Uztailak 17

Guaixe Irratia 2024ko uzt. 17a, 11:22

Agendan,

  • Iturmendi eta Irurtzungo festetako egitarauak.

Albisteak,

  • Irurtzungo Udalak eskolarako galdara eskuratu nahi du. Bigarren deialdia egin du. Eskaintzak agorrilaren 1eko 10:00ak arte aurkeztu daitezke. Estreinako deialdia hutsik gelditu ondoren, Irurtzungo Udalak bigarrenez deialdia egin du Atakondoa eskola publikoan biomasa galdara erosteko eta jartzeko deialdia egin du. Haren bide berogailua eta ura berotuko lirateke. Udalaren asmoa da galdara hori egur ezpalarekin elikatzea da. Baina pelleta erabilteko aukera ere izanen du galdarak. Udalak erosketa horretarako 206.418,12 euro (BEZik gabe) bideratu du. Kontratua eskuratzen duen enpresak 65 egun izanen ditu galdara jarri eta martxan jartzeko. Udalaren asmoa da energia eraginkortasun handiagoa eta merkeagoa den biomasa sistemarekin eraikina berotzea eta ur beroa lortzea.
  • Egur loteak etxeratzea eskatu dutenendako deia.Toki aproposa prestatzeko eta telefonoari adi egoteko eskatu die udalak. Uharte Arakilgo Udalak herri basotik etxeko surako baso aprobetxamenduak banatu ditu herritarren artean. Ubertear batzuek beharrezko makineria eta tresneria dutenez, haiek beraiek arduratzen dira zuhaitzak mozteaz, txehetzeaz eta ondoren herrira eramateaz. Tresneria eta ibilgailu egokirik ez dutenendako udalak basogintzan aditua den enpresa baten zerbitzuak kontratatzen ditu. Hark egur loteak eskatzaileak adierazitako tokiraino eramaten dio, dela etxea, dela borda. Uharte Arakilgo Udalak gaztigatu duenez, basogintzako enpresa atzo hasi zen lanean. Beraz, egur lotea etxeratzea eskatu dutenei egurra uzteko toki aproposa prestatzeko eskatu die. Baita telefono mugikorra eskura izatea ere. 

     

  • Hasi dira Iturmendiko festak. Josu Etxeberriak piztu zuen festei hasiera ematen zien etxajua. 

Kirolak,

  • Areto Futbolean, Xotak Osasuna Futsal taldea integratu du bere egituran. Tatono Arregi presidenteak eta emakumezkoen egiturako arduradun Roberto Martilek ongietorria egin diete jokalariei. Eraldaketa garrantzitsua gertatu da Xota Kirol Klubean. Osasuna eta Xota klubek 2017tik duten akordioa emakumezkoen areto futbolera zabaldu egin da. Akordio horri esker, Xotak Osasuna Futsal taldea bere egituran integratuko du. Horrela, Xotak kategoria nazionaleko bigarren mailan jokatzen duen emakumezkoen taldea izango du, aurretik zituen Nafarroako lehen senior mailako eta haurren mailako taldeekin batera. 
  • Pilotan, Zabaleta, Andra Mari Zuria Torneoko ordezkari sakandar bakarra. Etxarrengo atzelariak Zabalarekin osatuko du bikoa, pilotazaleen artean ikusmina piztu duena. Torneoa abuztuaren 5ean hasiko da, Baikoko adarreko finalerdikoarekin. Artolak eta Mariezkurrenak Laso eta Albisu izango dituzte aurkari. Hurrengo egunean, abuztuak 6, Aspeko adarreko finalerdia izango dute jokoan Altunak eta Rezustak Zabalaren eta Zabaletaren kontra. Aurrelari errioxarrak eta atzelari etxarrendarrak osatutako bikoak ikusmina piztu du pilotazaleengan. Finala abuztuaren 8an jokatuko da. Gasteizko jaialdi guztiak arratsaldez jokatuko dira, 17:15ean hasita. 
  • Pilotan, Murgiondo, Añorgako Jolas Etxea Txapelketako txapeldunordea. Urruzolarekin bikotea osatuta, final borrokatua jokatu zuten Barandiaranen eta Ortiz de Urbinaren kontra, 2 tantoren aldearengatik ihes egin ziena. Binakako finalean  Irurtzun klubeko Murgiondo etxarriarrak eta Behar Zanako Urruzolak Barandiaran (Mundarro) eta Ortiz de Urbina (Eple) izan zituzten aurkari. Finala, estua bezain ederra izan zen, eta azken unera arte edozeinek izan zuen txapela janzteko aukera. Azkenean, Barandiaranak eta Ortiz de Urbinak jantzi zuten txapela, Murgiondori eta Urruzolari 22-20 irabazita. 
  • Areto Futbola, 24 Futsal Orduak, Olaztin. Abuztuaren 2tik 3ra jokatuko da Maisuenea gaztetxeak antolatutako torneoa. Izena ematea zabalik dago. Abuztuaren 2an, ostirala hasi, eta 24 ordu beranduago, abuztuaren 3an despedituko da Olaztiko Maisuenea gaztetxeak antolatutako Futsal 24 Orduak areto futbol torneoa. Bertan, 16 urtetik gora dituzten futsalzaleek eman dezakete izena, taldeetan antolatuta.