Uztailak 24

Guaixe Irratia 2024ko uzt. 24a, 10:51

Agendan,

  • Chuchin Ibañez mariatxia 20:00etan, Barandi tabernaren terrazan, Olaztin.
  • 'PAN. Sekula Betirako bidaia', filmea euskaraz, Irurtzungo plazan.

Albisteak,

  • Uharte Arakilgo Udalak futbol zelaiaren eta igerilekuen artean L formako eraikina du. Hura bota eta eraikin berri bat jasoko du udalak. Eraikin horretan gaur egun igerilekuetako biltegi, estalpea, botikin eta arazketa-instalazioak hartzen ditu. Etorkizuneko eraikinak egungo erabilera horiek mantenduko ditu, baina modu koherenteagoan, efizienteagoan eta ordenatuagoan. Horretaz aparte, turismo aterpe bat ere hartuko du, zikloturistei eta erromesei zuzendutakoa. Eraikin horretako lanak hainbat fasetan eginen ditu Uharte Arakilgo Udalak. Aurrenekoan gaur egun dagoen eraikina botatzea eta 0 kotaraino eraikitzea aurreikusi du. Hau da, eraikin berriaren zimenduak eta lurperatutako instalazioak egitea. Eraitsiko den eraikinak 450 m2-ko azalera du. Lanek 133.852,56 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Lan horretan interesa duen enpresak bere eskaintza agorrilaren 2ko 14:00ak arte aurkez dezake. Lanak lastailaren 20rako despedituta egon beharko dute. 
  • Etxarriko musika eskolako irakasleak kontratatzeko lan eskaintza. Udalak, zehazki, aldi baterako irakasleak kontratatzeko lan poltsa sortzeko deialdia egin du. Deialdia etxarriaranatz.eus webgunean eta udaletxeko iragarki taulan argitaratu du. Eskabideak aurkezteko epea agorrilaren 6an despedituko da.

Kirolak,

  • Txirrindularitzan, Iker Gomezek ezin izan zuen Hector Alvarez gainditu. Altsasuarrak bigarren despeditu du Iruñerriko Itzulia, Benidormekoaren denbora berean. Atzo, uztailak 23, junior mailako XXXVIII. Iruñerriko Itzuliko laugarren eta azken etapa jokatu zen, Iruñean. Benidormeko Hector Alvarez (Lucta-Granja Rinya) edo Altsasuko Iker Gomez (Quesos Albeniz), nor gailenduko zen zegoen jokoan. Biek sailkapen orokorrean denbora bera zuten, Alvarez lehen postu. Iker Gomezek sailkapen orokorrean bigarren postuarekin eta liderraren denbora berdinarekin konformatu behar izan zuen, eta horretaz gain, lehen nafarraren saria lortu zuen, hirugarren etapako garaipena eta laugarren etapako hirugarren postua ahaztu gabe. “Nahiko ongi” sentitu zela azaldu zuen, eta izandako errendimenduarekin “oso kontentu”. “Azken etapa gogorrena izan da, aurreko egunetako nekearekin gentorrelako eta oso azkarra izan delako”. Ekain Imaz altsasuarra laugarren nafarra izan zen, sailkapen orokorreko 30. postuan, 8:48ra. Taldeka, Ampo izan zen onena. 
  • Txirrindularitzan, Mutiloan hasiko da Emakumezkoen IV. Iruñerriko Itzulia, 17:30ean. 70 km-ko etapa da, eta txirrindulariek bi portu igo beharko dituzte, Aizko gaina, Alzorrizen, eta Arangurengo gaina. Helmugaratzea 19:30ak inguruan izango dela aurreikusten da. Tartean txirrindulari sakandarrak lehiatuko direla aurreikusten da. 
  • Pilotan, Bilboko Aste Nagusiko Torneoa aurkeztu dute. Zabaletak Elordirekin osatuko du bikoa, eta Martijak Altunarekin. Bestalde, Ezkurdiak eta Bakaikoak Bizkaia Torneoko finalean hartuko dute parte. Bizkaia Torneoko finala abuztuaren 20an jokatuko dute Oiz eta Sollube taldeek. Oiz taldean Ezkurdiak lau eta erdian parte hartuko du Sollubeko Peña II.aren kontra. Binaka, Oiz taldeko Altuna-Rezustak Sollubeko Laso-Mariezkurrena izango dituzte aurkari, eta, azkenik, buruz buru Oizeko Egiguren V.a Sollubeko Joanes Bakaikoaren kontra lehiatuko da. 

  • Saskibaloian, Elkartasunezko saskiratzeak Ziordian. Markelekin Elkartasunean Saskibaloi Txapelketa Solidarioa hartu zuen Ziordiak. Jose Ramon Ramirez antolatzaileak azaldu duenez, 565 euro bildu ziren, hamalau sariren zozketari eta saldutako materialari esker. “Oso pozik gaude, ekaineko Ziordiko Lasterketa Solidarioan bildutakoari gehituta, aurten guztira 7.000 euro bildu ditugulako”. 
    Altsasu, Agurain, Lizarra eta Iruñeko saskibaloi zaleak eta jokalariak bildu ziren Ziordian. “Kirol goiz ederra izan zen, saskibaloiaz gozatzeko aproposa. 3X3 Saskibaloi Txapelketa jokatzeaz gain, jaurtiketa, saskiratze eta trebetasun saioak izan ziren, eta gurasoen eta seme-alaben arteko partida. Bukaeran, guztiendako auzate ederra izan zen Ziordiko parkean.