Albisteak,
- Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, aurtengo hiri-lur eta landa-lur kontribuzio zerga kobratuko duela. Horretarako epea lastailaren 5era zabalik izanen da. Udalaren ordainagiriak helbideratuta dituztenei kontu korrontean irailaren 26an kargatuko die udalak zenbatekoa. Helbideratu gabeko ordainketak jakinarazpenean agertzen diren banku bulegoetan egin ahalko dira, dagokion ordainagiria aurkeztuz.
- Iturmendiko Udalak administrari ofizialaren lanpostu bat betetzeko oposizio lehiaketa deitu du. Probaldia pasata, hautatutako langileak Iturmendiko Udalaren zerbitzura arituko da. Langile hori C mailakoa izanen da, %40ko lanaldia izanen du eta euskarako C1 nahitaezko hizkuntza eskakizuna izanen du. Deialdian parte hartzeko eskabideak lastailaren 7ra arte aurkeztu daitezke eskabideak. Iturmendiko Udalaren deialdiari buruzko informazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialaren irailaren 5eko zenbakian dago.
- Altsasuko festak asteazkenean hasiko dira, irailak 11 dituela. Hori dela eta, asteazkenero egiten den azoka egun bat aurreratu da eta asteartean eginen da. Horretaz aparte, trafikoan ere aldaketak izanen dira. Izan ere, ferietako barrakak Alde Zaharrean jarri dira eta horrek Ferialeku kalea eta Gurutze Saindua kalearen zati bat trafikora itxita egonen da. Alde Zaharrera joateko institutuen arteko bidea erabil daiteke.
- Bi pertsona arin zauritu dira larunbat goizaldean Irurtzunen, Leitzarango Autobiako (A-15) 114,7 kilometroan, Donostiarako noranzkoan, Irurtzungo dermioan. Bi pertsonak zihoazen kamioia bidetik atera eta iraul egin zen 03:46an. 58 eta 40 urteko bi gizonezko Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zituzten. Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, zaharrenak bizkarrean kolpe arin bat zuen eta gazteenak hainbat kolpe. Ezbeharraren tokira Cordovillako suhiltzaileak, Irurtzungo mediku taldea, oinarrizko bizi-euskarriko bi anbulantzia, Foruzaingoa eta Errepideen Kontserbazio zerbitzuko langileak joan ziren. Ostiralean, Leitzarango Autobiako toki berean, beste kamioi bat bidetik irten zen eta irauli egin zen. Gidaria, 68 urteko gizon bat, zauritu egin zen, kolpe arinekin. Ostiraleko istripuaren ondorioz autobia hamabi orduz itxita egon zen.
Kirolak,
- Pilotan, 53. Otadiko Kristo Deuna Torneoko bigarren finalerdiak, erabakita. Infantiletan Carabias-Riosek, promesetan Sarasibarrek eta eliteetan Fernandez-Sotilek egin dute aurrera. Pilotajaukuko infantiletan, Arguellesek eta A San Romanek lehia estua izan zuten Carabiasen eta Riosen kontra, eta bukaeran azken hauek gailendu ziren, 12-18. Promesen lau eta erdian Murua gipuzkoarrak Sarasibar nafarra izan zuen aurkari. Sarasibar nagusitasunez gailendu zen, 9-22. Azkenik, eliteen mailako binakakoan Fernandez errioxarrak eta Sotil nafarrak bikote oso sendoa osatu zuten eta 22-17 irabazi zuten partida estu eta lehiatuan.
Finalak: Irailaren 14an, larunbatarekin, jokatuko dira 53. Otadiko Kristo Deuna Torneko final handiak, Burunda pilotalekuan, 18:00etan. Infantiletan, Pilotajaukuko Beramendi-Azkona eta Carabias-Rios lehiatuko dira. Promesen mailako lau eta erdian Ibarluzea gipuzkoarrak eta Sarasibar nafarrak neurtuko dituzte bere indarrak, eta, eliteen mailan Igoa etxarriarrak eta Santestebanek Fernandez eta Sotil izango dituzte aurkari oso borrokatua aurreikusten den finalean. Ea txapela Sakanan geratzen den. - Pilotan, Ezkurdiak eta Albisuk ez zuten play-offetarako sailkatzeko aukerarik, baina itxura ona emanda despeditu nahi zuten torneoa. Tamalez, Altunak eta Iztuetak euren asmoa zapuztu zuten, 22-13 irabazi baitzieten. Jakak eta Martijak ez zuten euren egunik onena izan eta 8-22 galdu zuten Lasoren eta Tolosaren ordez aritu zen Arangurenen kontra.Peña II.ak eta Zabaletak asko zuten jokoan, play-offetako postuetako bat lortzea, hain zuzen ere. Zabaletaren sanferminetako lesioaren eraginez torneo zaila izan du biko honek, baita Etxarrengo atzelaria osatu bezain pronto eman diote buelta egoerari, eta irailaren 7an, Lekeition, 7 tantotan utzi zituzten Artolaren ordez aritu zen Larrazabal eta Rezusta, eta garrantzitsuago dena, play-offen borrokan sartu ziren. Sailkapena: Gauzak horrela, Lehen bi bikote sailkatuek, Etxeberria-Mariezkurrenak (6 pntu) eta Altuna-Iztuetak (5 puntu) Masterseko finalerdietarako sailkapen zuzena lortu dute. Hirugarren eta seigarren postuetan sailkatu diren bikoteek, Laso-Tolosak (4 puntu), Jaka-Martijak (3 puntu) eta Peña II.a-Zabaletak (3 puntu) eta Zabala-Imazek (3 puntu) play-offak jokatuko dituzte, eta sailkapeneko azkeneko bi postuetan geratu diren Artola-Rezustak (3 puntu) eta Ezkurdia-Albisu (puntu 1) txapelketatik kanpo geratu dira. Asteburuan Masterseko play-offak jokatuko dira. Irailaren 13an, Galdakaon, Laso-Tolosak Zabala-Imaz izango dituzte aurkari, eta irailaren 15ean, Altsasun Jaka-Martija eta Peña II.a-Zabaleta lehiatuko dira nor baino nor. Bi bikote irabazleak finalerdietarako sailkatuko dira.
- Areto Futbolean, Osasuna Magna Xotak abuztuaren bukaeran hasi zituen 2024/2025 denboraldia prestatzeko entrenamenduak eta lagunarteko partidetan eta bestelako torneoetan murgilduta dago. Irailaren 5ean Irurtzungo taldeak Nafarroako Kopako finalaurrekoa jokatu zuen Vulcanizados Ruiz Tafa taldearen kontra, eta berdeek garaipena lortu zuten, Tafallako taldeari partida zaila eta borrokatuan 2-4 gailendu eta gero. Tafallako taldea bitan aurreratu zen, baina bigarren zatian ofizio handiagoa erakutsi zuten irurtzundarrek, eta partidari buelta eman eta gailendu ziren. Osasuna Magna Xotak ATP Tudelano Ribera Navarra taldea izango du aurkari Nafarroako Kopan. Tuterako taldeak 1-6 irabazi zion San Juan taldeari finalerdietan. Osasuna Magna Xotak lagunarteko partida jokatu zuen Guardon (Palentzia) irailaren 7an. Talde berdeak Bigarren B mailako Deporcyl Guardo taldearen aurkezpenean parte hartu zuen, eta aipatu taldearen kontra jokatu zuen lagunartekoa. 0-4 gailendu ziren nafarrak. Talde nagusien partida hasi baino lehen, jubenilen mailako Xotak eta Guardok lagunarteko partida jokatu zuten, eta kasu honetan ere Leandro Fernandezek zuzentzen duen Xota gailendu zen, 1-6.
- Mendi lasterketetan, Uharte Arakil Beriain Km Bertikalean izena emateko azken egunak. Irailaren 15era arte eman daiteke izena.
- Txirrindularitzan, Bizikleta Egunean izena emateko garaia da. Sakanako Bizikleta Egunaren 30. edizioa irailaren 22an izanen da. Ziordia eta Uharte Arakil batuko ditu, Ergoienatik pasatuta, eta irailaren 16ra arte eman behar da izena, dohainik.
- Txirrindularitzan, Iker Gomez, Europara bidean. Quesos Albeniz taldeko txirrindulari altsasuarrak Europako Txirrindularitza Txapelketetan parte hartuko du, Limburgen. Bere lana Hector Alvarez liderra laguntzea izango da irailaren 14an jokatuko den 129,7 km-ko lasterketan, baina aurretik, irailaren 11n, erlojupekoan parte hartuko du.
- Txirrindularitzan, Vueltan ez da txirrindulari sakandarrik egon, baina horrek ez du esan nahi ordezkaritzarik ez dugunik. Vueltan lanean dauden Mikel Pereira (motorrean, pilotu erregulatzailea), Joseba Ortigosa (hesien muntaia), Alberto Mazkiaran (muntaiaren arduradun nagusia), Jorge Azanza (Euskalteleko kirol zuzendaria), Juan Mari Guajardo (Vueltako speakerra), Aitor Augusto (hesien muntaia), Oscar Guerrero (Israel Premier ko kirol zuzendaria), Asier Somocurcio (hesien muntaia), Monica Guajardo (Radio Vuelta), Irati Oiarbide (talde laguntzailea), Adrian Claver (hesien muntaia) eta Ander Villalobos (hesien muntaia) altsasuarrek talde argazkia atera zuten.