Uztailak 8

Guaixe Irratia 2024ko uzt. 8a, 10:35

Agendan,

  • Altsasuko udaletxe aurrean, 12:00etan, Sakanako Pentsiodunen Mugimenduaren kontzentrazioa.

Albisteak,

  • Adinekoen ariketa fisikoko ikastaroetan izena emateko epea zabalik. Intxostiapuntako gimnasioan ariketa fisikoko saioak eginen dira. Zelandiko igerilekuan, berriz, ur terapia egiteko aukera dago. Ikasturtea irailaren 23an hasi eta garagarrilaren 20an despedituko da. Bi talde daude: 09:45etik 11:00etara eta 11:00etatik 12:15era. Izena emateko edo informazioa jasotzeko honako telefono zenbakietara hots egin daiteke. 948 012 012, 948 468 343 edo 948 467 662. Izen ematea hilaren 8tik 18ra zabalik egonen da, plazak bete arte.
  • Sakanako Autobiaren (A-10) Lakuntzako irteeraren parean istripua izan zen larunbatean 09:14ean. Arruazurako noranzkoan zihoan monobolumen bidetik atera, erdibitzailea gainditu zuen eta kontrako erreian iraulita geratu zen, kopilotuaren aldean bermatuta. Ezbeharraren ondorioz 27 urteko gizonezko gazte bat zauritu zen. Istripuko gunera  Altsasuko parkeko suhiltzaileak, Oinarrizko Bizi Euskarriko anbulantzia bat, Etxarri Aranazko osasun etxeko mediku taldea eta Foruzaingoa joan ziren. Hainbat kolpe zituen eta, pronostiko erreserbatuarekin, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Zauritutakoa zen ibilgailuko bidaiari bakarra.
  • Parapentean aritu nahi zuen gizonezko batek ezbeharra izan zuen Iturmendiko Txopordi dermioan igandean 17:56an. Aireratzerakoan pago baten adaburuaren kontra kolpea hartu eta zuhaitzean zintzilik gelditu zen, hamar bat metroko altueran. Hura handik jaisteko Altsasuko parkeko suhiltzailea, suhiltzaileen erreskate teknikoko taldeko kideak eta helikopteroa joan ziren. Guztien artean gizona pagotik onik jaistea lortu zuten 20:00ak aldera.

Kirolak,

  • Pilotan, Ezkurdia eta Tolosa, San Fermin Torneotik kanpo. Aurretiazko kanporaketan 19-22 galdu zuten Zabalaren eta Rezustaren kontra. Aurretiazko kanporaketa horietako batean Ezkurdiak eta Tolosak Zabala eta Rezusta izan zituzten aurkari, Labriten. Zabalak mina hartuta dagoen Elordiren tokia hartu zuen, eta modu ezin hobean, gainera. Partidan parez pare aritu ziren bi bikoak, eta berdintasuna izan zen ezaugarri nabarmenena. Azkenean, lehia gogor eta borrokatuan, 19 eta 22 gailendu ziren Zabala eta Rezusta, eta San Fermin Torneorako sailkatu ziren. Aldiz, torneotik kanpo geratu ziren Ezkurdia eta Tolosa, eta San Ferminetan ariko dira, baina jaialdietako irekiera edo itxiera partidetan. Altuna eta Martija uztailaren 9an, asteartea, sartuko dira lehian San Fermin Binakako Pilota Torneoan. Jaka eta Albisu izango dituzte aurkari. Peio Etxeberriak eta Zabaletak, aldiz, uztailaren 11n ekingo diote torneoari, eta hain zuzen ere, Altuna eta Martija izango dituzte aurkari. 
  • Areto Futbolean, Russo, Osasuna Magna Xotako fitxaketa berria. 23 urteko pibotak hiru urtetarako sinatu du. Baloiarekin duen abiadura eta eskuin kolpea, horiek dira Russoren ezaugarri nabarmenenak. 
  • Txirrindularitzan, Uztailaren 7an Loinaz Proba jokatu zen Beasainen, afizionatuen mailako lasterketa luze eta ezaguna. Mugimendu handiko lasterketan, helmugara Haimar Etxeberria (Finisher) eta Sergio Gutierrez (Gomur Cantabria) iritsi ziren batera, eta esprintean Etxeberria gailendu zen (3:51:38)
    Jon Gil lakuntzarra (Supermercados Froiz) 38. sailkatu zen, eta Ailetz Lasa ziordiarra (Telcom) 75.