Uztailak 16

Guaixe Irratia 2024ko uzt. 16a, 10:36

Agendan,

  • Gaur Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak diseinu grafikoko tailerra antolatu du, gaztetxean.
  • Mutiko txikiak Altsasuko peñaren urteurrena prestatzeko batzarra eginen dute, Gure Etxean gaur, 19:00etan.
  • Alarma Morea taldearen kontzertua izanen da, Pikuxarren, 20:00etan
  • 'Como dios manda' filmaren proiekzioa izanen da Irurtzungo Udako Zineman, 22:00etan.
  • Iturmendiko festak gaur hasiko dira, egitaraua hemen.

Albisteak,

  • Nafarroako Gobernuak aurten Urbasa-Andia natur parkean bi lan egin nahi ditu eta horiek emateko deialdia egin du. Alde batetik, San Donato, Roya eta Baiza dermiotean askak jarri edo hobetzeko 56.686,19 euro (BEZ barne) bideratuko ditu. Bestetik, Urbasa eta Andia Mendietako zenbait paraje sasiz garbitzera 29.568 euro (BEZ barne) bideratu ditu Nafarroako Gobernuak. Aurten 20 hektareako azaleran eginen dira sasien garbiketa. Zehazki honako parajeetan: Ollo, Olderitz, Zalbide, Zaborrate eta Andaasarri-Lezamenen. Bi egitekoak bere egin nahi dituen enpresak eskaintza garilaren 31ko 23:30era arte aurkez dezake. Lanak azaroaren 15erako despedituta egon beharko dute. 
  • Uharte Arakilgo Udalak ikastetxe publikoaren eraikineko inguratzaile termikoaren birgaitze energetikoa eta energia-eraginkortasuna hobetzeko obra egiteko eta zuzentzeko proiektua idazteko deialdia egin du. Lanak 57.385,22 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du eta kontratua eskuratzen duen enpresak 70 egun izanen ditu lanak despeditzeko. Interesa duen enpresak garilaren 29ko 12:00ak arte du eskaintza aurkezteko. Lan horiek egindako Uharte Arakilgo eskolako energia eskaera eta kontsumo murriztuko da. 
  • Leitzarango Autobiaren (A-15) 113,3 kilometro puntuan, Iruñerako noranzkoan, Etxeberrirako irteeraren parean istripua izan zuen furgonetan batek atzo 20:24ean. Ibilgailuak autobia eta irteera banatzen dituen babes hesia jo, irauli eta, ondorioz, furgonetan zeuden bederatzi pertsonetatik hiru zauritu ziren. Min hartutakoak 36, 44 eta 47 urteko hiru gizonezko dira. Ezbeharraren tokira joan ziren Irurtzungo osasun etxeko medikua eta erizaina, anbulantzia bat eta beste bi anbulantzia mediku eta erizain bana zituztenak. Zauritutakoen lehen azterketaren ondoren, hirurak Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zituzten. Ezbeharraren lekura ere suhiltzaileak joan ziren. Istripua zergatik gertatu zen ikertzeko ardura Guardia Civilaren esku gelditu zen. 

Kirolak,

  • Mendi lasterketak, Olatz Azazeta bigarrena Goierriko Bi Handietan, eta Xabier Bergera ikusgarri Ehunmiletan. Azazeta 90 km-ko probako txapeldunordea izan zen, eta Bergera 171 km-ko proban Top 20an sailkatu zen, hamaseigarren. Uztailaren 12an, ostirala, 18:00etan abiatu ziren Ehunmilak-eko partaideak Beasaindik.Xabier Bergera Lekuona altsasuarra ikusgarri lehiatu zen, Top 20an sailkatu baitzen, hamaseigarren (27:55:23). Aitor Salinas Madinabeitia etxarriarra 54. sartu zen (30:51:07) eta Eugeni Etxarte Baraibar eta Gaizka Angulo Beloki irurtzundarrak batera iritsi ziren helmugara, 115. (37:05:26) eta 116. (37:05:27) postuetan. Ioritz Goñi, Eneko Razkin eta Alvaro Legarra irurtzundarrek ezin izan zuten proba bukatu.Goierriko Bi Handietan parte hartu zuten korrikalariak uztailaren 12an, 23:00etan abiatu ziren, 90 km-ak osatzeko prest.27. postuan Ander Iraizoz Erbiti altsasuarra sailkatu zen (12:36:57), eta 2 minututara Olatz Azazeta Pelaez altsasuarra iritsi zen helmugara (12:39:13), sailkapen orokorrean 30. baina emakumezkoetan bigarrena.  Joxeja Maiza Begiristain etxarriarra 104. iritsi zen helmugara (14:57:17), eta Xabier Mauleon Ezkutari etxarriarra 281. postuan (18:53:31).

  • Automobilismoan, Arbizuk eta Galarzak saria ekarri zuten Alfarotik. X. Alfaro Hiria Lur Gaineko Eremuan bere kategorian hirugarrenak. Sakana Motorsport eskuderiako Iñigo Arbizu pilotua eta Iñigo Galarza kopilotua (Ford Focus 1.6) ikusgarri aritu ziren (20:14.500). Hamahirugarren sailkatu ziren scratch edo sailkapen orokorrean, baina euren mailan, 2 RM 1.6 mailan, hirugarrenak izan ziren proba gorabeheratsuan. Sakana Motorsporteko Aitor Fernandez eta Iker Askargorta (Seat Ibiza 2.0 16v) ongi ari ziren lehian, baina, tamalez, hirugarren pasadan izandako matxuragatik ezin izan zuten proba bukatu.
  • Txirrindularitzan, Aimar Tadeo, bosgarren Arratera Igoeran. Jan Castellonek irabazitako proban bikain aritu zen lakuntzarra. Taldeka, Rural Kutxa-Alea sakandarra izan zen onena. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Jon Gil (Supermercados Froiz) hamabosgarren sailkatu zen, Ailetz Lasa (Telcom) 36., Martxel Etxeberria (Rural Kutxa-Alea) 90., Iker Agudelo (Hostal Latorre) 115., eta Aitor Ondarra (Hostal Latorre) 117. Taldeka, Rural Kutxa-Alea sakandarra izan zen onena.
  • Futbolean, Altsasun Futbol 7 Txapelketa antolatu dute. Uztailaren 20an izango da, Dantzalekun.
  • Saskibaloian, 3x3 Street Altsasu Txapelketak badu data. Irailaren 3an jokatuko da, Intxostiapuntako plazako saskibaloi kantxan. Izena ematea zabalik dago. 3x3 Street Altsasu Txapelketa gauzatzen den bitartean DJ-ak, BBQ, sarien zozketa eta giro paregabea iragarri dituzte.