Irailak 6

Eneida Carreño Mundiñano 2024ko ira. 6a, 10:41

Albisteak,

  • Uharte Arakilgo Udalak, 2024-2025 bi urteko baso kudeaketarako planari jarraituz, bi lotez osatutako baso aprobetxamendua saldu nahi du. Bien prezioa 83.661,89 eurokoa da. Aurreneko lotea Atako Ospela eta Madozko bidea dermioetan dago eta alertzez eta pagoz osatuta dago. Guztira, 639,3 metro kubiko egiten ditu eta 12.558,71 euroko balioa du. Bigarren lotea Pamplonagain, Baztarro, Agiri eta Udalfaro dermiotan dago. Pagoez osatutako loteak 3.114 metro kubikoko bolumena du, 71.103,18 eurotan baloratua dagoena.
  • Lakuntzako Udalak San Saastin Udal Musika Eskolako lanpostu hutsak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin zuen. Kalifikazio epaimahaiak proposamena jasota, Lakuntzako Udalak honakoak izendatu ditu bere langile: Ibai Toribio Onandia troneta irakasle, Beñat Arce Ancin perkusiokoa, Itsaso Munguia Garmendia akordeoikoa, Purificacion Altzelai Iriarte gitarrakoa eta, azkenik, Nagore Etxaburu Mateo piano irakaslea. Bostak lan kontratudun finkoko langile gisa kontratatuko diru, B mailako lanposturako eta lanaldi partzialarekin.
  • Etxarri Aranazko Udalak administrari ofizialaren lanpostu bat betetzeko oposizio lehiaketa deitu du. Lanpostua lortzen duenak funtzionarioen araubidean lan eginen du. Lanpostu hori C mailakoa da, eta euskara nahitaez jakin behar da; hain zuzen, C1 jakite-maila izan behar da. Deialdiari buruzko xehetasunak etxarriaranatz.eus webgunean daude. Eskabide orri betea, nortasun agiria eta lanposturako hautagaiak duen merituak aurkezteko epea irailaren 15eko 14:00etan despedituko da.

Kirolak,

  • Txirrindularitzan, La Peluso BTT Xtrem txirrindularitza probaren hirugarren edizioa irailaren 7an, larunbata, jokatuko da, 09:00etatik aurrera, Irurtzunen. La Peluso Cycling taldeak antolatu du proba eta bi ibilbide izanen ditu: laburra 38 kilomero eta 1.084 metroko desnibelarekin eta luzea 40,48 kilometro eta 1.242 metroko desnibelarekin; lehenengo 30 kilometrotan bi ibilbideak batera doaz. Irailaren 4ra arte, asteazkena, eman daiteke izena Rock The Sport webgunean eta dortsalak irailaren 6tik arratsaldean banatzen hasiko dira. Proba amaituta, 13:30etik 15:30era, bazkaria eginen dute Irurtzungo Foru plazan, eta ondoren, 16:00ak aldera, sari banaketa izanen da. Aurten, gainera, Lizar Trial Bicik Biketrial erakustaldia eta solasaldia eginen du ere.
  • Areto futbolean, Arbizu Kirol Taldea, Altsasu FS eta Aralar Mendi areto futbol taldeek Sakanako I. Areto Futbol Kopa jokatuko dute irailaren 7an, larunbata, 11:00etatik aurrera, Altsasuko Zelandi kiroldegian. Altsasu FS eta Arbisu KT taldeen partida izanen da lehenengoa 11:15ean; ondoren, Aralar Mendi taldeak lehenengo partida galtzen duen taldearekin jokatuko du, eta ondoren, 12:20ean Aralar Mendi lehenengo partidaren irabazlearekin jokatuko du. 
  • Saskibaloian, Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak antolatutako 3x3 Street Altsasu saskibaloi txapelketa irailaren 7an, larunbata, jokatuko da Intxostiapuntako plazako saskibaloi kantxan. Hiruko taldeek hartuko dute parte kaleko txapelketa honetan, eta izena ematea zabalik dago (608 901 770). Talde bakoitzak 25 euro ordaindu beharko ditu. CBASKetik azaldu dutenez, talde bakoitzak, gehienez, federatutako bi kide izan ahalko ditu. Txapelketarekin batera hiruko jaurtiketen torneoa jokatuko da.3x3 Street Altsasu Txapelketa gauzatzen den bitartean DJ-ak, barbakoa, sarien zozketa eta giroa iragarri dituzte.
  • Pilotan, Altsasuko afizionatuen mailako txapelketak bi finalaurreko izanen ditu: abuztuaren 31n eta irailaren 7an, larunbatak. Irailaren 14an, larunbata, Altsasuko festetan, finala jokatuko dute. Infantiletan Pilotajaukuak lehiatuko dira, lau eta erdian promesak, eta eskuz binaka eliteak. Larunbateko partidak:

          Pilotajaukuko infantilak
          Arguelles - A.San Roman / Carabias - Rios

          Promesen lau eta erdia
          Murua (Gipuzkoa) / Sarasibar (Nafarroa)

          Eliteen eskuz binakakoa
          Fernandez - Sotil (Errioxa - Nafarroa) / Apezetxea - Apeztegia (Nafarroa)