Uztailak 9

Guaixe Irratia 2024ko uzt. 9a, 10:33

Agendan,

  • Gozamenez programaren ekimena Sakanako zenbait igerilekuetan izanen da. Gaur Etxarri Aranatzen ospatuko da 20:30etatik aurrera.

Albisteak,

  • Eusko Ikaskuntza erakundearen lehendakariak, Ana Urkizak, eta Tokikomen zuzendari nagusiak, Alaitz Artolazabalek, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenak bi erakundeen arteko harremanak sendotu eta elkarlan ildoetan sakontzeko asmo du. Haren bidez, Eusko Ikaskuntzak eta Tokikomek elkarrizketa sustatu eta sinergiak sortu nahi dituzte, edukien ezagutza sustatu eta zorroztasuna lortzeko.
  • Bakaikuko Udalak herriko bake epaile titularraren eta haren ordezkoaren kargua hutsik daudela jakinaraztearekin batera, kargu horiek betetzeko deialdia egin du. Horrenbestez, garilaren 29ra arteko epea izanen da eskabideak udaletxean aurkezteko. 
  • Iturmendiko Udalak garilaren 17tik 21era herria garbitzeko bi pertsona kontratatu nahi ditu. Herriko festak direla eta, kale garbiketaz arduratuko dira kontratatutako langileak. Bakoitzak eguneko 60 euro jasoko ditu. Deialdian izena eman nahi duenak, gaur du azken eguna udaletxetik pasa eta jakinarazteko. 

Kirolak,

  • Pilotan, uztailaren 7an abiatu zen San Fermin Binakako Torneoa. Peio Etxeberriak eta Zabaletak, egungo binakako txapeldunek, Jaka eta Albisu izan zituzten aurkari mukuru beteta eta festa giroan murgilduta zegoen Labriten. Partida gogorrean, Etxeberriak eta Zabaletak 18-22 hartu zituzten mendean Jaka eta Albisu, eta sanferminetako trofeo preziatua janzteko hautagai faboritoen artean daudela erakutsi zuten. 2021. urtean txapeldunak izan ziren Iruñean, eta aurten trofeoa berritzea du buruan bikoak. Gaur, uztailak 9, asteartea, Altuna III.ak eta Martijak Jaka eta Albisu izango dituzte aurkari 22:15ean Labriten hasiko den jaialdian. Jaialdia ixten duen partidan Joanes Bakaikoak eta Elizegik De la Fuente eta Gaskue izango dituzte aurkari. 
  • Txirrindularitzan, Avilésen irudi oso ona eman dute txirrindulari sakandarrek. Iker Gomez eta Luca Martinez Top 10ean sailkatu ziren. Ane Beltran de Herediak, Ane Berastegik, Siets Goikoetxeak, Ekain Imazek, Enara Perezek eta Ekaiz Zufiaurrek euren lana ederki bukatzea lortu zuten. steburuan eskola adineko Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Avilesen. Nafarroako selekzioak hautatutako txirrindularien artean bederatzi sakandar zeuden deituak txapelketan aritzeko. Eta sailkapenei begiratuta, sakandarrek lan ederra egin dutela ezin da ukatu.