Agendan,
- San Pedro Festak Arruazun eta Urdiainen eta 12:00etan Altsasun pentsiodunen elkarretaratzea Zumalakarregi plazan.
Albisteak,
- Uharte Arakilen, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko legeari segituz, eta aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko ezohiko prozesuaren barruan, Uharte Arakilgo Udalaren zerbitzurako zerbitzu anitzetako udal-langile plaza bat merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin zuen. Behin prozedura despedituta, Uharte Arakilgo Udalak Javier Almintearena Legaz zerbitzu anitzeko lanposturako funtzionario izendatu du.
- Olatzagutian, Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Olatzagutiko Udalak deialdia onartu zuen musika eskolako hainbat irakasle lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko. Pianoko irakaslearen lanpostua betetzeko merezimendu-lehiaketa prozesua bukatuta, Olatzagutiko Udalak Eider Santesteban Mariñelarena kontratatu du pianoko irakaslearen lanpostua betetzeko. Langile lan kontratudun finkoa izanen da, B mailakoa eta lanaldi partziala izanen du.
- Aldatu Gidoia mugimenduak jakinarazi du Guardia Civilak isuna jarri diela mozal legea aplikatuta.
Prentsaurrekoa egin zuen Altsasun apirilaren 25ean, eta haren bidez Gasteizen maiatzaren 18rako deitutako Aldatu gidoia euskararen alde manifestazioaren berri eman zuten. Mobilizazioaren bidez ikus-entzunezkoetan euskararen aldeko politikak eskatuz zituzten. Berriki, mugimenduko kide batek Guardia Civilaren isun jakinarazpena jaso du. Antza, X sare sozialean zabaldutako irudiak arakatu ditu eta ikusi dute 22 lagun bildu zirela prentsaurrekoan. Horregatik, jarri diote isuna. Legearen arabera, elkarretaratzeak egin behar direnean, ez da premiazkoa baimenik eskatzea baldin eta hogei lagun edo gutxiago elkartzen badira. Hori horrela, Guardia Civilak argudiatu du agerraldia egin zutenek ez dutela baimenik eskatu, eta legeak onartzen duen gehienezko lagun kopurua gainditu egin zutela, bi gehiago zeudelako. Aldatu Gidoia mugimenduak isuna kritikatu eta salatu du, eta nabarmendu Mozal Legearen helburua dela herritarrei eragoztea politikan parte hartzea. “Guk euskaran ardaztutako politikak aldarrikatzen segituko dugu”
Kiroletan,
- Disko jaurtiketan, June Kintanak zilarrezko domina ekarri du Espainiako Aire Zabaleko Txapelketetatik. La Nucían jokatutako txapelketatik zazpi domina iritsi dira Nafarroara. June Kintana Larrazak disko jaurtiketan parte hartu zuen. Rankingean hirugarren postuan iritsi zen txapelketetara, eta bigarren sailkatu zen (52,72 m), Ines Lopezen (55,14 m) atzetik.
- Pilotan, Altuna, Ezkurdiaren amets gaiztoa. Amezketako txapeldun handiak 5 tantotan utzi zuen arbizuarra, eta Sanferminetako Lau eta Erdiko finala jokatzeko ametsa zapuztu zion. Altunak seigarren aldiz jokatuko du uztailaren 7ko Sanferminetako kaiolako finala, Peña II.aren kontra. Altunari guztia ongi atera zitzaion eta ez zuen akatsik egin, eta mendebal horren aurrean Ezkurdiak ezer gutxi egin ahal izan zuen, Altunak jokoaren ekimena izateaz gain, partidaren tempoak kontrolatu baitzituen. Ezkurdiaren aurrean oso kontzentratuta ibili behar zuela jakitun zen, eta hala aritu zen. Beste behin, Altuna Ezkurdiaren amets gaiztoa izan zen: 5 tantotan utzi zuen arbizuarra. Pena handiz, Sanferminetako Lau eta Erdiko finala jokatzeko ametsari agur esan zion Ezkurdiak.
- Mendi lasterketetan, Macias, Etxezarreta, Santamaria eta Azpiroz, Triku Traileko txapeldunak. Lohi artean ibili behar zuten korrikalariek 10. Triku Trail mendi lasterketan. 21 km-ko lasterketan 218 korrikalarik hartu zuten parte, eta 10km-ko laburrean 144k. Proba Euskal Herriko Koparako baliagarria zen. Lasterketa luzea Xabier Macias iruindarrak irabazi zuen (1:48:50), Iñigo Uribeetxebarria legazpiarraren (1:49:16) eta Hodei Samaniego sestaoarraren (1:50:01) aurretik. Lehen sakandarra Iraitz Berastegi lakuntzarra izan zen, sailkapen orokorrean 39. (2:18:44). Emakumezkoetan Maite Etxezarreta azpeitiarrak ez zuen areriorik izan (2:14:30). Bigarren Ainhoa Intxausti segurarra (2:17:27) eta hirugarren Lara Estebanez legazpiarra (2:19:07) izan ziren, eta lehen sakandarra Maite Zabaleta etxarriarra, hamaseigarren emakumea (2:59:48). Lasterketa motzean lehia oso estua izan zuten Ezcarayko Ricardo Santamaria junior errioxarrak eta Ekhi Congil etxarriarrak, eta, azkenean lehena gailendu zen (52:32), etxarriarrari 16 segundo aterata (52:48). Hirugarren Mattin Intxaurrondo izan zen (53:27). Emakumezkoetan, Guratz Azpiroz uitziarra izan zen azkarrena (1:08:03), Jona Oar-Arteta gernikarraren (1:08:11) eta Marina Zabala lakuntzarraren (1:08:22) aurretik.
- Uharte Arakil-Beriain Kilometro Bertikaleko izena ematea gaur zabaldu da. Uztailaren 1etik irailaren 9ra bitartean eman daiteke izena, 220 tokiak agortu arte. railaren 22an, 10:00etan jokatuko da Uharte Arakil (471 m) eta Beriain gaina (1.494 m) lotzen dituen Uharte Arakil Beriain Km Bertikala. Antolatzaileak, Aralar Mendi klubak, uztailaren 1ean 10:00etan zabaldu du izena ematea. Lasterketa 220 parte hartzaileetara mugatuta dagoenez, azkar ibiltzeko deia egin dute. Izena ematea Kronoak.com edo uhartearakil-beriain.com webguneetan egin daiteke, irailaren 9ra arte edo dauden 220 tokiak agortu arte.