Altsasuko Institutuak Vicente Ferrer Garapenerako Hezkuntzako Sari Nazionala jaso du ikastetxean landutako ‘Altsasutik mundura, mundutik Altsasura’ proiektuari esker. Uxua Azpiroz Armendariz irakasle lakuntzarrak koordinatu du proiektua.
Vicente Ferrer Garapenerako Hezkuntzako Sari Nazionala jasotzeak zer suposatzen du?
Ildo berdinean lanean jarraitzeko bultzada, batez ere. Badirudi gauzak ongi egiten ari garela, kanpotik aitortza hori jaso dugu behintzat, eta horrela jarraitzeko animo eta indar handia ematen digu sari honek.
Pertsonalki nolako esperientzia izan da?
Pertsonalki eta profesionalki, oso aberasgarria. Batetik, beste modu batez ezagutu ezin dituzun errealitate batzuk bertan zuzenean ezagutzen dituzulako; horrek aberasten zaitu, eta bertan ikasten duzuna ikasgelara eraman dezakezu. Bertako errealitatea zuzenean ikustea ez da gauza bera. Gainera, Bolivian ginela estatu kolpe saiakera izan zen. Ozta-ozta atera ginen bertatik; giro nahasi hori kaleetan sumatzen zen.
‘Altsasutik mundura, mundutik Altsasura’. Zein helburu orokor du proiektuak?
Proposamenean landutako sei proiektuei dagokienez, proiektu bakoitzak bere helburu zehatzak ditu, baina proposamenaren helburu orokorrak lau dira: komunikazio-testuinguru inklusiboak eta kulturartekoak sortzea ikasgelan eta ikastetxean; ikasleak pobreziaren eta bazterkeriaren problematikaren inguruan sentsibilizatzea, ikuspegi kritiko batetik; giza garapen iraunkorra sustatzea, eskubideen ikuspegitik eta genero-ikuspegiarekin; eta kultura gutxituak ikastetxean erdigunean jartzea eta ikusaraztea.
Irakasle gisa, zein balorazio egiten duzue?
Talde motorraren inplikazioa oso handia izan da. Askotan proiektuak lan zama handia ekartzen du, baina taldea asko inplikatu da, eta ia klaustro osoak parte hartu du programan, modu batean edo bestean. Esan daiteke irakasleok oso positiboki baloratzen dugula.
Halako proiektuek zer nolako ekarpena egiten diote gizarteari?
Gaur egun oso zabaldua dagoen “gorrotoaren diskurtso” horri aurre egiteko tresnak garatzea eskaintzen zaie ikasleei. Esaterako, ikasleak, ikuspegi kritiko batetik, pobreziaren eta bazterkeriaren problematikaren inguruan sentsibilizatzea; kulturartekotasunaren inguruko jarrera positiboak eraikitzea... Azken finean, hori kultura demokratikoan, bakean eta tolerantzian heztea da, eta horrek beti du isla gizartean.
Ikasleengan bilakaera hori sumatu duzue?
Bai, lehenengo mailatik laugarren mailara eboluzio hori sumatu dugu, nahiz eta sareetatik gero eta muturrekoagoak diren mezuak jaso, ikusten dugu gaitasun kritiko hori lantzen eta garatzen badoazela.
Beste proiekturen bat garatzeko asmoa duzue?
Elkartasunaren Eskola proiektuan parte hartzen jarraituko dugu, emaitza oso onak jaso ditugulako eta, nolabait, hezkuntzako LOMLOE lege berriarekin bat egiten duelako. Antolatzaileek, sariagatik zoriontzearekin batera, pobreziaren eta bazterketaren aurkako borrokan konprometitutako herritartasun globala eraikitzeko ekimen honetan lanean jarraitzera animatu gaituzte, eta sariak bide beretik jarraitzeko bultzada eman digu.