Agendan,
- Pentsio duinen aldeko kontzentrazioa altsasuko udaletxean, 12:00etan udaletxe aurrean.
Albisteak,
-
Herrietako festak baliatuz, Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko berdintasun zerbitzuek sexu erasoen kontrako kanpaina bateratua egin dute. Teknikariek azaldu dutenez, kanpainak bi helburu ditu. “Alde batetik, festa egun eta festa eremuetan emakumeenganako erasoen kontra herritarrak sentsibilizatzea. Eta, bestetik, errealitate horren aurrean, instituzio zein jendarte osoaren ardura eta konpromiso irmoa adieraztea”. Teknikariek dei egin diete “udal ordezkari eta herritar guztiei emakumeen kontrako erasoen aurrean arduraz jokatzera, festak herritar guztientzako gozagarriak izan daitezen”.
Aurten kanpainarako honako leloa aukeratu dute: Jarain! Eraso sexistarik gabe Sakana libre! Kanpainaren bidez, Sakanako ia herri guztietako festetan indarkeriaren kontrako irudi bateratua jendarteratuko dute. Altsasuren kasuan, leloa Zure ardura da /Depende de ti izanen da. Zerbitzuetako arduradunek azaldu dutenez, “bi leloak elkarren osagarriak dira”.
Lelo horiek Sakanako herri guztietako kaleetan jarriko diren karteletan irakurgai izanen dira. Udaletxe eta eraikin publikoetan pankartak izanen dira. Gainera, kanpainaren barruan, esku moreen pinak banatuko dituzte festetan dauden herrietan. Horrekin batera, festetan indarkeria sexistaren prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzeko informazio guneak jarriko dituzte ia herri guztietan. “Horien helburu nagusia erasoen gaineko informazioa ematea eta horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea da”, azaldu dute. Informazio gune horietan Emagin elkarteko hezitzaileak izanen dira argibideak ematen.Horrekin batera, taberna eta txosna-guneetan eraso sexistei aurre egiteko jarraibideak ikusgai jarriko
dituzte. “Horrela, herritar guztiek jakin dezaten nola jokatu erasoen aurrean”. Gainera, tabernari nahiz txosnetako langileen kasuan, jarraibide espezifikoak landu eta tabernarien eskura jarri dituzte.
Kirolak,
-
Pilotan, Mastersa ez da oso ongi hasi. Pilotari sakandarrek CaixaBank Masterseko lehen jardunaldian ez dute punturik bildu. Uztailaren 19an, Llodion, Altuna III.ak eta Iztuetak 22-11 irabazi zieten Jakari eta Martijari, irabazleendako partida nahiko erosoa izan zenekoan.
Uztailaren 20an, Barakaldon, Peña II.ak eta mina hartuta dagoen Zabaleta ordezkatu zuen Bikuñak 21-22 galdu zuen Peio Etxeberria eta Mariezkurrena II.aren kontra partida polemikoan. Sanferminetan gertatu bezala, atzera ere atxikiak izan ziren protagonista. Peñak egindako bolea batean atxikia egon zela protestatu zuen Mariezkurrenak, baina epaileek jokaldi garbia ikusi zuten. Aldiz, Mariezkurrenak ustez egindako atxikia seinalatu zuten epaileek. Nolanahi ere, Etxeberriak eta Mariezkurrenak uste baino gehiago sufritu behar izan zuten jokoan zegoen puntua lortzeko.
Uztailaren 21ean, Otxandion, Ezkurdiak eta Albisuk 17-22 galdu zuten Lasoren eta Tolosaren kontra. Ezkurdia eta Albisu sendo hasi ziren, dominatzen eta 3-1 aurreratuz, baina gutxika arerioak jokoan sartu ziren eta Lasok partidaren kontrola hartu zuen bere gain. Nolanahi ere, partidaren erdialdera arte parez pare ibili ziren bi bikoak, baina Lasok erritmoa ezarri zuen eta bigarren atsedenaldira urdinak 13-18 iritsi ziren aurretik. Lortutako abantaila ongi kudeatu zuten, eta 17-22 irabazita lehen puntu gozoa lortu zuten Lasok eta Tolosak.
Bigarren jardunaldiak dakarrena
Bigarren jardunaldia egunotan jokatuko da. Uztailaren 25ean, Ermuan, Altunak eta Iztuetak Zabala eta Imaz izango dituzte aurkari. Egun berean, Elizondon, Lasok eta Tolosak Peña II.aren eta Zabaletaren kontra jokatuko dute. Uztailaren 26an, Astigarragan, Jaka-Tolosa eta Artola-Rezusta izango dira aurkariak, eta, bukatzeko, uztailaren 23an, Larraintzarrek Ezkurdia-Albisuren eta Etxeberria-Mariezkurrenaren lehia hartuko du. - Txirrindularitzan, Imaz eta Gomez, Iruñerriko Itzuliko borrokan. Juniorren mailako proban gaur etapa nagusia jokatuko da, Undianon, sailkapenean erabakigarria izatea espero dena. Ekain Imaz eta Iker Gomez altsasuarrak liderraren denbora berean daude. Sailkapen orokorrari dagokienez, Eñaut Urkaregi (Tolosa / Danena) da liderra, Hector Alvarez bigarren, eta Mario Gomez hirugarren, guztiak denbora berean (5:32:20). Sakandarrei dagokienez, lehen sakandarra Ekain Imaz (Tolosa / Danena) altsasuarra da, 21. postuan, eta bigarrena Iker Gomez (Quesos Albeniz) altsasuarra, biak ere liderraren denbora berean. Quesos Albeniz taldeko gainontzekoen kasuan, Eñaut Oiarbide 58. postuan dago; Ekaitz Perez 70.ean; eta Mikel Viloria 86.ean. Gaurkoa, erabakigarria
Undianok hartuko du hirugarren etapa (109,5 km). Hau da etapa nagusia eta sailkapena apurtuko duena, txirrindulariek Orenain, Mañeru, Arradia, Girgillano eta Belaskoain gainak gainditu beharko baitituzte, Astrain, Etxauri eta Zirizako murruekin batera. Lasterketa zabal-zabalik dago, eta lehen kilometrotik erasoak espero dira. Etapa 17:00etan abiatuko da eta helmugaratzea 19:50ak aldera izatea espero da.