AHT ibilbide proiektua

EH Bilduren AHT geldiarazteko "obsesioa" kritikatu du UPNk

Guaixe 2024ko uzt. 26a, 08:24

Cristina Ibarrola, UPNko burua. UTZITAKOA

Erregionalisten iritziz, koalizioa Chiviteren eta Sanchezen bazkidea "Nafarroaren aurrerabidearendako etsairik txarrena da". Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako AHT Ezkion lotzearen alde egin du UPNk, “Europara irteera zuzenagoa baita”.

Sakanako EH Bilduri erantzunez, UPNk gogora ekarri du Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) arteko lotura Gasteizen edo Ezkion egitea zehazteko zundaketak eta lanak egiteko “‘saboteoak’ eta arazoak izaten ari dira”. Erregionalistek galdetu dute  ea "adierazpen horien ondorioz, EH Bildu konplize” izaten ari den.

Ildo horretan, "Chiviteren eta Sanchezen bazkideak Nafarroako aurrerabidearendako etsairik txarrena dela erakutsi du berriro ere", salatu dute, eta "lur honen garapenerako Ezetzaren Koordinadora izaten jarraitzen dute. Haien esku balego, haitzuloetan jarraituko genuke", baieztatu dute. Gainera, gogorarazi dutenez, "EAEn EH Bildu ez dute bazkide gisa nahi, baina Nafarroan bai".

Ezkioren aukera "Nafarroaren interesen aldekoena" dela defendatu du UPNk, "Europarako irteera zuzenagoa delako. Gasteiztik egiteak bigarren mailako bide bihurtzea dakar". Era berean, "ingurumen inpaktu txikiena duena" dela dio, "tunelen kilometro kopuru handienagatik".

Kostuari dagokionez, "ez da bidezkoa Nafarroaren kasuan Espainiako Gobernuak gastu txikiagoko irizpide bat aplikatzea, Espainiako gainerako lurraldeetan aplikatzen ez badu". Eta gaineratu dutenez, "Nafarroak Espainian eraiki den AHT kilometro bakoitzeko ehuneko 1,6 ordaindu du, kostua edozein dela ere. Espainian abiadura handiko kilometroak 18 milioi eta 28-30 milioi arteko gorabeherak izan ditu, beraz, ez etorri xuhurkeriekin". Aldi berean gogorarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Geroa Bai eta EAJ alderdiek ere Ezkioren alde egiten dutela.

Pintza
UPNren iritziz, "Puente ministroak Nafarroa bisitatu izanak gauza bakarrerako balio izan du: PSOEren irizpide aldaketa berrestea; izan ere, orain Gasteizerako loturaren alde egin du, eta ez Ezkiorako", salatu dute. Erregionalisten ohartarazi dute "EH Bilduren eta PSOEren arteko balizko pintza bat, Ezkioko AHTren lotura oztopatzeko".

Hala, UPNk eskatu du "zundaketen eta hidrologia azterketen atzerapenak ez erabiltzeko Gasteizko lotura lehenetsi edo haren alde egiteko".  Aldi berean, erregionalistek gobernuari eskatu diote "erabaki argiak" hartzeko, "Ministerioaren ustez, udalak eta partikularrak aurre lan horietan sortzen ari diren arazoak konpontzeko". Erregionalistek espero dute gobernua "ez dela besoak gurutzatuta geratuko azterlan horiek luzatzeko, Gasteizko aukeraren alde egiten duen bitartean".