Irailak 3

Guaixe Irratia 2024ko ira. 3a, 10:41

Albisteak,

  • Txistu irakasle premia Etxarri Aranatzen . Etxarri Aranazko Musika Eskolarako aldi baterako eta lanaldi partzialeko txistu irakasleak kontratatzeko premiazko lan-poltsa bat sortzeko deialdia egin du. Eskakizunen artean daude irakasleak euskarazko C1 maila izatea. Deialdian parte hartzeko eskabidea etxarrriaranatz.eus webgunean eskuratu daiteke. Hura beteta aurkeztu beharko du deialdian interesa duenak. Baita aipatu web orriko deialdian eskatzen den gainontzeko dokumentazioa ere. Eskaera aurkezteko epea irailaren 4an, asteazkena, despedituko da. 
  • Iturmendin Bake epaile titularraren eta haren ordezkoaren karguak hutsik. Eskabideak irailaren 20ra arte aurkez daitezke . Iturmendiko Udalak deialdi bidez iragarri du herriko bake epaile titularraren eta haren ordezkoaren kargua betetzeko daudela. Legediari jarraituz, bi postu horiek betetzeko deialdia egin du udalak. Interesa duenak bere eskabidea aurkez dezake udal idazkaritzan. Eskabide horietan adierazi beharko dute betetzen dituztela gaitasun eta bateragarritasun baldintzak, delako 3/1995 Erregelamenduak eta aplikatzekoak diren gainerako arauek xedatu bezala.
  • Ibarreko nekazaritzako ibilgailuek Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) herrian bertan pasatzeko aukera dute irailean. IATko teknikariek eta haien unitate mugikorra Sakana ekialdetik mendebaldera pasako dutena 26. aldia izanen da. 09:15etik 14:15era ariko dira lanean. IATren bidez lehen sektoreko ibilgailuek legediak ezarritako araudia eta segurtasun neurriak betetzen dituzten aztertuko dute. Nekazaritzakoak ez diren gainontzeko ibilgailuek, quadak eta ziklomotorrak barne, IATko estazio finko batean pasa behar dute azterketa. Gaur eta bihar irurtzunen hasiko dira.

Kirolak,

  • Pilotan, Adrian Azpiroz, Antiguako torneoko txapeldun. Jorge Fernandez errioxarrarekin bikotea osatuta, txapelketa beteranoko elite mailako txapela jantzi zuen atzelari irurtzundarrak. Irailaren 1ean Donostiako Antiguako Pilota Txapelketako 76. edizioko finalak jokatu ziren mukuru beteta zegoen Antiguako pilotalekuan. Txapelketa beteranoan afizionatuen eta promesen mailako pilotari onenak lehiatu ziren. Adrian Azpirozek eta Jorge Fernandezek biko sendoagoa osatu zuten, eta aurkariak baino hobeak izan ziren. Hasieran Apezetxeak huts batzuk pilatu zituen eta horrek airea eman zien aurkariei, baina berehala buelta eman zioten, eta lehian bete-betean sartu ziren. Azpirozek eta Fernandezek serio jokatu zuten, eta garaipenean sinistu zuten. Lan ona eginez, tantoak batuz joan ziren. Aldiz, aurkariak ez ziren horren fin ibili, eta, azkenean, Azpirozek eta Fernandezek jantzi zuten txapela, 22-15 gailenduta. 
  • Mendi lasterketetan, Tritoiena mendi lasterketa ez zen jokatu. Irailaren 1ean zen jokatzekoa Arbizuko Kanpinak eta Dantzaleku Sakanak antolatutako Tritoiena mendi lasterketa, Beriainen inguruan antolatutako 21,19 kilometroko proba ederra, eta Nafarroako Koparako baliagarria. Joan zen urtean bertan behera geratu zen lasterketa, eguraldiagatik, eta aurten ere ezin izan da jokatu, bestelako faktoreengatik.