Unanuko eskola zaharren eraikinaren fatxadak irudi berria du: Iker Uribek egindako mamoxarroak. "Sakanan mozketa edo hausturarik gabe mantendu diren ihote bakarretarikoak dira, eta hori irudikatu dugu". "Detailetxo bat" bezala hasi zena, horma osoa koloreztatzen duen proiektu bezala amaitu da, eraikina biziberritzen. Hormairudian Unanuko ihoteetako pertsonaiak agertzen dira, eta katolak nagusi dira. Irudiek herrien ohitura, kultura eta nortasuna mantentzeko eta sustatzeko modu bat direla esan du Irurtzunen bizi den artista lakuntzarrak.
Dena hasi zen Uribek Unanun egindako beste hormairudi batekin: "Elizan ermitatxoa eta beste zenbait gauza margotzeko esan zidaten eta Unanura beste hormairudia margotzera joaten nintzenean ermita oso polita zela pentsatzen nuen, baina beti neukan buruan mamoxarroekin zerbait egitea".
"Beti neukan buruan mamoxarroekin zerbait egitea"
Bertan margotzen ari zela, Unanuko jendea ezagutu zuen, "batez ere Angel, saltsero bat da", eta komentatu zion ea zergatik ez zuten mamoxarroekin zerbait egiten: "Batez ere jendeari begira eta hor gelditzeko". Eskola zaharren eraikinean duela hiru urte Mamoxarroen txokoa sortu zuten, "Angelek eta unanuarrek sustatu duten txoko txiki bat da, umila baina oso polita, argazki zaharrak dituzte eta abar". Beraz, Uriberi bururatu zitzaion bertan "detailetxo bat egitea, besterik gabe". Eskola zaharren eraikina "nahiko zaharra eta ez oso polita" zegoen, eta Angelek hordagoa bota zion: "Zergatik ez dugu dena egiten?".
Momentu horretan "dena aldatu zen": "Tamaina handiagokoa izango zen, eta eraikina bera nahiko traketsa da, leiho ugari ditu, ateak eta abar". Horiek kontuan hartuta bozeto bat egin zuen Ikerrek, eta herritarrek pareta konpondu, txuritu eta margotzeko prest utzi zuten. Irudia sortzeko orduan buruhasterik handiena "eraikina bera" izan dela esan du Uribek: "Aprobetxatu dugu gehienbat eraikina, itsusia zegoen eta orain kolorez bete dugu". Irudiaren oinarria edo elementurik nagusiena katolak dira: "Katolekin edo maskarekin hasi nintzen, Mamoxarroen txokoan sei maskara osooso zaharrak dituzte, duela bi mende ingurukoak dira. Hamabi omen zeuden eta sei mantendu dira". Horri bueltak emanez, katolen sinbologiari eta maskarek duten indarrarekin "tiraka" hasi zen irudia diseinatzen. "Argazkiak eta abar erabiliz pertsonaiak eta maskarak tartekatuz joan naiz". Dokumentatzeko unanuarrekin asko hitz egin du eta mamoxarroen inguruan argitaratutako bi liburutan oinarritu da.
Kolorea da eraikina "aldatzeko" behar zuen "zerbait" hori. "Kolore asko dago, diseinuarekin jolastu dut koloreari garrantzia emateko". Koloreak ihoteekin lotura handia duela azaldu du artistak: "Ihoteak udaberria datorrela irudikatzen dute, eta jantziek koloredun zintak eramaten dituzte. Poztasun hori islatu nahi nuen". Eraikina "aldatzea eta edertzea" lortu dutela esan du.
Mamoxarroak
Uribek Unanuko mamoxarroak "betidanik" ezagutzen ditu. "Txikitatik gogoan dut etorri izan naizela eta gerora ere egon naiz". Unanuko elizako hormairudia egitea esan ziotenean, "mamoxarroak etorri zitzaizkidan burura ere". Une honetan, gainera, Unanuko ihoteetako pertsonaiak oso ezagunak egin dira, ZETAKek katolak erabiltzen dituelako, "izugarrizko booma izaten ari da eta dena kasualitatea izan da". Orain ere herrian hormairudia dute: "Gure ondare kulturala eta inmateriala balorean jartzea da. Hor ditugu hainbat ohitura mantendu behar direnak, gure nortasuna islatzen dutelako eta herri izaera ematen digutelako".
"Nire lanak edo proiektuak denak dira desberdinak. Normalean hormairudiak gai baten inguruan egiten ditut, eta horregatik ez naiz estilo edo modu batera lotzen". Hala ere, haren eskua edo marka ikusten dela esaten diote askok. "Baina izan daiteke hormairudi bat kolore pila bat duela eta beste bat txuri beltzean". Azken proiektuetatik gustatu zaio ohiturei buruz eta inauterien jatorriari buruz irakurri eta ikasi duena: "Mamoxarroak, zer esan nahi duten katolek, maskarek eta abar. Irudiaren bitartez dagoenari zentzua ematen diogu, eta hori asko gustatzen zait".
Hormairudiak egitetik "dena" gustatzen zaiola esan du Uribek, "baina iruditzen zait herri askotan izaera edo nortasun bat dagoela eta tresna oso ona da gure ondarea hor markatzeko eta gehiago ere esateko; nondik gatozen esateko". Edozein irudi polita izan daitekela gaineratu du, baina zenbait tokitan edo gunetan jartzean "nortasuna ematen diozu, eta jendeak eskertzen du". Herria egiteko modu bat da: "Tresna bezala oso handia da, zerbait zaharra berritzen duzu eta beste itxura bat ematen diozu. Irudiekin esanahi bat ematen diozu".
Sekretua
Denbora luzez sekretu bat gordetu behar izan du Uribek: Larunben aurkitutako Larrahe baskoien dibinitateari eskainitako aldarea. "Harrituta gelditu naiz larunbetarrekin bi urtez sekretua gordetu dutelako. Alde horretatik oso polita izan da Larunbe ezagutu dudalako; oso berezia da, oso batuak daude eta dena auzolanean egiten dute". K.o. I. mendeko harrizko pieza bat da Larunben aurkitu zuten aldarea, eta latinez idatzitako testu bat agertzen da: emakume batek Larrahe jainko baskoiari eginiko eskertzea jasotzen du. Aranzadiko ikerlariek egin zuten aurkikuntza eta Uriberi frontoiaren atzealdean hormairudia egiteko eskatu zioten.
"Aldareak esaten duena irudikatzea nahi zuten, baita aldarea bera agertzea ere"
"Aldareak esaten duena irudikatzea nahi zuten, baita aldarea bera agertzea ere". Izan ere, aurkikuntza ez da Larunben geldituko eta modu honetan aldarea herrian egongo da. Aldarean latinezko alfabetoan idatzitako testua bat du; Valeria Vitella izena agertzen da, baita Larrahe izeneko dibinitate baskoiaren izena ere agertzen da. "Larrahe jainkoa gurtzen duela uste da, eta hortik jo nuen: txekorra, txoria, neska bat gora begira espiritualitatea nolabait islatuz, larreak...".