Agendan,
- Pentsio Duinen aldeko kontzentrazioa Altsasun 12:00etan Zumalakarregin eta Etxarrengo festetako azken eguna.
Albisteak,
- Altsasu Auzolanean Eraikiz taldea arduratzen da festetako herri bazkaria antolatzen, eta agerraldi batean jakinarazi duenez auzolanean ekintza kolektiboak egiten jarraitzea helburu duen "pertsonen bilaketa prozesu bat" irekitzeko deialdia egin du.
- Udalek, Sakanako Mankomunitateak, Cederna-Garalurrek eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak (SDOZE) ibarreko merkataritza sustatzeko proiektua ondu dute.
Kirolak,
- Pilotan, Masterseko bigarren jardunaldiak puntu bakarra utzi du Sakanan. Jakak eta Martijak lehen puntua lortu zuten, Artola eta Rezusta mendean hartuta. Ezkurdia-Albisuk eta Peña II.a eta Zabaletaren ordez aritu zen Arangurenek ezin izan zuten garaipenik lortu, eta sailkapenean azkenak dira. Hirugarren jardunaldia hastear dago. Uztailaren 31n, Biarritzen, Jaka-Martijak Peña-Zabaleta izango dituzte aurkari. Abuztuaren 2an, Berueten, Ezkurdia-Albisuk eta Zabala-Imazek jokatuko dute, eta abuztuaren 3an, Ezcarayn, Artola-Rezustak eta Laso-Tolosak. Azkenik, abuztuaren 4an, Berak Altuna-Iztuetaren eta Etxeberria-Mariezkurrenaren arteko lehia hartuko du.
- Txirrindularitzan, Ane Berastegi Emakumezkoen Iruñerriko podiumera igo zen. Uztailaren 26ko azken etapan hirugarren sailkatu zen Ecologicos Navarra-Beratxa taldeko txirrindulari arbizuarra, eta bigarren nafarra izan zen. Uztailaren 26an, ostirala, Emakumezkoen IV. Iruñerriko Itzuliko hirugarren eta azken etapa jokatu zen, Iruñeko Zaldi Zurian. Etapak emozio eta ikuskizun handia izan zuen, eta Irati Arangurenek (Andoain) atzera ere erakustaldi bikaina eman zuen, Maier Olanorekin (Limousin) hirugarren etapako esprinta jokatu, irabazi, eta, aldi berean, Iruñerriko Itzuliko sailkapen orokorrean gailenduz. Hirugarrena, etapan, Ane Berastegi (Ecologicos de Navarra-Beratxa) izan zen. Arbizuarra etapako podiumera igo zen. Sakandarren kasuan, Ane Berastegi lehen sakandarra eta bigarren nafarra izan zen, hamabigarren postuan, 4:41era. Ane Beltran de Heredia altsasuarra (Timac Agro) hamalaugarren izan zen, hirugarren nafarra, 7:30ra; eta Siets Goikoetxea urdiaindarra (Ecologicos Navarra-Beratxa) 24. postuan sailkatu zen, 12:07ra, bosgarren nafarra. Laburbilduz, maila onean aritu ziren sakandarrak.
- Atletismoan, Mariano Haro korrikalari handia zena, uztailaren 27an zendu zen, 84 urte zituela. Valladoliden jaioa, berehala nabarmentzen hasi zen eta korrikalari aparta izan zen, Espainiako txapeldun handia. Nazioarteko probetan ere nabarmendu zen. Altsasuko Krosean sarritan aritu izan zen, eta tartean, 1978an Dantzalekun jokatutako Espainiako Kros Txapelketan Mariano Haro izan zen txapeldun handia, Fernando Cerradaren eta Jose Luis Gonzalezen aurretik.