Albisteak,
- Sakanako Mankomunitateak, merezimendu lehiaketaren bidez, ur zerbitzurako ofizialaren eta peoiaren lanpostuak betetzeko deialdiak egin zituen. Behin lehiaketa despedituta, Mank-ek erabaki du Unai Kintana Larraza izangaiari ematea ur zerbitzurako ofizialaren lanpostua, C mailakoa eta lan kontratudun finkoen araubidean. Bestalde, Mank-ek onartu du Iñigo Labiano del Rio izangaia peoi gisa kontratatzea. Lanpostu hori D mailakoa eta lan araubide finkoan.
- Etxarri Aranazko Udalak administrari ofizialaren lanpostu bat betetzeko oposizio lehiaketa deitu du. Lanpostua lortzen duenak funtzionarioen araubidean lan eginen du. Lanpostu hori C mailakoa da, eta euskara nahitaez jakin behar da; hain zuzen, C1 jakite-maila izan behar da. Deialdiari buruzko xehetasunak etxarriaranatz.eus webgunean daude. Eskabide orri betea, nortasun agiria eta lanposturako hautagaiak duen merituak aurkezteko epea irailaren 15eko 14:00etan despedituko da.
-
Txantxari udal ludotekak ateak lastailaren 1ean zabaldu eta maiatzaren 30ra arte hala izanen ditu, astegunetan beti. Altsasuko Udalaren zerbitzu hori 0 eta 12 urte artean duten haurrei zuzenduta dago. Baina saioak adinaren arabera antolatuak ditu. Hala, 2012 eta 2016 urteen artean jaio diren umeendako saioak astelehen, asteazken eta ostiraletan 15:30etik 16:45era izanen dira eta astearte eta ostegunetan 18:30etik 20:00etara. Bestetik, 2017 eta 2020 urteen artean jaiotako saioak beti 17:00etatik 18:15era izanen dira. Azkenik, 2021 eta 2024 urteen artean jaiotakoek astean hirutan izanen dituzte saioak: astelehen, asteazken eta ostiraletan, 18:30etik 20:00etara.
Altsasuko Udalaren Txantxari ludotekan izena emateagatik bost euro ordaindu behar dira. Familiendako saioak, berriz, dohainik dira. Baina haurra beti heldu batek lagunduta egon beharko du. Udalak jakinarazi duenez, 4 eta 12 urte arteko izen-emateak astean saio bat edo gehienez birako izanen dira. Txantxari ludotekan plaza libreak geldituko balira izen ematea ludotekan bertan eginen litzateke. Informazio gehiago nahi duenak 948 467 471 telefonora hots egin edo ludoteka@altsasu.net e-posta helbidera idatzi dezake.
Kirolak,
- Mendi txirrindularitzan, Irailaren 7an zen jokatzekoa, Irurtzunen, La Peluso BTT Xtreme mendi txirrindularitza proba, baina antolakuntzak proba bertan behera uztea erabaki zuen, ibilbideko zenbait guneren egoerarengatik. Aste guztia euritan egon zenez, ibilbidea ez zegoen ongi. Hala ikusi genuen irailaren 4an, probatzera joan ginenean, eta hurrengo egunean ere euria egin zuen. Larunbe, Zia eta Trinitatearen atzeko aldea zeuden okerrenak, iparrean daudelako. Jaisteko gaizki, eta igotzeko oraindik okerrago zegoen. Segurtasunagatik, proba bertan behera uztea erabaki genuen” azaldu du antolakuntzako Santi Moreno Morenok.
-
Txirrindularitzan, Irailaren 8an despeditu zen Vuelta, Primoz Roglicek (Red Bull Bora) irabazitakoa, eta balorazioa egiteko unea da. Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendaria, Jorge Azanza altsasuarra bere taldeaz “harro” azaldu da. “Talde guztiaz harro nago; genuena eman dugu. Egin dugun Vuelta, gure ahalmena kontuan hartuz egin ahal genuen hoberena izan da: zortzi ihesaldi, podium bat, Matéren hirugarren etapako mendiko lidergoa, lehiakortasunaren lau sari, sei Top-10...”. Lau aldiz talderik onena izan zen Euskaltel-Euskadi, bigarren, bosgarren, hamalaugarren eta hamazazpigarren etapetan. Halaber, teknikari altsasuarrak Txomin Juaristiri aipamen berezia egin dio. “Guztia eman du, baina ezinezkoa izan da”.
“Ziurrenik gure Vueltarik onena izan da aurtengoa, 2021 eta 2022 urtekoen ondotik. Txirrindulariek dena eman dute. Ez dugu ahaztu behar Vueltak duen maila zein den, World Tour maila. Gazteenek, Berasategi eta Isasa tartean, txirrindulari gisa hezi egin dira euren debutean. Txirrindulari guztien eta lan talde eta staffaren inplikazioa azpimarratu nahiko nuke: guztiez harro nago. Guztiak inoiz baino batuago gaude, eta, zalantzarik gabe, onena heltzear dago” eskertu du Azanzak.
-
Txirrindularitzan, Kern Pharma talde nafarra zen Vueltako gonbidatuetako bat, eta Juanjo Oroz managerrak gidatzen duen taldeak ez du hutsik egin. Pablo Urtasun da talde berdeko beste zuzendarietako bat, baina urdiaindarrari beste proba batzuetan egotea egokitu zaio. Hala ere, guztien garaipena da Vueltakoa, itzela izan baita.
Pablo Castrillok bi garaipena ikusgarri lortu zituen. Lehena, Kern Pharmako sortzaile eta arima zen Manolo Azconaren heriotzaren egunean, Manzanedan, eta bigarrena Cuitu Negrun, sekulako erakustaldia emanez. Hirugarren garaipena Urko Berrade nafarrak lortu zuen, Gasteiz eta Maeztu lotu zituen etapa ahaztezinean.
“Vuelta ikusgarria izan da, hamarrekoa. Txirrindulari guztiek izandako konpromisoa nabarmendu nahiko nuke, taldearen interesak euren interes pertsonalen gainetik jarri dituztelako. Guztien artean lortutakoaz harro egon beharra dugu, eta lanean jarraitu, gure buruan sinisten, horrek ekarri baitigu hona” nabarmendu du Juanjo Oroz managerrak.
-
Txirrindularitzan, Irailaren 7an juniorren eta kadeteen bigarren urteko LI. Lukingo Udala Saria jokatu zen, 82 kilometroko lasterketa gorabeheratsua. Hasieratik bizi-bizi jokatu zen proba, eta eraso saiakera asko izan ziren. Eñaut Oiarbide etxarriarra (Quesos Albeniz) eta Ioritz Dorronsoro (Zu eta Biok) iritsi ziren batera helmugara, eta sprint estuan Eñaut Oiarbidek denboraldiko bere lehen garaipena lortu zuen (2:02:24). Segundo gutxira gainontzeko txirrindulariak sartu ziren, alde txikiarekin. Top 10ean bi sakandar sailkatu ziren: Luca Martinez (Sakana Group-Alea) lakuntzarra bederatzigarren izan zen, eta probako lehen kadetearen saria jaso zuen; eta Iker Gomez altsasuarra (Quesos Albeniz) hamargarren sailkatu zen. Hain zuzen ere Iker Gomez Belgikara bidean dago, Espainiako selekzioarekin Europako Txirrindularitza Txapelketetan parte hartzeko.
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iker Begiristain (Quesos Albeniz) hamaseigarren iritsi zen; Ekaitz Perez (Quesos Albeniz) 23.; Manex Huarte (Sakana Group-Alea) 32.; Mikel Viloria (Quesos Albeniz) 33.; Erik Laiglesia (Sakana Group-Alea) 36.; Janitz Zufiaurre (Sakana Group-Aralar) 37.; eta Mikel Arrizabalaga (Quesos Albeniz) 41.
Talderik onena txapeldunaren taldea izan zen, Quesos Albeniz Burunda taldea.