Agendan,
- Herri txokoa prestatzeko batzarra. Uztailaren 4an, osteguna, Altsasuko festetako herri txokoaren inguruan hitz egiteko bilera eginen dute, Gure Etxean.
- Udako sasoian, ur festa goxoak. Gaur, uztailak 4, Uharte Arakilen
Albisteak,
- Sunsundeguin ez dira Volvoren azken autobus modeloak eraikiko. Sunsundeguik eta Volvo Bus enpresek akordioa itxi zuten. Haren bidez Altsasuko karrozeria enpresak suediarren azken belaunaldiko 9700 eta 9900 modeloak karrozatu behar zituen. Baina, azkenean, akordioa bertan behera gelditu da, Sunsundeguik akordioa garatzeko beharrezkoa den inbertsio gaitasunik ez duelako. Hala ere, bi enpresen arteko erlazioa ez da hautsiko eta Sunsundeguin Volvoren beste autobus mota batzuk karrozatzen segituko dute.
- Etxean sua egiteko egur lotean banatu ditu Unanuko Kontzejuak. Banaketa egitearekin batera, kontzejuak unanuarrak gaztigatu ditu: loteak urtea despeditu aurretik atera behar dira. Bestalde, Unanuko Kontzejuak herritarrei ibilgailuekin tentuz ibiltzeko eskaera ere egin die: “aldamenak errespetatu eta ibilgailuendako pasa libre utzi”.
- Etxarri Aranazko Udalak aisialdi eta denbora libreko begirale ikastaroan matrikulatzeak eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin du. Udalak diruz lagunduko ditu 2023ko lastailaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra arte egindako ikastaroren matrikulak, bai ikastaro estentsiboak bai trinkoak. Ikastaroa egiteagatik sortutako kilometraje gastuak ez ditu diruz lagunduko. Udalak 2.000 euro bideratu ditu deialdi horretarako. Jakinarazi duenez, onuradunek gehienez 450 euro jasoko dituzte.
Kiroletan,
- Areto Futbolean, Roberto Martilek Xotaren kapitaina izaten jarraituko du. Kapitain irurtzundarrak urte bateko kontratua berritu du Xotarekin, eta “bereziki motibatuta” dagoela nabarmendu du. Roberto Martil ‘Palote’ irurtzundarrak Osasuna Magna Xotako kapitaina izaten segituko du 2024/2025 denboraldian. Jokalaria eta kluba adostasunera iritsi dira eta beste denboraldi bateko kontratua sinatu dute. Martilek “oso pozik, eta datorren denboraldiari begira bereziki motibatuta” dagoela nabarmendu du. “Joan zen denboraldia gogorra izan zen. Belauneko lesioa zela eta, jokatzen jarraitzeko ahalmena izango ote nuen edo ez, zalantza izan nuen. Beraz, oso pozik nago, taldekideekin aurre denboraldia egiteko irrikaz eta denboraldi osoa egiteko prest. Bestalde, Roberto Martilek emakumezkoen senior mailako Xota taldea entrenatzen jarraituko du.
- Txirrindularitzan, Luca Martinezen podium bikoitza Urdiainen. VI. Urdiain Sariko helmugako esprintean Sakana Group-Alea taldeko lakuntzarrak ezin izan zuen Inoxcra-Beasain taldeko Unai Aranburu gainditu, eta bigarren postuarekin eta mendiko sariarekin konformatu behar izan zuen. Lasterketa hasi eta berehala hasi ziren mugimenduak eta erasoak, baina, azkenean, Altamiratik aurrera bat egin zuen zazpikote bat iritsi zen batera Urdiaingo helmugara. Bentaldetik elizara bitarteko aldapako esprintean Unai Aranburu (Inoxcra-Beasain) gailendu zen Luca Martinez lakuntzarraren eta (Sakana Group-Alea) eta Joanes Olaizolaren (Zu eta Biok) aurretik (1:19:03). Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ekai Erdozia (Sakana Group-Alea) hamaseigarren iritsi zen; Janitz Zufiaurre (Sakana Group-Alea) 22.; Xabier Curiel (Quesos Albeniz) 28.; Manex Huarte (Sakana Group-Alea) 32.; Oier Olaberria (Quesos Albeniz) 40.; Unax Etxeberria (Sakana Group-Alea) 44.; Ibai Galarza (Quesos Albeniz) 48.; Ion Unai Gonzalez (Sakana Group-Alea) 58.; Asier Flores (Quesos Albeniz) 60.; Unai Gomez (Quesos Albeniz) 61.; eta Juan Carlos Gil de Gomez (Quesos Albeniz) 62. Luca Martinezek mendiko saria irabazi zuen, Lander Antoñanak (Invitec-Iturribero) tartekako helmugen saria, eta Inoxcra-Beasainek talde onenaren saria, Sakana Group-Alea taldearen aurretik.