Otsaportillok irailaren 1ean hartu zuen ekitaldiaren helburua "memoria, justizia, ordaina eta egia aldarrikatzea da, bai hemen hil zituzten pertsonendako, bai 1936. urteko estatu kolpea eta ondorengo Gerra Zibila, gerraostea eta diktadura frankistaren ondorioz giza eskubideen urraketa jasan zuten pertsona guztiendako ere". Antolatzaileek aitortu egin zuten "hemen eraildutako pertsonen familiek haien memoria bizirik" mantentzea hainbat hamarkadatan eta, horregatik, esker ona adierazi zieten familia guztiei.
Aurtengo omenaldia antolatzeko ardura Ergoienako eta Etxarri Aranazko udalena izan zen, ibarreko udalek 2016tik hura txandaka antolatzen baitute. Maria Saez de Albeniz Bregaña alkate etxarriarrak nabarmendu zuenez, "altxamendu faxistaren 88 urte betetzen dira eta oraindik guztiz argitu gabe segitzen du. Altxamendu militar faxistak odolez eta malkoz bete zituen Sakanako herri guztiak". Errepresaliatu guztiak gogoratu zituen. Alkateak ziurtatu zuenez, "Francoren heriotzaren ondotik ireki zen aro berriak ez du ekarri altxamendu faxistaren biktimek eskatzen duten gertatutako egiaren aitortza, are gutxiago hainbeste merezi duten justizia eta erreparazioa ere. Ez da egon erregimen frankistarekiko benetako hausturarik, eta frankismoan agintea eskuan zuten sektore berberek segitu dute benetako boterea kudeatzen". Gaineratu zuenez, "1936an eraildakoek defendatzen zuten politika eta gizarte aldaketarako aukerak erabat galarazita dauden nazio eta langileen eskubideak ukatzen dituen egungo sistema konstituzional espainiarrean". Alkateak ziurtatu zuenez, "zaila da memoria, justizia, egia eta ordainaren bidea. Baina gure bidea jorratzen jarraitzera" deitu zuen.
Atzoko, gaurko eta biharko biktimak gogoan izan zituen Eneka Maiz Ulaiarrek, EH Bilduko parlamentariak. Horretarako, Juan Carlos Valle, Karlotti, poetaren olerki bat euskaratu eta moldatu zuen. "Gaur egun biktimak direnak etorkizunean omenaldia egin beharko zaie". Hori esanda, Palestinari egin zion erreferentzia, "munduan dagoen hilobirik erraldoiena da. Han gertatzen ari den sarraskia eta genozidioa salatu nahi ditut. Babesa eta oroimena Otsaportillotik". Koalizioko diputatu Bel Pozueta eta Geroa Baiko parlamentari Mikel Asiain ere ekitaldian izan ziren.
Hitzartzeen artean Idoia Granizo bertsotan aritu zen. Etorkizuna dantza taldeko hiru kidek aurreskua dantzatu zuten eta horren ondoren herritarrek lore eskaintza egin zuten lezean bertan. Gainera, Dupla taldeak bi kanta abestu zituen, bata Otsaportilloko gertakarien ingurukoa. Ekitaldia auzatearekin despeditu zen.