Uztailak 10

Guaixe Irratia 2024ko uzt. 10a, 11:11

Agenda,

  • Gozamenez programaren ekimena. Gaur Altsasuko igerilekuetan, 20:30etatik aurrera.

Albisteak,

  • Ergoendarrei laguntza eskatu die udalak. Heldu den ikasturterako ikastaro eskaintza prestatzen ari da eta aldez aurretik haietan interesa dagoen jakin nahi du. Alde batetik, helduei zuzendutako ikastaroa antolatu nahi du, eta, bestetik, haurrei eta helduei zuzendutako ingeles ikastaroak daude. Interesa dutenek izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbakia, zein herrietakoa den, interesa duen ikastaroa eta zein ordutan nahi lukeen jakinarazi behar du udaletxean edo info@ergoiena.com e-posta elektronikoan. Ergoienako Udalak jakinarazi duenez, heldu den ikasturtean Dorraon yoga ikastaroa (astean bi ordu) eta eskulan ikastaroa (ostiraletan) izanen dira. Bestalde, kakorratz eta puntu ikastaroa ere izanen da interesa duten guztiendako. Izen emate kopuruaren arabera erabakiko da non eginen den ikastaro hori.
  • Olatzagutiko basotik egur kopuru handiak atera dira azken urtetan eta makinen eta kamioien joan etorriak pista nagusiaren egoerari eragin diote. Hura hobetuz etorkizunean emanen diren baso aprobetxamenduak errazago salduko direla jakitun, Olatzagutiko Udalak pista hori berritzea erabaki  eta deialdia egin zuen. Lau enpresek aurkeztu zuten eskaintza, eta haiek aztertuta, udalak Excavaciones y Transportes Santi 2014 SM enpresaren alde egin du. Enpresak lanak egiteagatik 33.791,67 euro (BEZ barne) jasoko ditu.
  • Irurtzungo festak garilaren 17tik 21era izanen dira. Egitarauan hutsik egiten ez duen hitzorduetako bat kalderete lehiaketa da. Aurten garilaren 19an, ostiralarekin, jokatuko da. Parte hartu nahi dutenek garilaren 16ra arte, asteartea, dute aukera izena emateko. Horretarako, udaletxera jo beharko du interesa duenak. Lehiaketa epaia 14:00etan jakinen da. Bazkaltzera, 14:30ean eseriko dira parte hartzaileak. 

Kirolak,

  • Pilotan, San Fermin Torneoa punturik gabe hasi dute Altunak eta Martijak. Jakaren eta Albisuren kontra 22-20 galdu zuten . San Fermin Binakako Torneoa aurrera doa. Bart, uztailak 9, Altuna eta Martija sartu ziren lehian. Uztailaren 7an Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra galtzetik zetozen Jaka eta Albisu izan zituzten aurkari. Mukuru beteta eta kantari zegoen Labriten, apustuak Altunaren eta Martijaren alde atera ziren, alde handiz, faborito argiak baitziren. Baina sorpresa handia hartu zuen bat baino gehiagok, jokoan zegoen puntua Jakak eta Albisuk lortu zutelako. 
  • Arku Tiroan, Lakarri Eguesibarko Arku Eskolak bere arkulariak Altsasun kontzentratu zituen berriki, Espainiako Arku Tiro Txapelketa behar bezala prestatzeko. Korazonistek utzitako instalazioetan hartu zuten ostatu arkulariek.
  • Futbolean, Bilbao Athletic taldeko Oier Gastesi Serrano atezainak (2003, Altsasu) beste urte batez berritu du talde zuri-gorriarekin. Hain zuzen ere altsasuarrak uztailaren 8an hasi zuen aurre denboraldia, Athletic talde nagusiarekin Valverderen esanetara entrenatzen. 
  • Herri kiroletan, Sanferminetan, Andra Mariko herri kirolariak eta Aritz Legarrea lanera. Andra Marikoak herri kirol proba konbinatuetan eta Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketan lehiatuko dira, eta Aritz Legarrea Nafarroako Gizonezkoen Trontza Txapelketan.