Irailak 2

Eneida Carreño Mundiñano 2024ko ira. 2a, 11:05

Albisteak:

  • Istripuan etxarriarra hila. Etxarri Aranazko 55 urteko gizonezko bat hil zen larunbat eguerdian.  Arbizuko Utzubar industrialdeko enpresa batean jarritako aldamiotik erori zen gizonezkoa, hiru metroko altueratik. SOS Nafarroa 112 larrialdi zerbitzuak 12:49an jaso zuen istripuaren berri, eta Etxarri Aranazko guardiako mediku taldea, oinarrizko bizi euskarria duen anbulantzia bat, bizi euskarri aurreratua duen anbulantzia bat (medikalizatua), helikoptero medikalizatu bat joan ziren ezbeharraren tokira. Iritsi zirenean, larrialdi zerbitzuek bihotz-biriketako bizkortzeko maniobrak egin zituztebn, baina ezin izan dute ezer egin bertan hil den gizonaren bizia salbatzeko. Ezbeharraren tokira Foruzaingoaren Herritarren Segurtasunerako eta Polizia Judizialeko patruilak ere joan ziren. Azken horiek ikertu zuten istripuaren arrazoiak eta dinamika. Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten, autopsia egiteko. Haren senideek eta gertukoek gaur eta bihar despedituko dute hildakoa. 
  • Lakuntzako eta Etxarri Aranazko igerilekuak zabalik segituko dute.

Kirolak:

  • Pilotan, Masterseko Ezkurdiaren eta Zabaletaren arteko lehia atzeratua, irailaren 4an jokoan. Euri jasa gogorrengatik Orduñako Jai Alai pilotalekuan ura sartu zen, eta bertan behera geratu zen Ezkurdia-Albisu eta Peña II.a-Zabaletaren arteko partida. Irailaren 4an jokatuko da partida erabakigarria, 19:30ean. Seigarrena bukatu eta berehala, irailaren 5ean abiatuko da Masterseko zazpigarren eta azken jardunaldia. Jakak eta Martijak Laso eta Tolosa izango dituzte aurkari, Lekeition. Irailaren 6an Ezkurdia eta Albisu Altuna III.aren eta Iztuetaren kontra lehiatuko dira Zestoan, eta irailaren 7an, Artola eta Rezusta Peña II.aren eta Zabaletaren kontra, Lekeition. Azkenik, irailaren 8an Etxeberria eta Mariezkurrena liderrek Zabala eta Imazen kontra jokatuko dute Arrasaten. 
  • Pilotan, Igoa eta Santesteban, Otadiko Kristo Deuna Torneoko finalera. Abuztuaren 31n jokatutako lehen finalerdian lortu zuten Altsasuko festetako final handiko txartela. Infantiletan San Roman eta Reparaz gailendu dira eta promesetan, lau eta erdian, Ibarluzea. Bigarren finalerdia irailaren 7an jokatuko da, 21:30ean, Burunda pilotalekuan. Pilotajaukuko infantilen mailan Arguelles-A. San Romanek Carabias eta Rios izango dituzte aurkari. Promesen lau eta erdian, Murua (Gipuzkoa) eta Sarasibar (Nafarroa) lehiatuko dira. Azkenik, eliteen binakakoan Fernandezek (Errioxa) eta Sotilek (Nafarroa) Apezetxea eta Azpeztegia nafarren kontra jokatuko dute.