Irailak 11

Guaixe Irratia 2024ko ira. 11a, 10:49

Albisteak,

  • Aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesu bereziaren barnean Arakilgo Udalak lanpostua betetzeko deialdia egin zuen eta hari dagozkion merezimenduen behin betiko balorazioa onartu eta argitaratu zuen. Horrekin batera, 30 egun balioduneko epea eman zen betekizunak egiaztatzeko. Epe hori pasata, udalak ez da egiaztagiri hori jaso eta, horregatik, erabaki du udalak lanpostua hutsik uztea.
  • Olatzagutiko Udalak ludotekako monitore izateko lanpostua betetzeko oposizio lehiaketa deialdia egin du. Hautaketa-prozesua bi faseren bidez egingo da: oposizio-fasea (ariketa teorikoa eta praktikoa) eta lehiaketaren fasea. Ludotekako monitore lanpostua lanaldi erdikoa eta hileko banaketa aldatu egingo da ludoteka zerbitzuaren eta Udan Euskaraz-en beharren arabera. 

    Deialdiko baldintzak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, proben garapena eta gai-zerrenda olazti.eus webgunean kontsultatu daitezke. Deialdi honetan parte hartzeko eskabidea telematikoki egin beharko da nahitaez, Olaztiko Udaleko erregistro elektronikoan: https://sedeelectronica.olazti.es Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea irailaren 16ko 24:00etan despedituko da.

  • Olatzagutian Guardia Civilak kontrola jarri zuen ostiralean. Guardia Civilak zabaldutakoaren arabera, han zeuden agenteek ikusi zuten auto batek kontrola ikusita gelditu eta atzeraka maniobra egiten hasi zela. Gelditzeko agindu eta autoak ihesari eman zion. Agenteek gidaria eta ibilgailuko beste bi bidaiariak identifikatu zituzten, nahiz eta gidariak hasieran beste pertsona baten datuak eman zizkien. Gidaria, 22 urteko gizonezko sakandarrak, ez zuen gidabaimenik. Horregatik, bide segurtasunaren kontrako delitu batengatik ikertu dute.

    Hurrengo egunean, Iruñerriko landetxe bateko arduradunak landetxe barruan lapurreta egiten saiatu zirela salatu zuen Altsasuko kuartelean. Etxe barruan sartu eta ustekabean gizon bat baliozko objektuen bila zebilela ikusi zuen. Lapurrak ihes egin zuen, jantzita zeraman txapel bat etxean utzita. Salaketa egitean jabeak txapela erakutsi zien agenteei. Haiek aurreko egunean gaztea atxilotu zuten berak izan ziren eta, txapelaren ezaugarri bereziengatik, argi ikusi zuten gazteak jantzita zeraman bera zela. Agenteek gaztearen bila aritu ziren larunbatean baina ez zuten opatu. 

    Igandean, Irurtzungo Guardia Civilaren kuartelean gizon bat agertu zen, Altsasun izan zuen liskar batean izandako lesio batzuk salatzeko. Identifikatu zenean, agenteek egiaztatu zuten gizona atxilotzeko agindua zegoela, indarra erabiliz lapurreta egiten saiatzea egotzita. Gizonezkoa epailearen esku asteartean utzi zuten.

Kirolak,

  • Irati Igoa: agur Mulier, ongi etorri Osasuna. Etxarriarra zazpi denboralditan Mulier taldeko jokalari ezinbestekoa izan da, eta eskertuta esan dio agur klubari. 2024/2025 denboraldian Gorka Pascua altsasuarrak zuzentzen duen Osasuna B taldeko plantillan egin du tokia

    Irati Igoa Sesma futbol jokalari etxarriarrak agur esan dio Mulier futbol taldeari, Sare Sozialetan argitaratutako mezu hunkigarri baten bidez. “Zazpi urte eta gero, urte guzti hauetan nire etxea izan denetik agurtzen naiz” dira bere lehen hitzak. 

    Erdilari etxarriarrak gaineratzen duenez, “agur esatea beti kostatzen da. Triste, baina, aldi berean, harro noa, nire eskuetan dagoen guztia eman dudalako taldea laguntzeko. Egun bakoitza ikaskuntza prozesu konstantea izan da”. Halaber, eskerrik beroenak eman dizkio Mulier klubari, “hasieratik nigatik apustu egiteagatik eta konfiantza osoa emateagatik. Pertsona eta futbolari gisa hazten lagundu nauzue”. Igoak esker oneko hitzak izan ditu zazpi urte hauetan taldekide izandako jokalariekin, talde teknikoko langileekin eta zuzendaritzarekin, “beti nirekin eramango zaituztet”. 

    Bide berriari ekingo dio etxarriarrak. “Etapa berria hasteko garaia da, helburu eta helmuga berriekin”. 

    Osasunan
    Igoak bide berriari ekin dio, baina kolorez aldatu gabe, gorria baita ere bere elastiko berria. Hain zuzen ere, Irati Igoa Osasuna B taldeko organigraman dago, Gorka Pascua altsasuarraren eta Aritz Maestreren esanetara. Aurreko asteburuan hasi zen 2024/2025 2. RFEF maila, eta Real Oviedoren kontra 5-2 galdu zuen Osasuna B-k. Asteburuan Osasuna B-k Racing Santander hartuko du Taxoaren.

  • Urbasako Igoeran izena emateko epea zabalik dute pilotuek. Sakana Motorsportek irailaren 23ko 22:00ak arte edo tokiak bukatu arteko epea jarri die pilotuei. Urriaren 5ean jokatuko da Urbasako igoera, eta martxan dago Sakana Motorsport eskuderia. Berriki aurtengo kartela eta ordutegia aurkeztu zuen eskuderia sakandarrak, eta orain izena emateko epea zabaldu du. Pilotuek irailaren 23ko 22:00ak arte dute izena emateko epea, edo tokiak bukatzen direnera arte. Onartutako pilotuen behin betiko zerrenda urriaren 2an argitaratuko du Sakana Motorsportek.