Albisteak,
- Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak gogorarazi du, nahi duen guztiak konposta hartzeko aukera duela. Baratza, soro edo etxeko loreontzietan erabiltzeko egokia da. Hondakin Zerbitzuko arduradunek azaldu dutenez, “urte guztian joan daiteke konposta hartzera. Zakuak eraman daitezke, edo gurdiak bete, nahi adina kilo har baitaitezke”. Informazio gehiago nahi duenak info.hondakinak@sakana-mank.eus e-posta helbidera idatzi edo 900 730 450 telefonora hots egin dezake.
- Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi du haurrak igeri egiten ikasteko ikastaroa antolatu duela. Itxesi udal igerilekuan izanen da ikastaroa, hiru asteko iraupena izanen duena. Garilaren 22an hasiko da eta agorrilaren 9an despedituko da. Udalak jakinarazi duenez, saio bakoitzak ordu erdiko iraupena izanen du. Ikastaroan haurrak matrikulatu nahi dituenak hilaren 12ra arte, ostirala, du horretarako. Udaletxean egin behar da izen ematea.
- Olatzagutiam, festetako historiaurreko ginkanan izena emateko epea zabalik dago.
- Bakaikun, Gazte asanbladaren festetako zapia eskuratzeko azken eguna.
Kirolak,
- Futbolean, Maitane Vilariñok Osasunari agur esan dio. Eskerrak eman dizkie zale gorritxoei, lau urte hauetan emandako babesarengatik, eta oraindik ez du azaldu zein bide hartuko duen. Maitane Vilariño Mendinueta Osasunako jokalari olaztiarrak gutuna idatzi zuen bere sare sozialetan, talde gorritxoa utziko duela adieraziz. “Lau urteren ondoren bide berria hartzea tokatzen da” esanez hasten du mezua. Talde gorritxoan “une ederrak, baina baita gogorrenak ere” bizi dituela nabarmendu du, azken denboraldiari aipamen zuzena eginez. “Gogorra izan da, baina taldekideei eta zaletuen mezuei esker, eramangarriagoa”. Osasunan jokatzea, nolanahi ere, ahaztezina izan da berarendako. “Nafarra naizen aldetik armarri hau defendatzea ikaragarria izan da, Sadarren jokatu ahal izatea bezala, edozein haur nafarrek amesten duena”. Talde gorritxoan asko ikasi duela nabarmendu du. “Lan eta ikasketa askoko urteak izan dira hauek, futbolari, eta bereziki pertsona gisa haztera eraman nautenak”. Azkenik, esker oneko hitzak ditu. “Eskerrik asko zaleei, gu zaindu, balioan jarri eta partida bakoitzean animatzeagatik. Ikaragarriak zarete. Gorritxoak, plazera izan da zuekin gol eta garaipen bakoitza ospatzea. Mila esker guztioi”. Vilariñok ez du, momentuz, azalpenik eman nahi izan. Oraindik ez du adierazi zein izango den jokatuko duen talde berria, eta pentsatzekoa da bide berria hartzen duenean afera honen inguruko azalpenak emango dituela.
- Herri kirolak, Legarrea, zilarrezkoa, eta Campos eta Lizarraga, brontzezkoak. Nafarroako Trontza Txapelketak sanferminetan erabaki ziren. Nafarroako Gizonezkoen Trontza Txapelketan bi bikok jokatu zuten, aurretik lan itzela zutela: etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 epai, eta zutik jarritako kanaerdikoari 4 epai egitea. Iraizozko Josetxo eta Iñaki Barberena anaiak izan ziren nagusi (14:39) eta ia minutu bat gehiagoko aldea atera zieten Urritzolako Aritz Legarreari eta Aizarotzeko Jon Etxeberriari (16:34). Beraz, Legarrea txapeldunordea dugu. Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketan bost bikote lehiatu ziren, eta tartean zeuden Andra Mari ikastolako Jokin Campos eta Adur Lizarraga. Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egiteko lanean azkarrenak Oier Migeltorena eta Aiert Fagoaga izan ziren (6:50), Danel Urtxegi eta Mattin Fugiren aurretik (7:09). Jokin Camposek eta Adur Lizarragak osatu zuten podiuma (8:10). Nafarroako Emakumezkoen Trontza Txapelketa Ainhoa eta Maria Iraizoz ahizpek irabazi zuten (8:41).
- Erremontea, Uztailaren 4an aurkeztu zuten Nafarroa Foru Komunitatea Erremonte Torneoa-Magna Sari Nagusia 2024, Iruñeko Kondestable Jauregian. Txapelketa 11 herrietan jokatuko da guztira, eta uztailaren 19an hasiko da, Irurtzungo festetan, eta Zubirin despedituko da, urriaren 5ean. Txapelketa bi multzotan jokatuko da. A multzoan Uterga-Leatxe, Matxin II.a-Mitxeo eta Iturregi-Saldias bikoteak daude, eta B multzoan Zeberio II-Barricart, Otxandorena-Ion eta Sagaseta-Otano.
- Herri kiroletan, Mitxelena, Saralegi, Goikoetxea eta Aristizabal, aizkorak zorrozten. Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko dute, sanferminetan. Uztailaren 11n, osteguna, Nafarroako Gizonezkoen III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan, Iruñeko Foruen Plazan, 12:00etatik aurrera. Guztira hamahiru aizkolarik parte hartuko dute, tartean Oier Mitxelena altsasuarrak, Aitor Saralegi irurtzundarrak, Joan Goikoetxea etxarriarrak eta Amets Aristizabal urdiaindarrak. Iker Goldarazena, Markel Iturralde, Beñat Senosiain, Oier Larretxea, Mikel Santesteban, Julen Urrutia, Ander Etxeberria, Mikel Armendariz eta Xabier Mitxelena izango dituzte aurkari. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte, eta azkarrenek egingo dute aurrera.