AHT ibilbide proiektua

EH Bilduk AHT-rekin "zentzuz jokatzeko" deia egin du

Guaixe 2024ko uzt. 25a, 10:31

Uharte Arakilen zundaketen kontra egindako bilkuran EH Bilduko hainbat hautetsik parte hartu zuten. ARTXIBOA

Koalizioak "ingurunea errespetatu eta onura sozial eta ekonomikoa ekarriko lukeen tren ereduaren alde egiteko" eskatu du.

Sakanako EH Bilduk salatu du "harrituta eta haserre" daudela, Abiadura Handiko Trenari (AHT) lotutako erabakiak bertako herritarrak eta instituzionalki haiek ordezkatzen dituzten erakundeak kontuan hartu gabe hartzen ari direlako. "Ardurari heldu eta proiektua gelditu behar da, baliabideak eta lan eskerga tren sozialaren alde jarriz. Zentzuduna horixe da, alderdi eta instituzio batzuen kudeatzaileen sestra eta interesak alde batera utzi eta herritarren beharrei erantzungo dion trenaren aldeko apustu sendoa egitea", adierazi du ezker soberanistak.

AHTk Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean izango lukeen konexioaren inguruan argitaratutako informazioaren aurrean, EH Bilduk adierazi du Sakanako herritarren bizitzaz eta etorkizunaz "arinkeriaz" hitz egiten dutenek "zerbait ahaztu dute: bertako herritarrekin eta haiek instituzionalki ordezkatzen duten erakundeekin hitz egitea, iritzia jasotzea, eta erabakiak hartzeko aukeraz ematea hain zuzen".

EH Bildutik gaineratu dutenez, "sen onarekin aritzeko garaia da. Izan ere, inoiz baino argiago agertzen baita ez dakitela tren hori nondik nora joango den ere". Koaliziotik gaineratu dutenez, "ez dakite Castejonetik behera zer egingo duten, edota Iruñetik gora zer pasatuko den. Berriz, guztiok dakigu ez duela merkantziarik garraiatuko, guztiok dakigun bezalaxe gure herriaren egituraketarako ez duela inongo ekarpen baikorrik ekarriko", zehaztu dute.

Horregatik, "zentzuz jokatu" eta "proiektu horrekin tematzeak, horretan dirua xahutzen jarraitzeak eta herritarren behar eta borondatearen gainetik pasatzeak" justifikaziorik ez duela onartu behar dela diote. Hartara, EH Bilduk, Sakanako Udal gehienek adierazi duten bezala, bat egin du tren soziala egiteko aurkeztu zen alternatiba sakonki aztertzearekin. "Beharko liratekeen egokipenak edo moldaketak egin, eta, gure ibarreko ingurunea errespetatuz, gure herritarrendako onura sozial eta ekonomikoa ekarriko lukeen alternatibaren alde egitearekin alegia".

Erlazionatuak