Albisteak,
- Aizkorbeko herrigunearen hegoaldean, San Andres karrikaren beheko partean dagoen lursailaren kalifikazioa aldatzeko proposamena egin du jabeak. Bere nahia da han familia bakarreko etxebizitza bat egitea. Arakilgo Udalak oniritzia eman dio aldaketari. Horrekin batera, udalak herritarrek parte hartzeko plana onartu du. Irailaren 21era bitartean herritarrek proposamenak eta ekarpenak egiteko aukera izanen dute. Horretan interesa duenak azcona.miren@gmail.com helbidera jo beharko du. Aldaketari buruzko informazioa arakil.eus/eu webgunean dago. Bestalde, herri gunearen erdialdean, iturriaren eta jolasparkearen ondoan etxe bat jasotzeko baimena emanda du udalak aurretik ere.
- Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, “herriko hainbat seinale izorratu eta suntsitu dituzte agorrileko azken egunetan. Bortizkeria eta suntsiketa jasangaitzak direla ulertuz”, Uharte Arakilgo Udalak epaitegian salaketa jarriko du. Aldi berean, udalak “eskertuko luke norbaitek zerbait ikusi badu udaletxean jakinaraztea”. Udaletik azaldu dutenez, “herritarrendako kostua idan duten elementuak suntsitzeak denon dirua xahutzea dakar. Gainera, herriaren irudia eta herritarren arteko bizikidetza kaltetzen duten ekintza eta jarrerak dira”. Uharte Arakilgo Udalak gaineratu duenez, “seinaleek babestutako eremuak izendatzen dituzte, beraz, seinaleek natura eta ondare aberastasuna babesteko funtzioa dute. Besteak beste, duela gutxi zaharberritu diren pisten kontserbazioa bermatzeko diseinatu diren seinaleak dira” kaltetuetako batzuk.
- Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, Akerruntza kalearen 36. zenbakian dagoen partzelan etxea jaso nahi du eraikuntza enpresa bat. Udal hirigintza arauetan partzelak 2,7 etxebizitzetarako gaitasuna aurreikusi dio partzela horri. Aldaketa proposatuta, sustatzaileak lau etxebizitza eraikin nahiko lituzke. Etxebizitzek behekoaz aparte bi solairu gehiago izanen lituzkete, gutxi gorabehera 90 metro karratuko azalera lukete. Eskaera jasota, arbizuarrak parte hartzeko deialdia egin zuen udalak agorrilaren hasiera. Proposamenari buruzko argibideak arbizu.eus webgunean daude.
- Hutsik zeuden hamar lanpostu betetzeko deialdia egin zuen Altsasuko Udalak 2022ko azaroaren 21ean. Merezimendu lehiaketa egin ondoren, kalifikazio epaimahaiaren ebazpena bere egin ditu udalak eta hamar lanpostuak eman ditu. Jose Angel Arregi Uribe Altsasuko Udalaren zerbitzura ariko da, mandatariaren lanpostuan.Amaia San Miguel Andonegi administrari ofizialaren lanpostuan ariko da.Arkitekto teknikoaren lanpostua Maite Zelaia Irigoienek beteko du. Altsasuko Udalaren zerbitzuko ludotekariaren lanposturako Josefa Markinez Arakama izendatu du.Bestalde, Txirinbulo haur eskolan aritzeko lau haur hezitzaile izendatu ditu udalak: Aintzane Martin Diaz de Otazu, Maite Larrea Saez de Muniain, Leticia Cantero Gabieiro eta Noelia Martin Romero. Felix Benjumea Motino udal arduradunaren lanpostuan arituko da. Iñaki Ruiz de Alegria Uribe eskola publikoko etxezainaren lanpostua beteko du.
Kirolak,
-
Lakuntzako Lagun Artea Kirol Elkarteak futbol talde bat sortu nahi du ‘Nire gaitasuna kirola ere bada’ ligan parte hartzeko. Aipatu liga proiektu sozial bat da, eta futbol inklusiboa sustatzen du. “Proiektu horren bidez Nafarroako Futbol Federazioak ahalegin handia egiten du futbolean aritu nahi duen orok horretarako aukera izan dezan. Horrela, futbol txapelketa bat antolatuko du, beste gaitasun batzuk dituzten pertsonek euren taldeak osatu ahal ditzaten, Nafarroako hainbat kluben bidez. Helburua futbol inklusiboaren aldeko apustua egitea da, eta Lagun Arteak bat egin du ekimen honekin” azaldu dute Lakuntzako klubetik.
‘Nire gaitasuna kirola ere bada’ liga mistoa da eta 16 eta 99 urte arteko gizon eta emakumeek har dezakete parte. “Kirol kluba garen aldetik, harro egoteko moduko ekimena da futbol talde hau aurrera ateratzea, gure inguruko pertsonek futbolean jokatzeko eta harreman berriak egiteko aukera izan dezaten” gaineratu du Lagun Arteak. Izena emateko, ondoko telefonoak daude: 606 504 526 edo 619 979 764. Jokalari bakoitzak 150 euroko kuota ordainduko du denboraldi osorako eta kuotaren barruan polo bat eta jertsea jasoko dute, guztiak berdin janzteko.
Printzipioz, entrenamenduak hileko bi ostiraletan izanen dira, 17:00etatik 18:00etara, Lakuntzako Sakana pilotalekuan, baina, beharrean arabera, egutegia moldatu ahalko da. Hilean partida bat jokatuko dute Iruñerriko hainbat talderen kontra. Partida bat etxean izanen da, eta bestea kanpoan, txandakatuz. “Lagun Artea futbol inklusiboaren alde, animatu eta zatoz gurekin jokatzera!” animatu du klubak.