatuko diegu gehienbat. Sakandarren %22,79k txakurra du. Kopuru hori Nafarroako %20,2aren eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) %22,5aren gainetik dago. Bestela esanda, hamar sakandarreko 2,28 txakur daude, hamar nafarreko 1,57 eta EAEko hamar biztanleko 1,50. 

Normalean, zenbat eta biztanle gehiago izan udalerrian orduan eta txakur gehiago daude. Hala da Altsasuren (1.243 txakur, Sakanakoen %26,78) eta Etxarri Aranatzen (563, %12,13) kasuan. Irurtzun ibarreko hirugarren herri populatuena da, baina erregistratutako txakur kopuruari dagokionez, ibarreko seigarrena da (309, %6,66). Irurtzunen aurretik daude Arakil (409, %8,81), Olatzagutia (357, %7,69) eta Lakuntza (335, %7,22). Beste aldean, Sakanan txakur gutxien dagoen herria Arruazu dago (64, %1,34). Aurretik ditu Iturmendi (92, %1,98), Ziordia (119, %2,56), Bakaiku (122, %2,63) eta Ergoiena (172, %3,71). Irañetako kasua berezia da, ia biztanleak adina txakur daudelako erregistratuta. Hori gertatzen da herrian pedigria duten txakurren haztegia dagoelako eta, ondorioz, horrek herriko datuak baldintzatzen ditu. 

Azken hari horri tiraka, herritetako populazioari eta txakur kopuruari erreparatuta, Irañeta kenduta, txakur gehien Arruazun daude, %60,38. Segituan heldu dira Ergoiena (%46,11), Arakil (%42,30), Ziordia (%34,39), Bakaiku (%34,37), Urdiain (%30,82), Uharte Arakil (%27,56), Lakuntza (%26,11), Arbizu (%25,27) eta Olatzagutia (%23,96). Zerrenda horretatik Arakil, Lakuntza eta Arbizu kenduta, gainontzeko zazpi udalerriak despopulazio arriskuan daude Nafarroako Gobernuaren arabera. Txakur tasa txikien duten udalerriei dagokienez, Irurtzun (13,44) eta Altsasu (16,56) daude. Gainontzekoek %20tik gorako ehunekoak dituzte. 

Txakurren erabilera
Erabileraren arabera, Sakanan dauden txakurren %57,9 konpainiakoak dira. Nafarroan konpainiako txakurrak %61 dira, Araban %66, Gipuzkoan %71 eta Bizkaian %78. Lehen aipatutako txakur haztegiagatik, Sakanan konpainia txakur gehien duen herria Irañeta da (%74,1). Ondoren, konpainia txakur gehien duten udalerriak dira: Altsasu (%70,9), Uharte Arakil (%67,9), Irurtzun (%66,7) eta Arbizu (%60,2). Beste muturrean, konpainia txakur gutxien dauden udalerriak dira Arruazu (%29,7) eta Ergoiena (%32). Gainontzeko udalerrietan konpainia txakurrak %43 eta 55 artean daude. 

Ehiza txakurrak Sakanan daudenen %28,7 dira, Bizkaian %14,5, Araban %19,60, Gipuzkoan %25,40 eta Nafarroan %31,30. Ibarrean ehiza txakur gehien duen udalerria Arruazu da, %54,7. Sakanako herri bakarra da txakurren erdia baino gehiago ehiza txakurrak direnak. Arruazuk atzetik ditu Ergoiena (%44,2), Lakuntza (%41,2), Arakil (%40,6) eta Ziordia (%40,3). Ehiza txakur gutxien dituzten Sakanako udalerriak dira: Uharte Arakil (%12,8), Irañeta (%13,9), Arbizu (%19,7) eta Altsasu (%20). Gainontzeko herrietan, ehiza txakurrei dagokionean, %24 eta 35 arteko kopuruak dituzte. 

Zaintzan edo abereen maneiuan ibiltzen dira ibarreko txakurren %12,7. Araban %9,20, Gipuzkoan %8,30 dira, Bizkaian %7,3, Nafarroan %7 dira. Sakanako gainontzeko %0,8 gida txakurrak, laguntzakoak, kirolerako edo bestelako jardueretarako erabiltzen dira. Nafarroan, %0,7. Sakanari dagokionez, zaintzarako txakur gehien dituen udalerria Ergoiena da %23,8. Haren atzetik dauden Arbizu (%19,7), Etxarri Aranatz (%19), Uharte Arakil eta Urdiain (%17,9) eta Arruazu (%15,6). Zaintza txakur gutxien duen ibarreko herria Ziordia da (%3,4). Halako erabilera duten txakur gutxi daude ere Altsasun (%8,1), Irañetan (%8,2), Irurtzunen (%8,7) eta Arakilen (%9). Gainerako udalerrietan %12,7 eta 14,3 artean daude zaintza txakurrak. 

Gida txakur, laguntza txakur, kirolean edo bestelako erabilerak dituzten txakurrak Sakanan %0,8 dira, Nafarroan %0,7, Gipuzkoan %0,3 eta Araban eta Bizkaian %0,2. Ibarrari erreparatuta halako txakur gehien Irañetan daude (%3,8). Haren ondoren daude Ziordia (%1,7), Lakuntza (%1,5), Uharte Arakil (%1,4) eta Altsasu %1. Bestalde, erabilera horiek dituzten txakurrik ez dago Irurtzunen, Arruazun, Ergoienan, Bakaikun, Iturmendin eta Urdiainen. Gainontzeko herrietan %0,3 eta 0,5 arteko kopuruak dituzte.