uztailak 30

Guaixe Irratia 2024ko uzt. 30a, 12:17

Agendan,

  • Gaur Altsasuko festen antolakuntzarekin jarraitzeko batzarra eginen dute, Gure Etxean, 19:00etan.

Albisteak,

  • Sunsundeguik eskariak ditu, baina finantza egoera larria. Enpresako administrazio kontseilu berriak akziodunen batzarrean eman zuen egoeraren berri. Abuztua eta iraila “hilabete gakoak” izango omen dira. Uztailaren 29an, astelehena, akziodunen junta orokorra egin zuen Sunsundeguik. Bertan, enpresako administrazio kontseilu berriak egoeraren berri eman zuen. Duela lau hilabete enpresako administrazio kontseilu berria martxan jarri zenetik, autobusen produkzioaren erritmoa hobetu egin dela adierazi dute, aurretik produkzio katean omen zegoen kolapsoa libratu dute, eskariak dituzte, baina enpresaren finantza egoera “oso delikatua” omen da. 

    Halaber, Volvo bezero nagusiarekin harremanak jarraitzen duela berretsi zuen administrazio kontseilu berriak. Volvoren azken belaunaldiko autobusak karrozatzeari uko egin zion Sunsundeguik, baina suediarren beste modelo batzuk karrozatzen segituko du. Finantza egoera hobetzeko bidean, Sunsundeguiko administrazio kontseilu berriak bankuekin negoziatu beharko du, eta Nafarroako Gobernuarekin eta Volvo bezero nagusiarekin kontaktuan egon beharko du. Datozen bi hilabeteak, abuztua eta iraila, “gakoak” izango direla nabarmendu dute.

Kirolak,

  • Pilotan, Uztailaren 29an aurkeztu zen Donostia Hiria Pilota Torneoa, Kontxako badian. Torneoa abuztuaren 26tik 30era jokatuko da, bi finalerdi izango ditu, eta final handia. Atano III.a pilotalekuan jokatuko da. Jose Javier Zabaleta Etxarrengo atzelaria izango da ordezkari sakandar bakarra. Abuztuaren 26an lehen finalerdia jokatuko da, eta hain zuzen ere bertan sartuko da lehian Etxarrengo atzelaria. Peio Etxeberriak eta Zabaletak Altuna eta Rezusta izango dituzte aurkari oso erakargarria aurreikusten den partidan. Beste finalerdia abuztuaren 27an jokatuko dute Artola-Mariezkurrenak eta Laso-Imazek. Final handia abuztuaren 30ean erabakiko da, eta zuzenean eskainiko du ETB1-ek.

     

  • Txirrindularitzan, Iparraldekoak nagusi Aiegin.  Iker Gomez altsasuarra laugarren izan zen Ellande Larrondek irabazitako proban. Uztailaren 27an juniorren mailako XXVII. Lizarra Txirrindularitza Kluba saria jokatu zen. Tropelak 82 km zituen aurretik, eta proba aurreikusi bezain mugitua izan zen. Aiegiko helmugara tantaka iritsi ziren txirrindulariak, Ellande Larronde (URT Velo 64) buru zela (2:05:47), Iparralde taldeko Xabi Sascoren aurretik (2:05:49). Iker Gomez altsasuarra (Quesos Albeniz) laugarren sailkatu zen (2:08:21). 

    Mikel Viloria (Quesos Albeniz) 29. iritsi zen, Eñaut Oiarbide (Quesos Albeniz) 39., Ekain Imaz (Tolosa / Danena) 44. eta Iker Begiristain (Quesos Albeniz) 51. Txirrindulari askok ezin izan zuten proba bukatu. 

    Iparralde izan zen talderik onena. Hurrengo egunean, Sopuertako Paco Cepeda Sari nagusia irabazi zuen Ellande Larrondek. 

  • Txirrindularitzan, Luca Martinez, zilarra Beran. Kadeteen mailako proba oso gogorra izan zen beroarengatik. Uztailaren 28an XX. Berako Saria jokatu zuten kadeteen mailako txirrindulariek (47 Km). Beroa izan zen protagonista nagusia, erasoekin batera. Azkenean laukote bat iritsi zen elkarrekin helmugara eta esprintean Joanes Olaizola (Zu eta Biok) gailendu zen, Luca Martinez lakuntzarraren (Sakana Group-Alea) aurretik. 

    Gainontzeko sakandarrak ere txukun ibili ziren. Ekai Erdozia (Sakana Group-Alea) hamaikagarren sailkatu zen, Xabier Curiel hamazazpigarren, Janitz Zufiaurre (Sakana Group-Alea) 22., Mikel Arrizabalaga (Quesos Albeniz) 24., Oier Olaberria (Quesos Albeniz) 26., Ibai Galarza (Quesos Albeniz) 28., Juan Carlos Gil de Gomez (Quesos Albeniz) 29., eta Urko Oiarbide (Sakana Group-Alea) 31. Txirrindulari askok proba utzi behar izan zuten, bero sapagatik.