Uztailak 5

Guaixe Irratia 2024ko uzt. 5a, 11:04

Agendan,

  • Zelanda taldearen kontzertua Olatzagutian, Barandi tabernan,  20:00etan.
  • Antzerki eta zirku ikuskizuna La banda teatro circo konpainiarekin. 21:30ean, Irurtzungo Gernika plazan.

Albisteak,

  • San Migelgo Toki eta Bideen Europako Sarea Uharten batzartuko da. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiaren aurtengo batzarrean aparteko tokia izan zuen San Miguelgo Toki eta Bideen Europako Sarearen martxa. Kofradiako lehendakari Jose Mari Ustarroz Razkinek jakinarazi zuenez, "sareak Italiako Monte Garganon egin zuen Urteko Bilera Orokorra maiatzean. Han erabaki zen 2025eko bilera Aralarren eta Zamartzen egitea. Bi egun iraunen ditu eta maiatzeko bigarren hamabostaldian edo garagartzaroaren lehen hamabostaldian izanen da". Data zehatza lastailean jakinaraziko dutela aurreratu zuen. 
  • Iturmendiko jaietako larunbatean, uztailaren 20an, arratsaldeko 19:30tan egingo dute. Manifestazio honen bitartez, “Errepresiorik ez! Adierazpen askatasuna defendatu lelopean, gure auzokidea den Fani-ren askatasuna eta absoluzioa aldarrikatuko dute. Espetxea ekiditeko 7000 euroko fidantza jarri behar izan zuen eta, horrekin batera, Fiskalak eskatzen dituen 2,5 urteko espetxe zigorraren mehatxupean dago.

Kirolak,

  • Pilotan, Iscarren jokatutako eskola adineko Espainiako Federazioen Arteko Pilota Txapelketa Nafarroako selekzioak irabazi du. Pablo Lopez de Goikoetxea altsasuarrak jaso zuen kopa. Tartean, Maialen Larraza paleta goma txapelduna da. Ekainaren 27tik 30era eskola adineko 36 metro frontoiko Espainiako Federazioen Arteko Txapelketa jokatu zen Iscarren (Valladolid). Nafarroako selekzioko hautatzaileek prestatutako ordezkaritzan sakandar bakarra zegoen, ekainaren 23an Lekunberrin Julene Inunziagarekin batera kadeteen mailako Nafarroa Foru Komunitatea Paleta Goma Torneoa irabazi zuen Maialen Larraza Senar palista etxarriarra. Espainiako Eskola Arteko Txapelketan Nafarroako selekzioak egiten duen egonaldia kudeatzen eta bertara joaten makina bat urte daramatza Pablo Lopez de Goikoetxea Sueskun altsasuarrak. Nafarroako Pilota Federazioko kidea izan zen 30 urte inguru, makina bat kargu eta ardura izan zituen, eta oraindik bera da Iscarreko Espainiako Eskola Arteko Txapelketaren Nafarroako selekzioaren ardura. Jakina, berak jaso zuen Nafarroako selekzioak irabazitako kopa. 
  • Automobilismoan, sakandarrak ongi VI. Irurtzun Arakil Rallysprintean. Javier Goikoetxea eta Iñigo Galarza kopilotuak podiumera igo ziren. Ekainaren 30ean 32 autok parte hartu zuten VI. Irurtzun Arakil Rallysprintean, eta horietatik 26k osatu zuten Zuarrarrate portuan prestatutako 12,6 km-ko eremua, hiru aldiz. Azkarrenak Agurain Eskuderiako Andoni Perez de Villarreal pilotua eta Javier Goikoetxea kopilotu olaztiarra izan ziren (BMW E30), Formula Libreko 10. klaseko txapeldunak (23:22.100). 

    Iñigo Galarza iturmendiarrak Kintoa Motorsport eskuderiako Alvaro Gutierrez pilotuaren kopilotu lanak egin zituen beste behin (Citroen Saxo). Lan ederra egin zuten, scratch edo sailkapen orokorrean zazpigarrenak izan zirelako eta bere mailan, lehen klasean, txapeldunak (24:56.600).

    Sakana Motorsport eskuderiako ordezkariak Ander Gurmindo pilotua eta Mikel Larrea kopilotua izan ziren (Clio Sport). Scratchean hamaseigarren sailkatu ziren, eta bere mailan, lehen klasean, hirugarren izan ziren (27:42.100).

  • Sakandarrak, sanferminetarako prest. Foru Plazan jokatuko diren herri kirol txapelketa eta erakustaldietan parte hartuko dute herri kirolari sakandarrek. Uztailaren 10ean, asteazkena, Nafarroako Gizonezkoen Trontza Txapelketa jokatuko da. Urritzolako Aritz Legarreak Aizarotzeko Jon Etxeberriarekin osatuko du bikoa, eta etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 epai, eta zutik jarritako kanaerdikoari 4 epai egin beharko dizkiote. Iraizozko Josetxo eta Iñaki Barberena izango dituzte aurkari. 

    Egun berean, Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa erabakiko da. Momentuz lau bikotek eman dute izena, tartean Andra Mariko Jokin Camposek eta Adur Lizarragak. Igantziko Danel Urtxegi-Mattin Eugi, Basaburuako Oier Migeltorena-Aiert Fagoaga eta Arantzako Saioa Etxegarai-Oinatz Madariaga izango dituzte aurkari. Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egin beharko dizkiote. 

    Uztailaren 10ean ere herri kirol proba konbinatuen erakustaldia egongo da Foruen Plazan. Kimuen mailan Andra Mariko talde batek parte hartuko du, Arantza, Basaburua eta Igantziko taldeekin batera. 

    Lau sakandar III. Mailako Aizkora Txapelketan
    Uztailaren 11n Nafarroako Gizonezkoen III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da Iruñean. Guztira hamahiru aizkolarik parte hartuko dute, tartean Oier Mitxelena altsasuarrak, Aitor Saralegi irurtzundarrak, Joan Goikoetxea etxarriarrak eta Amets Aristizabal urdiaindarrak. Iker Goldarazena, Markel Iturralde, Beñat Senosiain, Oier Larretxea, Mikel Santesteban, Julen Urrutia, Ander Etxeberria, Mikel Armendariz eta Xabier Mitxelena izango dituzte aurkari. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte, eta azkarrenek egingo dute aurrera. 

    Mikel Lasarte, Motozerrako txapela defendatzera
    Uztailaren 12an XXIV. San Fermin Motozerra Saria jokatuko da. Sakanako Harri Jasotze Eskolako irakasle eta arduradun Mikel Lasartek hartuko du parte, Peio Kañamaresekin eta Juan Asinekin. 30 minutuko bi txanda izango dituzte, eta txanda bakoitzean irudi bat egin beharko dute. Joan zen urtean Mikel Lasartek jantzi zuen txapela, urte luzez txapeldunorde izan eta gero. 

    Bukatzeko, uztailaren 14an Nafarroako Emakumezkoen San Fermin Harri jasotze Torneoa jokatuko da eta lehiakideen artean Sakanako Harri Jasotze eskolan trebatzen diren harri jasotzaileek hartuko dute parte. Txapelketan hiru altxatzaile lehiatuko dira: Ane Cestau, Isabel L. Vives eta Andere Larrion. Bi harri desberdinekin (63 kiloko zilindroa eta 50 kiloko bola) 2 minutuko txandak egingo dituzte.