Garilaren 15ean Iturmendin aurkezpena egin zuen, eta bertan izan ziren Marina, Trinidad eta Irune deitutakoek liburua doan jaso zuten.
1. Aurretik bazenuen ermitaz zerbait idatzia, ezta?
Liburuxka bat egin nuen 1992an. Batez ere, Urdiainek zergatik utzi zuen jabetza argitu nahirik. Udalek ordaindu zuten argitalpena. Liburuan Jose Mari Satrustegik idatzi zuen hitzaurrea mantendu dut. Urdiainen jabetza uzteko arrazoiak ulertzeko oso interesgarria da.
2. Zergatik merezi du ermitak liburu bat?
Ditudan gauzak txukuntzen ari naiz eta ermitak gehiago merezi zuela uste nuen. Gainera, Migel Angel Sagaseta Ariztegik, Urdiaingo apaizak, Urdiain eta Santa Marina ermitari buruzkoak esanak zizkidan, eta idatziak zituen. Ermita berea ere izan zen 1860 urtera arte. Eta nahiz eta orain jabea ez den, Urdiain sartu beharra zegoela iruditzen zitzaidan.
Gainera, Iturmendiko apaiz etxean Santa Marina eta Trinitate egunerako idatzitako sermoi batzuk opatu ditut, erdia edo gehiago euskaraz dira. Gainera, Euskaltzaindiaren gutun azal baten barruan zeuden, beraz, akademiakoek ezagutzen dituzte. Bestetik, Asier Barandiaran Amarikak Trinitateari buruz Resurreccion Maria Azkuek jasotako bertsoen berri eman zidan. Imotz, Bakaiku, Urdiain eta Olatzagutiko bertsio bana. Oskarbi taldeak Urdiaingoa kantatu zuen.
3. Zergatik utzi zuen jabetza Urdiainek?
Batetik, Burundako Udala desegin zenean 1843an, herri bakoitzak beretako gertu zuen lurra hartu zuen. Iturmendik beretako hartu zuen ermita, herri parean dagoelako. Bakaiku eta Urdiain kexatu ziren. Bakaikurekin konpondu zen: eremuaren erdia haiei utzi zitzaien eta, horrela, Bakaikuko Udalak ere jurisdikzioa du. Urdiainek ez zuen halakorik nahi izan, eta joateari utzi zion. 1860an auzibidea izan zen.
Bestetik, azken Karlistadan, 1873an ermita desegin zuten. Bakaikuko eta Iturmendiko Udalek Urdiaingoari proposatu zioten ermita hiru udalen artean berreraikitzea (1891). Ez zuen nahi izan. Satrustegiren arabera Urdiaingo familia batek herriaren partez diru ekarpena egin nahi izan zuen, baina alkatea ez zion utzi. Sagasetak jakinarazi didanez, urdindar batzuek, beren kabuz, berreraikuntzarako dirua eman zuten.
4. Ordura arte jabetza hiru herriena zen?
XVI. mende akaberara arte ermita Burunda guztiarena zela. Kasu aparta da. Ermita eraiki zenean Burunda 15-20 herritxo lirateke. Ondoren gertuen dauden herrien jabetza izatera pasa zen.
5. Ermita bat eta bi gurtza?
Bai, Trinitatea (Aste Santuaren arabera, baina beti igandean) eta Santa Marina (garilak 18). Uste dugu aurreneko ermita Trinitatearen izenpekoa zela; Erga, Aralar edo Iturgoingoaren parekoa. Eta gurearekin lau Trinitate ermita gertu, eta denak mendi gainean. Nire ustez Trinitate ermitak X. edo XI. mendekoak izanen dira, duela mila urtekoak, orduan hasi ziren ermita horiek eraikitzen. Gurea Aralarkoaren antzekoa izanen zela pentsatzen dut. Liburuarekin Trinitateari garrantzia eman nahi nion, ospakizun garrantzitsuena da. Gaur egun Trinitatearen erretaularik eta irudirik ez dago ermitan. Antza, azken karlistadan suntsitu zen. Bakarrik Santa Marina dago. Baina jai garrantzitsua Trinitatea da. Hor nahasmena izaten da, batzuetan Santa Marinaren erlikia gurtzeko eskaintzen delako.
6. Eta Santa Marina?
Egungo Euskal Herrian haren gurtza zabaldu zen. Donejakue bidea eginen zuten burundar batzuek Santa Marinaren debozioa ekarriko zuten. Nafarroan ia kasu bakarra da gurea. Horregatik, liburuan Ourenseko Santa Mariña de Aguasantas santutegiaren berri zabal eman dut, handik ekarri baitzuten gurtza. Agirietan Santa Marina de la Peña ageri da, Haitzeko Done edo Santa Marina litzateke.
7. Zein egoeratan dago ermita?
Ona. Azkeneko lanak 2021ean egin zirenean ermitaren buruan aurreko eraikin baten zimentazioa agertu zen. Hegoalderantz desbideratuta dago. Gaur egungoekin alderatuta, Erdi Aroko lehen mendeetan elizak zentratu gabe egiten ziren, ekialdea biratuago zegoela uste baitzuten. Zamartzeko indusketetan aurreneko eliza agertu zenean ere gauza bera ikusi zen. Zaharberritze lanetan, barruan lehen ermita haren luzera adierazten duten harri batzuk agertu ziren, egungoaren erdia-edo. Ermita baino otoitz leku modukoa izanen litzateke.
8. Zaharberritzeak beste ezer azaleratu zuen?
Barruko harriak berriro hartu genituenean, XIII. mendeko pinturak mantentzen zituen bloke bat opatu nuen. Letra gotikoak dituzte pintura horiek. Pentsa daiteke ermita guztiz pintatuta egonen zela, eliza erromaniko asko dauden moduan, batez ere Kataluniako Pirinioetan. Lurra zati batean jasotzean errekarriak agertu ziren, berezko zorua zena. Ermitak kanoi ganga zuen, hori eraikin pixka bat nabarmenak zuten. Iturgoiengoak mantentzen du harrizko ganga. Egindako lanekin ermita ongi gelditu zen. Baina andretxeetako, udalaren etxeko eta garai bateko (azken biak ermitari perpendikular dagoena) tabernako eraikinetako teilatuak berritu beharra dute.
9. Mende askotan gurtza tokia izan da.
Bai. Topalekua izan da ermita. Bakaikuar eta iturmendiarrez aparte, urdindarrak Santa Marinara igotzen jarraitu dute. Debozio handia zioten etxarriarrek, ergoendarrek eta ameskoarrek. Bakoitza bere egunean igotzen zen. Ermita garrantzitsua izan da. Pazko laugarren egunean mendiko artzain guztiak mezara joaten zirela esana didate. Bestetik, Pazko laugarren (Trinitate aurreko asteazkena), Trinitatea eta Santa Marina, hiru egunak bi herriendako dira, nahiz eta azkenekoak Iturmendiko festekin bat egin.
10. Azala eta kontrazala?
Ermita eta inguruko eraikin guztiak ageri dira azalean, baita haien jabe diren bi herriak: Bakaiku eta Iturmendi. Kontrazalean, berriz, Santa Marinako prozesioa. Ermitaren inguruan egiten da Santa Marina egunean. Argazki hori jarri dut ermita parean lapurtu ziguten disko formako estela agertzen delako. Haren kopia egin eta jarri genuen.
11. Non eskuratu daiteke liburua?
Etxarri Aranatz eta Altsasuko liburu dendetan. Bestalde, Bakaikun eta Urdiainen liburuaren aurkezpenak egin nahi ditut. Liburuak 170 orri ditu eta elebiduna da. Liburuaren erdia dokumentazioa da, agiri asko sartu ditudalako. Gainera, musika, argazki eta Santa Mariña de Aguasantas historiaren gehigarriak daude. Auto edizioa da eta argitaratzeko udalen, Iturmendiko Santa Marina jubilatu elkartearen, Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuaren (euskarara itzulpena) eta Iturmendiko Ruiz de Erentxun-Iza familiaren laguntzaz argitaratu du liburua.