Agendan,
- Lakuntzako Udalak igerilekuan puzgarriak antolatu ditu uztailaren 31rako, asteazkena, 16:00etatik 20:00etara. Ekimena abuztuaren 1erako aurreikusita zegoen, baina uztailaren 31ra aurreratu dute.
Albisteak,
-
Nafarroako Gobernuak emandako erresoluzioari esker, Urbasa-Andiako parke naturalean txakurrak ezingo dira aske ibili. “Azken urteetan Urbasako eta Andiako mendietan geroz eta txakur gehiago zebiltzan aske, eta zenbaitetan abelburuak erasotu edo molestatzen zituzten. Halakoak geroz eta gehiago ematen dira” jasotzen du erresoluzioak. Turismo garaian areagotzen omen da aske dauden maskoten edo txakurren presentzia, eta horregatik Nafarroako Gobernuak Urbasa-Andiako parketan txakurrak aske ez ibiltzeko erresoluzioa onartu du.
Urbasa-Andiak dituen 15.820 hektareatan 40.000 abelburu inguru egoten direla larratzen, Nafarroako 350 esplotazio baino gehiagoetakoak. 2023 urtean Urbasa-Andiako Larreen Batzarrak Ingurumen Departamentuari eskatu zion txakurrak lotuta egotea, abelburuak ez molestatzeko, eta gobernuak aurten hartu du erabakia.
Kirolak,
-
Pilotan, Jose Javier Zabaleta min hartuta dago. Uztailaren 13an, Sanferminetako Iruñeko Olioaren Erronkan min hartu zuen eskuin hankako soleoan, eta osatze prozesua ongi doala azaldu du atzelari etxarrendarrak. Entrenatzen hasi da, lan fisikoa eta bereziki eskuak egiten, baina zuhurra izan nahi du eta, gaur, uztailaren 31n, CaixaBank Masterseko Biarritzeko partidan ez da aritzea erabaki du. Bikuñak ordezkatuko du. Uztailaren 30ean, Lodosan, Rezustak hartu zuen bere tokia.
Zabaletak medikuek esandako hiru asteak bete nahi ditu jokatu gabe, lesioa behar bezala osatzeko. Gauzak ongi, bere asmoa Gasteizko Andra Mari Zuriaren Torneoan berragertzea da. Abuztuaren 6ko finalerdian, eta Javier Zabalarekin bikotea osatuta, Altuna III.a eta Rezusta dituzte aurkari. Ea ongi iristen den.
- Txirrindularitzan, Jon Gil, Villatuertako Top 10ean. Uztailaren 27an afizionatuen mailako V. Robert Innova Ega Perfil saria jokatu zen Villatuertan. Erasoz betetako proba Pablo Arak (Telcon) irabazi zuen, helmugara bakarrik helduta (3:32:03). Jon Gil lakuntzara Top 10ean sailkatu zen, bederatzigarren sartu baitzen, 1:58ra.